Barañaingo eta Malerrekako zenbait enpresa, elkarte eta entitateek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dute

Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituen ostiral iluntzean bi banaketa ekitaldi ezberdinetan. Goiztiarrena Barañaingoa izan zen, iluntzeko 20:00etan hasi baitzen. Ordu laurden beranduago, eta 50 kilometroko tartean, Donezteben Malerrekako eragileek jaso zituzten Ziurtagiriak. Guztira, Nafarroako 75 enpresek, erakundeek eta entitateek jaso zituzten Bai Euskarari Ziurtagiriak. 

Ziurtagiriaren Elkarteak euskararen normalizazioan eragiteko helburuarekin Bai Euskarari Ziurtagiria jaso duten 75 enpresek, saltokiek eta bestelako entitateak egiten duten lanaren aitortza egin zuen joan den ostiral iluntzean, hilak 25, Donezteben, Malerrekako Euskara Mankomunitatearen egoitzan, eta Barañaingo udaletxean. Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldiak Malerrekako eta Barañaingo eragileek Ziurtagiriarekin daukaten gogobete maila altua islatu du, hamarretik zortzik berritu baitute aurreko urtean Ziurtagiriarekin sinatutako konpromisoa. Era berean, nabarmentzekoa da hamaika entitate berrik bat egin dutela egitasmoarekin: Malerrekako Artlepok, Arrate Estetikak, Ainhoa ile-apaindegiak, Ogi-Berrik, Sasoi Eraikuntzak, Zergalanek eta Iturengo Herriko Ostatuak, eta Barañaingo Beatriz Cubillas Barricart Farmaziak eta  Bildu, Izquierda-Ezkerra eta NaBai 2011 talde politikoek.

Malerrekako Mankomunitatearen egoitzan banatu ziren 40 Ziurtagirietatik hamaikak “Zerbitzua euskaraz” maila lortu dute eta gainontzeko guztiek, hots, 29k, “Bidean” maila. Aipagarria da, era berean, Beintzako aterpetxeak, Kukuka haur arropa dendak eta Sabaia inmobiliariak maila igotzea lortu dutela eta zerbitzua euskaraz emateko gai direla.

Barañainen, berriz, banatu diren 35 Ziurtagirietatik hiruk “Zerbitzua eta lana euskaraz” maila lortu dute, beste lauk  “Zerbitzua euskaraz” maila, eta gainontzeko 28k “Bidean” maila. Harizti Dantza Taldea eta Mugarri Guraso Elkartea mailaz igo dira eta zerbitzua euskaraz emateko gai dira.

Rober Gutiérrezek Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak bi ekitaldien balorazio positiboa egin du, eta Bai Euskarari Ziurtagiria jaso duten entitateak zoriondu ondoren, norabide berean “urrats biziak” ematen jarraitzera animatu ditu Barañaingo zein Malerrekako eragileak, “arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioan paper garrantzitsua jokatzen dutelako”.

Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren iritziz, euskararen normalizazioan eraginkorrak izan nahi badugu, euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenei horretarako aukerak eta erraztasunak eman behar zaizkie. “Euskaraz lan egin nahi duten enpresa eta pertsonei bidea eman behar zaie eta euskaraz erosi nahi dugunoi erraztasunak eman behar zaizkigu. Nola egin daiteke hori? Eredu egokiak eskainiz, lege ausart eta egokien bitartez, epeak ezarriz, diru inbertsioak eginez eta diruz lagunduz urrats biziak eman nahi dituzten entitate, enpresa eta era guztietako establezimenduak”.

Zentzu horretan, Barañaingo Udalak eta Malerrekako Mankomunitateak erakutsi duten jarrera eskertu du.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin