Ziurtagiriaren Elkarteak bi entitate saritu ditu Bai Euskarari Sarien bigarren edizioan, euskara enpresan txertatzeko helburuarekin aurrera eramandako ekintzengatik. Sariketa Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateen artean egin da. Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariaren eskutik Refractarios Kelsen enpresak eta Hirukide Ikastetxeak jaso dute Bai Euskarari Saria Donostiako Victoria Eugenia Club-ean egin den sarien banaketa-ekitaldian. Lehenengo edizioan, JEZ Sistemas Ferroviarios eta IMH – Makina Erremintaren Institutua izan ziren sarituak. Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusi ohiak, berriz, Bai Euskarari Laguna oroigarria jaso du bere ibilbide osoaren aitorpen gisa.
Errotulazioa, kanpo eta barneko dokumentazioa eta beste hainbat elementu euskaratzen egin duten ahaleginagatik; eta hornitzaileekin harremanak euskaraz izateko egin duten saiakeragatik (ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izan nahi dituztela adierazi baitiote hornitzaile bakoitzari aurrez-aurre eta idatziz) eman dio Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Saria Refractarios Kelsen-i. Ainhoa Montes Planifikazio eta Prozesu-kontrol saileko buruak jaso du saria, oso "pozik eta eskertuta" agertu da, eta azaldu du Bai Euskarari Ziurtagiria enpresaren erantzukizun sozial korporatiboaren ondorio dela eta benetan sinesten duelako hartu dituztela euskara enpresan txertatzeko neurriak, ez apaingarri huts moduan: "Barnera begira langileen motibazioa eta kohesioa areagotzeko balio izan dio Bai Euskarari Ziurtagiriak gure enpresari, eta kanpora begira, gizartearekin daukan konpromisoa asebetetzeko".
Beste Bai Euskarari Saria Tolosako Hirukide Ikastetxeari eman dio Ziurtagiriaren Elkarteak azken urteotan euskararen aldeko apustu nabarmena egin duelako: entitatean euskara txertatzeko, hizkuntza plangintza eratu eta hedatu dutelako, hain zuzen ere. Joseba Antxustegietxarte Hirukide Ikastetxeko Hizkuntza Plangintza arduraduna Victoria Eugenian egin den ekitaldian izan da eta, besteak beste, aipatu du, konpetentzietan oinarritutako curriculuma garatuz kalitatezko heziketa bermatzea dela Hirukide Ikastetxearen xede nagusia: "Horrexegatik, irakaskuntza akademikoan ez ezik, gelaz kanpoko ekintzetan ere (kirolak, aisialdi taldeak, begiraleen prestakuntzan, etab.) esfortzu handia ari gara egiten euskararen presentzia eta erabilpena areagotzeko. Pausu bat harago eman dugu eta gaur egun gelaz kanpoko ekintzetan dugu erronka nagusia". Emaitzak begi-bistan daude. Ikastetxe honek 2002ko irailean eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria. Oso ibilbide luzea egin du, baina baita oparoa ere. Iaz, Bai Euskarari Ziurtagiriaren 'Zerbitzua eta Lana Euskaraz' maila lortu baitzuen Hirukidek.
Azkenik, Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Laguna oroigarria Xabier Mendigureni eman dio euskararen normalizazioaren alde egindako lan guztiagatik. Bera izan da Bai Euskarari-ren irudiaren, kudeaketaren eta hedapenaren sustatzaile nagusia azken urteotan. Horrez gain, euskararekin loturiko beste hainbat lanetan ere aritua da eta hizkuntzaren normalizazioa lortzera bideratutako hamaika egitasmotan hartu du parte. Hunkituta eta pozarren agertu da Mendiguren, ez baitzuen sari hori inolaz ere espero: "Horrelako sariak inoiz ez dira espero izaten. Nik neuk ez behintzat. Eta ustekabean harrapatzen zaituzte, zeren burura etortzen zaizun lehena izaten da egin behar nuena egiten saiatzea besterik ez dudala egin. Baina pozik hartzen da norbaitek zugan pentsatu duela jakitea eta urteetan zehar egindako lana kontuan hartu duela ikustea".
Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezek, lehenik eta behin, Xabier Mendiguren, Refractarios Kelse eta Hirukide Ikastetxea zoriondu ditu, Jose Mari Agirretxe Porrotx lagun duela Lierni Agirrezabalak gidatu duen ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Bego Muruaga Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskararen Sustapenerako zuzendaria edota Ainhoa Beola Donostiako Hizkuntza Normalkuntzarako zinegotzia ere
Gutiérrezek gaur saria jaso dutenak ez ezik Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitate guztiak eta horien atzean lanean ari diren pertsona guztiak izan ditu gogoan. Izan ere, zuzendariaren arabera, gaur Victoria Eugenian elkartu diren lagunez gain, handik kanpora ere banako ugari daude euren eskualdean, herrian, auzoan, edota etxean euskara erabiltzeko hautua egina dutenak, euskaraz bizi nahi dutelako, euskaraz lan egin nahi dutelako, euskaraz erosi eta saldu nahi dutelako, euskaraz ikasi nahi dutelako, euskaraz dibertitu nahi dutelako edota euskaraz amestu nahi dutelako: "Hizkuntzak ez dira ezer, haiek erabili, bizi eta biziarazten dituzten pertsonarik gabe. Horregatik, zuon lana benetan eskertzekoa da, gizarte osoari eragitera iristen baita. Izan ere, ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan". Gaineratu du, bizitzako parte handi bat lanean ematen dugula eta beste parte hadi bat gainerakoen lana baliatzen; beraz, Gutiérrezen iritziz, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoak betetzen dituen espazioetan euskarari lekua egiteak.
Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek hizkuntzak kudeatu behar izaten dituzte eta Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariaren hitzetan hizkuntza hautatzeko garaian hiru faktorek eragiten dute nagusiki: legediak, merkatu irizpideak eta entitate horretako erantzukizun sozialak: "Euskararen lurraldeetan, urrats ausartak eman behar dira corpus juridikoari gagozkiolarik, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak babeste aldera. Administrazioari dagokio hizkuntza politika eraginkorra definitzearen lidergoa bere egitea eta euskaraz bizi ahal izatea baldintza politiko, juridiko, sozial eta ekonomiko egokiak bideratzea gizarte-eragileekin elkarlanean eta egoki koordinatuta".
Bai Euskarari Ziurtagiriak dagoeneko hamar urte eta erdiko ibilbidea egin duela gogoratu du Gutiérrezek jarraian. Bere esatean, indarrak batuta, ibilbide honetan guztian, proiektu eta egitasmo ugari eraman dituzte aurrera, eta etorkizunean ere urrats biziak ematen jarraitzeko asmoa dute. 2011n ez daudela geldirik egoteko eta aurrera begira are urrats biziagoak etorriko direla gaineratu du. Hala, Ziurtagiriaren Elkarteak urte honetarako aurreikusten dituen egitasmoak zerrendatu ditu: Bai Ziurtagiriaren Aldizkaria-ren paperezko edizioaren jarraitzea, aldizkari elektronikoa martxan jartzea, sektorekako egitasmoak antolatzea –besteak beste, jardunaldia Arabar Errioxako upategi batean edota Coffee Business delako-, eskualde nahiz herritako komertzio, elkarte eta enpresekin elkartzea Ziurtagiria hedatzeko, joan den urrian sortutako Enpresarean ekimena garatzea, edota sarean indarra egiten jarraitzea.
Gutiérrezek uste du, ordea, aipatutako guztia Ziurtagiriaren Elkarteak bakarrik ezin duela aurrera eraman, eta Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateen nahiz entitate horietan dauden pertsonen parte-hartzea ezinbestekoa dela, "argi baitago bakoitzak beretik hasi behar duela hondar aleak jartzen". Zentzu horretan, gaineratu du hizkuntzen biziberritzean liderrak behar direla, erreferenteak diren pertsonak: "Euskararen ezagutza eta erabilera areagotuko baditugu, euskaraz bizitzeko nahia dugun pertsonok gidaritza hartu behar dugu. Denok izan gaitezke eta denok izan behar dugu euskararen lider".
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin