Ipar Euskal Herrian euskararen garapena eta erabilpena sustatuko duen ausardiako hitzarmena

  • Atzo, martxoak 7, sinatu genuen Baionan Euskal Monetarekin Ipar Euskal Herrian euskararen garapena eta erabilpena sustatuko duen hitzarmena
  • Atzoko agerraldian Eusko Monetaz eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteaz gain AEK, Behatokia, Euskal Konfederazioa eta Kontseilua izan ziren

Hitzarmena lau puntu hauetan garatuko da:

  • Prezioa. Euskal Moneta Elkartearekin edota Ziurtagiriarekin hitzarmena sinatu duten enpresa, elkarte eta gainerako entitateek kotizazioaren prezio erdia ordainduko dute aurrerantzean. Adibide bat jartzearren, Euskal Moneta Elkartearekin bat egin duen saltoki batek Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu nahi badu, prezio erdian hartu ahal izango du.
  • Itzulpena. Euskal Monetak bere kideen artean seinaletika euskarara itzultzeko kanpaina abiaraziko du. Horretarako, Euskal Moneta elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak duen itzulpen zerbitzua baliatuko du, hori bai, prezio abantailatsuan.
  • Komunikazioa. Hitzarmena sinatzen dugun bi elkarteok gutun bana helaraziko diegu gure kideei gaur sinatu dugunaren berri emateko.
  • Kidetzea. Hitzarmen honen bidez, guk Euskal Moneta Elkarteko kide egiteko konpromisoa hartu dugu, eta Euskal Moneta Elkarteak Ziurtagiria eskuratzeko pausoak emateko konpromisoa hartu du.

Eusko Monetaren sarean dauden, edota sartu nahi duten enpresa orok euskarari edota ingurugiroari lotutako engaiamendu (konpromiso) bat hartu behar du. Euskal moneta sarean sartzen diren enpresek euskararen aldeko engaiamendua hartzen dutenean bi aukera dituzte: seinaletika euskalduntzea edo harrerako euskalduna ematea. Azken hau egiteko AEKrekin 20 orduko klaseak ematea adostu dute.  Euskal Konfederazioak, Behatokiak eta Kontseiluak ekimena babestu dute bakoitzak bere arloa jorratuz. Euskal Konfederazioak babes soila eman du. Behatokiak hizkuntza eskubideen gaia landu du. Kontseiluak euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lotu du ekimena.

Engaiamendua lortze aldera lanean dabiltza Euskal Moneta elkartearen baitan dauden 261 hornitzaile. Hitzarmen honen bidez Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko erraztasuna izango dute Ipar Euskal Herriko era guztietako entitateek. Ihintza Aldanaren, Ziurtagiriaren Elkarteko teknikaren hitzetan: “Nahiz eta hemen euskara ofiziala ez izan eta erakundeen aldetik babes gutxi jaso, euskara dugu gure hizkuntza, gu geu egiten gaituena. Eta hezkuntzan, aisialdian, etxean eta kalean ez ezik, lan munduan ere euskara txertatzeko ahalegina egin behar dugu guztiok batera”.

Hala bada, hitzarmena aurrerapausoa dela eta Ziurtagiriak entitateei eslei diezaieken balioari dagokionean “Ziurtagiriak euskarak lanerako balio duela adierazten du. Eta gu, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean lanean gabiltzanok, konbentzituta gaude euskarak eguneroko lan-jardunean onurak ekartzen dituela. Azken batean, euskara apustu estrategikoa eta berritzailea da edozein eratako entitaterentzat” azpimarratu du Aldanak.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin