Guillermo Dorronsoro (Sestao, 1965) Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatu zuen Enpresarean Azokan izan zen urriaren 2an, Sustraiak han dituena. Globalizazioa bertako begiez ikusita izena jarri dion hitzaldia ematen. Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Dekano izendatu berritan, A8an “bizi dela” onartu digu, “Donostiatik Bilbora eta Bilbotik Donostiara”. Lanpostu berria IK4ko presidente-orde karguarekin eta beste egitasmo pribatuetan egiten dituen kolaborazioekin uztartzen du.
Enpresarean Azokako lehenengo edizioan Sustraiak han dituena. Globalizazioa bertako begiez ikusita izeneko hitzaldia eman duzu. Zein da hitzaldiaren funtsa?
Askotan errepikatzen dudan kontzeptua errepikatu dut: sustraiak eta hegoak dituzten pertsonak behar ditugula.
Sustraiak eta hegoak?
Hegoak kanpora joan eta herrialde ezberdinetako esperientziak ezagutzera joateko eta hemengoa aberasteko, eta sustraiak, nora itzuli nahi duzun jakiteko eta joaten zaren lekura joanda ere, bertako ohiturak eta sustraiak errespetatzeko.
Entzuleak zein ideiarekin bueltatu behar dute etxera?
Sustraiak ditugula eta sustrai horiek enpresetan txertatu behar direla jabetzen badira pozik joango naiz etxera.
Sustraiak galdu ditugula uste duzu?
Horrela pentsatzen dut, bai. Orain arte izan ditugun kudeatzaileak diruagatik baino ez dira mugitu, dirua non kudeatzaileak han. Kapitalismo global honetan, gainera, jarrera horiek saritu dituzte eta horregatik gaude gauden bezala. Eta kontuz, dirua ere beharrezkoa da, baina beste motore asko daude –familia, lagunak, auzoa, eta abar–, eta horiek indartu eta egitasmoetan txertatu behar ditugu.
Ez al da mezu kontrajarria?
Izan liteke, baina bi kontzeptuak guztiz bateragarriak dira. Jarrera horrek konpromisoarekin du lotura, eta normalean zerbaitekin konprometitzen den pertsona edozerekin konprometitzen da. Nik horrelakoak ditut gogoko.
Zein iritzi daukazu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatu duen Enpresarean Azokaz?
Etorkizun handia ikusten diot zerbitzuak eta produktuak euskaraz ekoizten dituzten enpresen arteko azokari. Azkeneko hamarkada honetan, batez ere Gipuzkoan lanean nagoenetik, ohartu naiz enpresetan badagoela euskararekiko atxikimendua eta kezka, badagoela kontzientzia bat, Ziurtagiriak eskuratzen dituztela… Eta bide batez, gabezia bat dudala jabetu naiz: euskaraz aritzeko gaitasun eza. Are larriago, gabezia horrek nire mezuarekin talka egiten duela uste dut.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak egiten duen lana ezagutzen duzu?
Bai, eta txapela kentzeko modukoa dela iruditzen zait. Euskararen normalizazioan funtsezkoa da lan-mundua euskalduntzea, eta zentzu horretan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak egiten duen akuilu lana nabarmendu nahi nuke. Ni bezalako pertsonei zubiak jartzen dizkigute euskara ikasteko, eta ez hori bakarrik, euskarak prestigioa duela, euskaraz aritzea garrantzitsua dela, eguneroko lan-jardunean euskaraz jende asko ari dela edota euskarak atentzioa behar duela ikustarazten du eta oso positiboa iruditzen zait.
Euskaraz ezberdintzen gaituela argi dago. Baina euskarak hobeak egiten gaituela uste duzu?
Zalantza izpirik gabe. Hiru puntu nabarmenduko nituzke: lehena, euskara ama hizkuntza duen jendea bizi den ingurune edo esparru batean, haiekin euskaraz modu naturalean aritzeko gaitasuna izatea balio erantsia da guztiok atsegin dugulako geure hizkuntzan hitz egitea; bigarrena, erakundeetan gauza bera gertatzen da. Komunikazio bideak erraztu behar dira, eta euskaraz pentsatzen dutenei euskaraz hitz egiteko aukera ematea aberasgarria da komunikazio hobetzen duelako; eta azkenik, lehen aipatu dudan sustraien kontua. Gure sustraietan sinisten badugu, hots, gure lurraldean, gure kulturan, edota gure hizkuntzan, koherenteak izan behar dugu. Hizkuntza sustraiaren parte da, eta aldagai garrantzitsua, zaindu beharrekoa. Eta ikusi dugu zer gertatzen den zaintzen ez dugunean, galdetu bestela nire belaunaldiari.
Gaiaz erabat aldatuz, Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Dekano kargua estreinatu duzu ikasturte honetan. Zer moduz?
Zeregin berrietara egokitzen ari naiz, eta momentuz nahikoa lan badut. Deustuko Unibertsitateak Donostian eta Bilbon dauzka egoitzak, eta A8an bizi naizen sentsazioa dut, Bilbotik Donostiara eta Donostiatik Bilbora. Nire ibilbide profesionala nahiko dispertsoa izan da, lanpostu ugari izan ditudalako, eta etapa berri guztietan galdera bera egiten diot nire buruari: hemendik joaten naizenean zein ondare utziko dut?
Eta zerekin konformatuko zinateke?
Aritu naizen enpresa guztietan izan dudan obsesio berarekin jarraitzen dut: komunikazioa hobetzea. Nik ez ditut enpresak edo elkarteak ikusten, pertsonak ikusten ditut. Pertsona horiek egitasmoak partekatzen dituzte, eta horrek ematen dio balioa enpresari. Ikuspuntuak partekatu behar dira, inoiz ez dagoelako bakarra eta absolutua. Zentzu horretan, ikuspuntu ezberdinak ulertzeko gaitasun handia daukat, kontrajarriak izan arren. Biak uztartzen ahalegintzen naiz, aberasgarriak izan daitezkeelakoan.
Komunikazioa hobetzeaz gain, zer daukazu buruan?
Unibertsitate mundua aldatzen ari da, hezkuntza sistema bezala, eta aldaketa horietara egokitu beharra dago, eta horretan gabiltza. Ekonomia eta enpresa munduan kudeaketa sistema izugarri ari da aldatzen eta hori ere kontuan hartu behar da. Aldaketa guzti horietara egokitzea eta erronka berriei bide ematea da beste zereginetako bat.
Eta aldaketa prozesu honetan komunitate guztiaren parte-hartzea ezinbestekoa da. Prozesu honetan bi faktore uztartu behar dira. Batetik, sustraien balioa ulertu eta potentziatu behar da, eta bestetik, garaietara egokitzen jakin behar da eta aldaketa guztiak integratzen asmatu. Globalizazioak horrenbesteko indarra duen mundu honetan, hoberenak izaten ahalegindu behar dugu, erreferenteak izaten, Txinako ikasleek hona etortzea lortu behar dugu, hemengoa unibertsitaterik onena delako.
Eta bide onean zoazte?
Bai, baina halako aldaketek denbora behar dute. Eta gauzak aldatzeko gakoa jendearen parte-hartzea sustatzea da; jendeari erantzukizuna ematen diozunean hazi egiten da, eta izugarrizko proiekzioa duela ikusten duzu, garrantzitsua sentitzen delako. Nik hori ikusi dut, eta kontrako egoerak ere ezagutu ditut.
Barkatuko didazu, baina ezin dut elkarrizketa jarraitu krisi ekonomikoa aipatu gabe. Irakurri ditut egin dizkizuten hainbat elkarrizketa, eta azken aldian ez diot inori irakurri halako mezu positiborik. Gure irakurle asko enpresa eta komertzioetako arduradunak eta langileak direla kontuan hartuta, mezu hori errepikatzea nahiko nuke.
Perspektiba kontua da. Epe laburrera begiratzen ohituta gaude, ez daukagu burua altxa eta etorkizunean pentsatzeko ohiturarik. Ez dut ukatuko, datozen hilabeteak gogorrak izango dira. Baina burua altxa eta etorkizunari begiratzen badiot, eta gure historiari begiratzen badiot, baikor izateko arrazoiak dauzkagula uste dut.
Historiari begiratzen diozula esan duzu.
Bai, eta azalduko dizut. Nik ez dut imajinazioa landu behar krisialditik aterako garela irudikatzeko. Alderantziz, atzera begiratzen badut, krisi gehiago izan direla ohartzen naiz, eta krisi horietatik indarberrituta atera gara. Krisialdi guztiak amaitzean bi talde bereizten dira: indartuta atera direnena eta lur-jota geratu direnena. Gure herriak beti jakin izan du krisialdietatik indartuta ateratzen: lana eginez, sakrifikatuz, esfortzu ikaragarriarekin, konpromisoarekin, elkartasunez, errebelatuz, epe luzeko egitasmoak landuz… hau da, majo lana eginez. Baina atera da.
Zure iritziz, zein da krisi garaiak utziko duen arazo handiena?
Gizartea bi multzotan banatzen ari da; batetik, lana, soldata… dauzkagunak gaude, eta beste aldean lanik aurkitu ezinik dabiltzanak edota langabezian geratu direnak daude. Lubaki hori konpontzea nekeza izango da.
Gure irakurleei aholkurik ematen ausartzen al zara?
Kasu bakoitza aztertu beharko litzateke, errezeta orokorrik ez dagoelako. Baina hori esanda, iruditzen zait bide berriak zabaltzeko aldez aurretiko jarrera behar beharrezkoa dela. Krisi garai honek aldaketa estrukturalak ekarriko dituela konbentzituta nago, eta aldaketa horiek barneratu eta garai berrietara moldatu beharra dago. Gainontzean jokoz kanpo geratzeko arriskua areagotu egiten da.
Orduan, zure iritziz, zer egin beharko lukete?
Lehenik, aldaketa egun batetik bestera ez dela etorriko kontzientziatzea. Bestalde, elkarlanerako sinergiak bilatu behar dira. Azken aldian oso indibidualistak bihurtu gara, eta bakarrik ez dugu ezer lortuko. Beste aholku bat da elkarteetara gerturatzea, eta elkarteek ematen duten laguntza eta babesa baliatzea. Merkataria baldin bazara, merkatari elkartera jo eta galdetu zertan ari diren, laguntza eskatu…
Eskerrik asko, Guillermo. Beste ezer gaineratu nahiko zenuke?
Eskerrak eman nahiko nituzke ni bezalako pertsona bat Enpresarean Azokara gonbidatzeagatik eta zuen aldizkarian tartetxo bat egiteagatik. Euskararekin zorretan nagoela sentitzen dut.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin