Maiatzaren 19an egin zen 2022ko Arabako Enpresen Foroaren lehen saioa Europa Biltzar Etxean (Gasteiz). Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak martxan jarritako foroa da, Lanabes ekimenaren barruan, Arabako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko. Bai Euskarari Elkarteak du foroa kudeatzeako ardura.
Lehen saio honetan Elhuyar eta Fagor Taldeko ordezkari bana euskara plan arrakastatsuetaz aritu ziren; gako garrantzitsu asko eman zituzten ezagutzera. Horren ostean, enpresetako ordezkariak taldeka banatuta euskaran aurrera egin nahi duen enpresa baten testuinguru ideala irudikatu zuten.
‘Norena da euskara plana?’
Lehenengo Elhuyar-eko Aholkularitza koordinatzaile Maddi Etxebarriak hartu zuen hitza. Elhuyarrek berak egindako ‘Norena da euskara plana?’ ikerketan oinarrituta, hainbat argibide eman zizkien bertaratutako enpresetako kideei eta azpimarratu zuen euskara planek enpresa asko arlo zein zentzu askotan eraldatu izan dituela. Horrez gain, gogora ekarri zuen “enpresetako zuzendariak plana garatzerakoan eredu izan behar” direla eta “enpresetan hasieratik argi izan behar dela zein den egoera eta zer baliabide jartzeko prest” dauden, besteak beste.
Bide luzekoa eta etengabekoa
Horren ostean, Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradun Leire Okarantzak hartu zuen hitza. Fagor Taldeak ibilbide oso emankorra egin du euskara planei dagokionez eta orain gutxi Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Anton Abbadia Saria jaso berri du.
Okarantzak honako gakoak zerrendatu zituen: ildo estrategikoak definitu; proiektu jabetza partekatua izatea; norbanakoen konpromisoa; erakundearen babesa; eta aholkularitza jasotzea.
Horrez gain, Fagor Taldeko kooperatiba handiena den Fagor Ederlan-en adibidea azaldu zuen, baina azpimarratu zuen euskara planen proiektua bide luzekoa eta etengabekoa izan behar duela, eta enpresa bakoitzak bere erritmo propioa izan behar duela. Horretarako, ezinbestekotzat hartu zituen hiru gako hauek bermatzea: baliabideak, jarraipena eta koherentzia.
Testuinguru ideala, taldean
Aurtengo lehen saioari bukaera emateko, bertaratutakoek taldeka banatuta euskararen bidean enpresa baten testuinguru idela irudikatu zuten, Langileak, Enpresa, Zuzendaritza eta Estrategia arloetatik eraginda.
Aurtengo foroaren argazki gehiago dituzue hemen.
Iaz parte hartu zuten enpresei berri batzuk gehitu zaizkie, eta ekimena gero eta jendetsuagoa eta parte-hartzaileagoa da. Enpresa hauek ari dira parte hartzen: Mutualia, La Vitoriana, Sirimiri Zerbitzu Soziokulturalak, EBA S.L., Ludoland, SEA Arabako enpresariak, Orona - Electra Vitoria, Ega Master, RPK, Uriarte Industrial, Oreka IT, Artepan-Mamia, El Corte Inglés, Mondragon Korporazioa, Vital Fundazioa eta Ciudad Jardin LHII.
Hurrengo saioa ekainaren 8an izango da, eta izea emateko epea zabalik dago:
Do a comment