JEZ sistemas ferroviariosek eta IMH-k jaso dituzte lehenengo aldiz banatu diren Bai Euskarari Sariak

kuadrillazartium.JPG

Hainbat enpresa eta gizarte erakundek bai euskarari ziurtagiriaren aldeko apustua berretsi dute Artium museoan. Bretainako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko arlo sozio-ekonomikoan hizkuntza normalizatzeko elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute hiru herrialdeetako ordezkariek.

Ziurtagiriaren Elkarteak lehen aldiz Bai Euskarari Sariak eman dizkie Euskal Herriko bi entitateri, haiek euskara enpresan txertatzeko aurrera eramandako ekintza bana sarituz. JEZ Sistemas Ferroviarios enpresa eta IMH – Makina Erremintaren Institutua izan dira Bai Euskarari Sarien lehen edizio honetako sarituak. Halaxe jakinarazi du Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak gaur goizean Koldo Mitxelenan egindako prentsaurrekoan, eta iluntzean Gasteizko Artiumen egindako ekitaldian banatu dizkiete sariak Gutiérrezek berak eta Arabako Kultura Diputatu Lorena López de Lacallek.  

Kultur Agendaren bidez enpresa barnean eragin eta euskara erabiltzeko motibazioa sortu duelako; eta horrez gainera, bere ingurune hurbilean, hau da, Laudion, euskararen arloan erreferente bilakatzeko balio izan duelako eman dio Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Saria JEZ Sistemas Ferroviarios enpresari. Peli Ortiz de Zaratek jaso du saria, oso “pozik eta eskertuta” agertu da, eta azaldu du inguruan aitzindaria izateaz gain, euskal kulturarekin zer ikusia duten hainbat ekintza antolatu ohi dituztela JEZen: “Gainera, JEZ-eko langileek euskararen alde egiten duten lana eta orokorrean enpresak euskararekin duen konpromisoa ere azpimarratu behar dira”.

Beste Bai Euskarari Saria euskararen alde egindako ibilbide osoarengatik IMH – Makina Erremintaren Institutuari eman dio Ziurtagiriaren Elkarteak: erantzukizunaren ikuspegi etikotik abiatuta, zerbitzua euskaraz eskaintzeaz gain, lan-hizkuntza ere euskara izatea lortzeko eman dituen aurrerapausoengatik, hain zuzen ere. IMH-k aipatu dugun guztia erakundetu eta sistematizatu egin du gainera, Hizkuntzak Kudeatzeko Sistemaren bitartez eta inguruarekin proaktibo jokatuz. Edurne Bilbao IMH-ko komunikazio arduraduna izan da Artiumen saria jasotzen eta besteak beste, EHUrekin  erabilera sustatzeko ikerketa proiektua eta merkatu azterketa martxan jarri dituztela aipatu du. “Euskarazko produktuak sustatzeko bezeroen segmentazio lana egin dugu, eta laugarren urtez 30+10 mintegia antolatu dugu: arlo sozio-ekonomikoaren hizkuntzaren kudeaketaren gaia urtero lantzen duen mintegi bakarra”. 

Bai Euskarari Sariak aurkeztu eta banatzeaz gain, Ziurtagiriaren Elkarteak, Ofis ar brezhoneg elkarte bretainarrak, eta 7dquatre Herrialde Katalanetako elkarteak indarrak metatu eta gaurtik aurrera elkarrekin lanean jarduteko hitzarmena sinatu dute tokian tokiko arlo sozio-ekonomikoan hizkuntza normalizatzeko. Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren esanetan, gaurko mundu globalizatuan eta etengabe berritzen aritu beharreko garaian, inoiz baino garrantzitsuagoa da hizkuntza txikiek beren lekua izatea: “Horretarako gure esperientziak partekatzea eta jakintza trukatzea ezinbestekoa da. Hala, garaietara egokituz, indartsu aurrera egiteko”.

Ofis ar brezhoneg, hots, Bretoieraren Elkartea, 1999 sortu zen arlo sozialean eta ekonomikoan eragiteko eta bretoiera garatzeko. Ordutik urrats esanguratsuak eman badituzte ere, Ofis ar brezhoneg elkarteko zuzendari Fulup Troversen esanetan, oraindik ere egoera delikatuan da bretoiera: “Bretainarrak horren kontziente dira kultura erakundeen ekintzei esker. Adibidez, eskola elebidunak hedatzen ari dira eta herri kolektibitateak hizkuntza politikak ezartzen hasiak dira egoera hau alda dadin”.

Dena den, Bretoiera ez da ofiziala eta UNESCOk galtzen ari diren hizkuntzen artean sailkatu du, orain arte eguneroko jardunean ez delako erabili: “Familietako transmisioaren gelditzearen ondorioz, hiztun kopurua asko jaitsi da. XX. mendearen hasieran milioi bat pertsona inguruk hitz egiten zuten bretoiera”. Horregatik guztiagatik XX. mendearen hondarrean bretoiera indartzeko lanean hasi ziren Ofis ar brezhoneg elkartean. Gaur egun, hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: bretoieraren behatokia; itzulpen eta aholku zerbitzuak; terminologia zentroa; hizkuntza ondarearen zentroa; eta garapen agentzia. Troversen esanetan, halere, aurrera eramandako ekimenik garrantzitsuena “Ya d´ar brezhoneg” (“Bai bretoierari”) izan da. Bai Euskarari proiektuan oinarritu ziren horretarako: “Entitate askok izenpetu dute akordioa. Orain Ziurtagiri bat proposatzen dugu bretoieraren aldeko ekintzak neurtzeko eta baloratzeko”.
 

7dquatre katalanaren erabilera sozialaren alde lanean ari den enpresa da. 2008an sortu zen 7dquatre eta helburu nagusi bat hartu zuen: eremu guztietan, baina batez ere sozio-ekonomikoan, katalanaren erabilera bultzatzea. Enpresaren zuzendari David Vila i Rosen hitzetan, lan munduan katalana txertatzeko ekimen gutxi zeuden eta horrexegatik hasi zen horretan: “Berebiziko garrantzia duen eremua da; izan ere, pertsonok ordu izugarri igarotzen ditugu lanean; eta bestetik uneoro gaude gizartean”. Hori hala, gaur egun, hizkuntza planak egiten dituzte enpresetan katalanaren erabilera bultzatzeko, eta certifiCAT-en bidez, enpresa horien hizkuntzari dagokionez martxan jarritako praktika onak errekonozitzen dituzte. CertifiCAT-a, 7dquatre baino lehen sortua da, 2007. urtearen amaieran, hain zuzen ere: “Bai Euskarari Ziurtagirian inspiratutako akreditazioa da, nahiz eta ondoren, katalanaren errealitate linguistikora moldatu genuen. Eta 7dquatre enpresa certifiCAT martxan jarri eta praktikara eramateko sortu zen”.


HAINBAT ENPRESA ETA GIZARTE ERAKUNDEK BAI EUSKARARI ZIURTAGIRIAREN ALDEKO APUSTUA BERRETSI DUTE ARTIUM MUSEOAN

Une honetan 1.520 entitatek daukate Ziurtagiria
Ziurtagiriaren Elkarteak urteko ekitaldi nagusia ospatu du gaur arratsaldean Gasteizko Artium museoan, Olatz Yarzak gidatuta. Gaurko ekitaldian, JEZ Sistemas Ferroviarios eta IMH-ri Bai Euskarari Sariak banatzeaz gainera, Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz aurrera eramandako “Kuadrillaz kuadrilla euskaraz” ekimenari amaiera eman zaio. Arabako kuadrilletan euskararen erabilera soziala bultzatzera bideratu denez ekimena, gaurko ekitaldian izan da Lorena López de Lacalle, Euskera, Kultura eta Kirol foru diputatua.

Horrezaz guziaz gain, Fulup Trovers eta David Vila i Rosen testigantzak entzun dira Bretainako nahiz Herrialde Katalanetako esperientziaren inguruan. Era berean, aurten Bilbao New York Bilbao liburuari esker Espainiako Narratiba Saria eskuratu duen Kirmen Uribek berak ere ekitaldian parte hartu du, errezitaldi bikain bat eskainiz. Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Sarien lehen edizioa ospatzeaz gain, Bai Euskarari Laguna izeneko figura ere sortu du eta Kirmen Uribe egin du Bai Euskarari Laguna.

Aipaturiko guztiaz gain, eta ekitaldiari umore puntua jartzeko, ORTZAI antzerki taldearen emanaldia izan da. Baina beste ezeren gainetik, ekitaldiko benetako protagonista Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak izan dira. Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak Ziurtagiria eskuratu duten guztiei euskararen alde egiten duten lana aitortu die, eta arlo sozio ekonomikoa euskalduntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du: “Elkarlanean bide luzea egin dugu, baina asko dago oraindik egiteko. Beraz, indarrak batu eta lanean jarraitu behar dugu arlo sozio ekonomikoan euskara normaltasunez erabili arte”. Hori posible izan dadin, “den-denon parte-hartzea beharrezkoa” dela adierazi du.

Aipatutako guztiaren ondorioz eman dira Bai Euskarari Sariak. Baina, horrez gain, BAI ziurtagiridunen aldizkaria sortu du Ziurtagiriaren Elkarteak, eta ekitaldian aldizkaria aurkezteaz gain, bertaratu diren guztiei lehenengo ale bana eman zaie. Lehen ale honen ondotik, lau hilabetez behin argitaratuko da aldizkaria. Aldizkariaz gain, Kirmen Uriberen Bilbao New York Bilbao liburua ere oparitu zaie Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateei.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin