Joxean Kerejeta: “Kopa Gasteizen jokatzea erakusleiho bikaina da klubarentzat eta hiriarentzat”

Esne-gozotan dabil azken bolada honetan Joxean Kerejeta (Lazkao, 1957) Saski Baskoniako presidentea. Zan Tabak aulkitxoan denetik taldeak gora egin du nabarmen, garaipenak pilatuz. Hori gutxi balitz, otsailaren 7tik 10era Kopa jokatuko da Buesa Arenan eta Gasteiz erakusleiho bikaina izango da kirol ekitaldia zuzenean jarraitzera etorriko diren 700 komunikabideen aurrean. Gainera, Deportivo Alaves ere bikain ari da bigarren mailara itzultzeko ahaleginean. Euskara, kirola, enpresa, kudeaketa, eta abar izan ditugu hizpide Saski Baskoniako presidente karguan 25 urte bete berri dituen Lazkaoko enpresa-gizonarekin.

Hasteko, kirol arloa. Caja Laboral Baskonian entrenatzaile aldaketa mesedegarria suertatu dela dirudi. Azken emaitzen irakurketa egitea baino ez dago.

Bai, bai, emaitzek ez dute gezurrik esaten. Orain arte 18 partida jokatu ditugu eta lehena galdu bagenuen ere –elkarrizketa urtarrilaren 23an egindakoa da. Urtarrilaren 24ean Caja Laboral Baskoniak Buesa Arenan Barçaren aurka Top16ko partida galdu zuen eta 17 garaipeneko bolada eten–, beste guztiak irabazi ditugu bata bestearen atzetik. Maila profesionalean, kirol jarduera edozein delarik ere, marka hori lortzea benetan zaila da.

Zan Tabak ez zen adituen kinieletan sartzen, eta neurri handi batean, hura ekartzea sorpresa handia izan zen. Zer eman dio Tabakek taldeari?

Gauza asko aldatu ditu, baina batez ere lasaitasuna ekarri du. Taldeari presioa kendu dio. Maila taktikoan, berriz, defentsako sistema asko aldatu ditu, eta taldeak hobera egin du. Horixe nabarmenduko nuke.

Garaipen bolada honetan entrenatzaileak bere esku-hartzea izango du, baina jokalariek zertan aldatu dute bere jarduna? Zer eskatu zenien entrenatzaile aldaketa erabaki zenutenean?

Ezertxo ere ez. Jokalariekin apenas hitz egiten dut halako kontuetaz. Hori entrenatzailearen ardura da. Baina egia da jokalariengan aldaketa sumatu dela. Duskok (Ivanovic) Baskonian lan izugarria egin du, denbora luzean gainera. Azkeneko hilabeteetan, ordea, taldea ez zebilen batere fin, jokoa ez zen ona. Jokalariak buru-makur kantxaratzen ziren, batere konfiantzarik gabe.

Tabakekin jokalariek bere maila berreskuratu dute, oso denbora tarte gutxian gainera.

Maila oneko jokalariak dauzkagu, eta haien jokoa ez zetorren bat daukaten kategoriarekin. Orain konfiantzaz ari dira; entrenatzailea minutuak banatzen ari da, eta jokalariek badakite azkar baino berandu bere aukera izango dutela. Minutuak banatuta, taldeak freskotasunean irabazi du, eta astean bi partida jokatzen dituen talde batentzat funtsezkoa da hori.

Zein dira denboraldi honetarako jarri dituzuen helburuak?

Ez naiz helburuak zehaztearen zale. Taldeari lehiakorra izateko eskatzen diot, eta sekula ez galtzeko ilusioa. Hortik aurrera lesioekin eta abarrekin zortea badaukagu, tituluen borrokan izateko gaitasuna daukagu. Eta noski, tituluren bat baldin badator, ongi-etorria izango da. Baina une honetan nahiago dut horretan ez pentsatzea. Taldeak aldarte hobea du eta joko mailan gora egin du, zaletuak ilusioz gainezka ditugu, baina bidea zaila eta luzea izango da. Hori izango da gure erronka, bidean suertatuko zaizkigun arazoei irtenbide egokia ematea.

Otsailaren 7an Endesa Ligako Kopa jokatuko da Buesa Arenan. Guztia prest?

Halako txapelketak antolatzen eskarmentu handia daukagu. Egia da egun gutxitan lan handia egin behar dela, baina gogotsu gaude. Batez ere klubarentzat eta hiriarentzat oso garrantzitsua delako halako txapelketa bat antolatzea.

Halako kirol ekitaldi batek zein onura ekartzen dizkio klubari?

Baskoniarentzat oso garrantzitsua da. Kontuan izan pabiloia berria dela, eta halako txapelketek izen ona emateaz gain, gurea bezalako pabiloia erabilgarria dela azaltzeko balio du. Kanpotik zaletu asko etorriko dira, eta komunikabideak ere 700dik gora izango dira.

Eta hiriari zer ekarri diezaioke?

Lau egunetan zortzi mila bisitari inguru izango ditugu hirian, eta jatetxe, hotel eta komertzioetan kontsumoak gora egingo du nabarmen. Krisi garaian, injekzio ekonomiko garrantzitsua izango da. Eta gero, irudiaren kontua dago, gure hiria munduko telebista guztietan agertuko baita. Erakusleiho bikaina izango da.

Zenbat bilera behar izan dituzue Kopa Gasteiza ekartzeko?

Halakoetan sukalde lana handia izaten da. Eta ez bakarrik ACBrekin; instituzioak, babesleak… erabateko adostasuna lortu behar dugu. Ilusioz ekin genion, eta badakizu esaera zaharrak zer dioen, gustuko lekuan ez dela maldarik izaten.

Kiroletik aldendu gabe, baina futbolera jauzi eginez. Saski Baskoniak Deportivo Alaves zuzentzen du 2011 urtea geroztik. Hemen ere aitzindariak izan zarete, orain arte futbol taldeek saskibaloi sekzioak osatzen zituztelako, eta zuen kasuan, alderantziz izan da.

Hala da, bai. Kasu honetan, ordea, gure esku-hartzea instituzioek eskatuta heldu zen. Momentuz, pozik gaude; arazo ekonomikoa iraultzen ari gara, eta kirol arloan, Bigarren B mailako gure multzoan sailkapeneko lehenengo postuan gaude.

Alavesena epe luzeko egitasmoa da? Helburua zein izango litzateke, Lehen Mailara itzultzea?

Bigarren B maila oso gogorra eta lehiakorra da. Epe laburrean helburua bigarren mailara igotzea da, eta aurten lortzen badugu, hobe. Epe luzera, ikusiko da. Premiazkoena klubak dituen arazo ekonomikoak zuzentzen joatea da. Lorpenak iritsiko dira, iritsi behar badute, baina bitartean lanean jarraitu behar dugu.

Saski Baskoniak Alaves kudeatzea zertan izan daiteke mesedegarri futbol taldearentzat?

Gure lan-taldeak esperientzia handia du kirol egiturak kudeatzen, eta esperientzia eta egitura hori Alavesen zerbitzura jarri dugu. Alavesek abantaila hori du, eta orain Alavesek baliabide ekonomiko gehiago dauzka bere mailako beste taldeekin lehiatzeko.

Kirol kudeaketa beste esparruetara eramanez, euskararen esparrura hain zuzen, zein kudeaketa mota beharko luke euskarak normalizaziorako bidean aurrera pausoak eman ditzan?

Profesionala, zalantzarik gabe. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean egiten duzuen lana eredugarria da zentzu horretan. Eta lan horretan sakondu beharra dago, hori baita bidea. Euskarak aurrerapauso itzelak eman ditu, baina ez da komeni lokartzea, lan handia dago egiteke.

Kirol egituretan ohituta zaudete hizkuntzak kudeatzen. Zein da Baskonian gailentzen den irizpidea? Eta euskarak zein leku du?

Ez daukagu irizpide finkorik. Urtetik urtera aldatu egiten da, entrenatzailearen araberakoa izaten da. Dusko Ivanovic-ekin, esaterako, guztia gazteleraz egiten zen. Zan Tabak-ek, aldiz, ingelesa eta gaztelera tartekatzen ditu. Jokalarien jatorria faktore garrantzitsua izaten da lanerako hizkuntza hautatzerakoan.

Eta euskarak zein leku du?

Klubean euskararen presentzia handia da, baina kantxan apenas du lekurik. Momentu honetan hemengo jokalari bakarra daukagu, eta euskaraz badakien arren, eta zenbait elkarrizketa euskaraz eman dituen arren, horretara mugatzen da.

Inpresioa daukat entrenatzaile euskaldun askok gaztelerara jotzen duela jokalariekin teknikaz eta taktikaz hitz egiteko. Kirol hiztegiak beharrezkoak direla uste dut egoera iraultzeko, eta noski, entrenatzaileen partetik euskararekiko konpromisoa. Konpartitzen duzu analisia?

Bai, egia da. Baina hori ez dut uste kluben lana denik, federazio eta instituzioek bideratu beharrekoa dela iruditzen zait. Haien ardura da. Klubetako arduradunok akuilu lana egin dezakegu, baina bakoitzak bere etxean, bere klubean. Erantzukizuna, zentzu horretan, besteena da.

Saski Baskoniak eta Alavesek Bai Euskarari Ziurtagiria daukate. Zein ekarpen egiten du Ziurtagiriak zuen klubetan?

Gure taldeak euskararekiko konpromiso sendoa du, eta Ziurtagiriak konpromiso hori sendotzen laguntzen du. Konpromisoa, gainera, epe luzekoa da, hemen jarraitzen dugun bitartean, behintzat, euskararen alde urratsak emateko prest gaude.

Eta alderantziz, zein ekarpen egin diezaiokezue euskarari?

Euskarari duen garrantzia ematea, hala komunikabideetan nola eguneroko lan jardunean. Hori da gure konpromisoa, eta horri eusten diogu. Bestalde, euskararen esparruan eta euskararen presentzia hobetzeko irits daitezkeen edozein proposamen aztertzeko prest gaude.

Saski Baskoniak euskararekiko duen politikagatik zenbait kritika jaso dituzue: webgunean ez daude eduki guztiak euskaraz, bazkideei bidaltzen diezuen aldizkarian gaztelera lehenesten da… Horren aurrean bestelako dinamikak martxan jartzea aurreikusten duzue?

Dinamika berriak abian jartzeko prest gaude, lehen ere esan dizut. Edozein modutan, Saski Baskoniak euskararekiko duen jarrera egokia dela iruditzen zait. Kritikak hor daude, beti egongo dira gainera. Zenbaitentzat ez da nahikoa izango egiten duguna, eta nahiko dute gauzak bere modura egitea. Edozein kasutan, uste dut orain arte euskararen alde lanean jardun dugula, eta etorkizunean ere jardungo dugula.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin