Arantxa Iraola kazetariak Berria-n egindako Lan eta bizi euskaraz erreportaje seriea ekarri dugu blogera. Hiru erreportajeek Bai Euskarari Elkartearen leloa hartzeaz gain (Lan eta bizi euskaraz), elkartearen eragite esparruarekin bat egiten dute bete-betean.
Lehen erreportajean (Ia dena dago irabazteko), eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera arautzen duen lege esparrua aipatzen da. Erreportajeak dioen moduan «ezdeusak» dira eskakizunak, eta soilik Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara begirakoak; baina badira esperientzia interesgarriak. Besteren artean, Ibon Arrizabalaga de Mingo Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak esanak bildu ditu bertan.
Bigarren erreportajean (Hamaika zio euskaraz aritzeko), euskara lanean txertatu duten enpresen adibideak biltzen dira. Tartean, Bai Euskarari komunitateko entitate hauenak: EGA Master, Kide aholkularitza, Kaxeta liburudenda, Atabal aretoa eta Gaimaz.
Hirugarren atala Iraitz Perez de Goldarazena eta Rober Gutiérrezi egindako elkarrizketa bat da: «Euskararen hizkuntza politika oso periferikoa da». Oreka IT-ko zuzendaria eta Bai Euskarari Elkarteko zuzendaritzako kide da Goldarazena eta urte luzez Bai Euskarari Elkartearen zuzendari izandakoa Gutiérrez. Biak bat datoz: "enpresetan euskararen egoera ahula da".
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Do a comment