Lan mundua euskalduntzeko konferentzia antolatu dute ekainaren 13rako

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskarak lan munduan duen egoeraren inguruan hausnarketa egin du, aholkularitzen sektorean dabiltzan bazkideekin (Elhuyar Aholkularitza, Artez, Ahize, Emun, Iberba) eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearekin. Halaber, lan munduko beste eragileekin hausnarketa hori partekatu du. Ondorio horiekin guztiekin LAN MUNDUA EUSKALDUNTZEKO KONFERENTZIA antolatu du ekainaren 13rako.

Iazko ekainean euskarak lan munduan bizi duen egoerarekin kezkatuta, aholkularitzen sektorean lan egiten dugun Kontseiluko bazkideek gogoetarako deia egin zieten lan munduko eragile desberdinei. Orduan egoeraren diagnostikoa egin eta elkarbanatu beharraz eta aurrera begirako proposamenei buruz hausnartu beharraz hitz egin zuten.

Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaok adierazi duenez, tarte honetan jada lan munduaren euskalduntzean lanean ari diren eragileek egoeraren diagnostikoa egin eta sektoreko eragile garrantzitsuenekin hausnarketa prozesua garatu dute. “Enpresariekin, sindikatuekin, kontsumitzaileen elkarteekin zein administrazioko ordezkariekin hitz egin dugu egoeraren gainean” adierazi du Paul Bilbaok. Lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurri hauen inguruan aritu dira eragile horiekin guztiekin:

  1. - Normalizaziorako espazioen euskalduntzeak duen garrantziaz
  2. - Hizkuntza-politiken eta arauaren funtzioaz
  3. - Enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta behar dituzten bitartekoez edota laguntzez
  4. - Bezeroek honetan laguntzeko jokatu dezaketen paperaz…

Orain abian jarritako prozesu horretan pauso berriak emateko tenorea iritsi dela uste du Kontseiluak. “Lan munduan zeresana duten lau eremu nagusiei, alegia, enpresariei, langileei, administrazioari zein herritarrei, gaiaren inguruan hitz egiteko plaza eskaini nahi diegu eta horretarako Kontseiluan parte hartzen dugun aholkularitzok Lan mundua euskalduntzeko konferentzia antolatu dugu ekainaren 13rako” zehaztu du Bilbaok.

Konferentzia Arrasateko GARAIA berrikuntza-zentroan izango da eta bertan lau eremu nagusi horietako bakoitzak bere tartea izango du:

  1. - Euskaraz lan egin nahi dut: Sindikalgintzaren ekarpena
  2. - Euskaraz saldu nahi dut: Enpresa traktoreen ekarpena
  3. - Euskaraz erosi nahi dut: Kontsumitzaileen ekarpena

Paul Bilbaok adierazi duenez, horretaz gain, eta administrazioari dagokionez, kanpoko esperientzia baten berri ere izango da. Horretarako Kataluniako Generalitat-eko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Orokorretik Hizkuntza-Araubiderako buru Joan Ramon Solé Durany jaunak bertan abian jarritako politiken berri emango du.

Amaitzeko, iaz jarritako prozesuari amaiera emateko eta etorkizunerako lan-lerroak aurkezteari begira, Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko prestatu duen adierazpenaren berri ere emango du.

“Gero eta gehiago gara geure herrian euskaraz bizi nahi dutideiarekin bat egin eta euskaraz bizitzeko hautua egiten dugun herritarrak eta ondorioz baita enpresa, erakunde zein bestelako eragileak ere” adierazi dute eta amaitzeko hau gaineratu: “lan munduan pauso garrantzitsuak eman dira azken urte hauetan baina ezinbestekoak dira prozesua orokortzeko, azkartzeko, eraginkorrago bilakatzeko neurri berriak. Guztiok batera, elkarlanean, euskaraz biziz, lan mundua ere euskaldunduko dugu!”.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin