PuntuEus Fundazioak joan den larunbatean egindako agerraldian jakinarazi zuen ICANN erakundeak Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .eus domeinua onartu duela. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea Fundazioko kidea da. Jarraian, PuntuEus Fundazioaren adierazpena.
"Urtebete oso bat ebaluazio fasean eman ondoren, ICANN erakundeak Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .eus domeinua onartu duela jakin dugu. Iritsi da urteetako lana eta pazientzia eskatu duen prozesuaren emaitza. Euskararen herriaren nazioarteko aitortza: .eus lehen mailako Interneteko domeinu bat baita, hau da, komunitatearen garapen lokalerako tresna global bat.
Ibilbidea luzea izan da, proiektua jaio zenetik sei urte pasa baitira jada, eta lau urte proiektua aurkeztu genuenetik. Euskaltzaindiako egoitzan, hemen bertan egin genuen aurkezpen hartan, erronka bati heldu geniola adierazi genuen: euskara eta euskal kultura Interneten ikusgarri bilakatu nahi genituela; euskararen eta euskal kulturaren Interneteko presentziari, izanari, izena jarri nahi geniola.
Gure asmoak agertu genituen eta hurrengo lau urtetan ia isilik mantendu gara. Prozesuak hala eskatzen zuelako izan da. Bagenekien une hartan adierazi zizkiguten epeak ez zirela ziurrak eta prozesuak atzerapen handia jasan zezakeela. Eta hala izan zen azkenean: proiektua aurkeztu genuenetik hiru urtetara aurkeztu ahal izan genuen, ICANNen aurrean, .eus domeinuaren eskaria.
Prozesua luzatu eta atzeratzearen arrazoi nagusia, eska zitezkeen domeinu kopurua eta hauen izaera ziren. Prozesua gTLD (Generic Top Level Domain) domeinuei dagokie, hau da, lehen mailako domeinu orokor guztiei. Horregatik eskatu ahal izan dira .fiat edo .epson. Edo .helsinki edo .paris. Edo .blog edo .wiki. Edo .com arabieraz, japonieraz, korearrez, txineraz edota errusieraz. Baita .eus, .gal, .bzh eta .scot ere. Izen orokor guztiak ziren domeinu potentzialak eta, hortaz, eskari kopurua eta eska zitezkeen izaera ezberdinetako domeinu guztientzat baldintza eta ebaluazio irizpide berdinak definitzeak, eztabaida sakon eta luzeak sortu ditu bidean. Hori guztia ondo definitu arte ez zuen ICANNek gTLD berrien prozesua ireki eta hori 2012ko urtarrilean jazo zen.
Eskariak aurkezteko epearen barruan, 1930 eskari jaso zituen ICANNek. Horietatik 751 eskarik, 230 domeinuri erantzuten zieten. Adibidez, .blog 10 entitate ezberdinek eskatu zuten. 116 IDN eskatu ziren, alegia, domeinu izen internazionalak (arabiarrez, txineraz eta alfabeto latinoan ez dauden domeinuak) . Komunitateetan oinarritutako 84 eskatu ziren, .eus barne. 66 izen geografiko, .barcelona, .madrid, .paris eta gisakoak. Eremu geografikoaren arabera: 303 Asia Pazifikotik, 675 Europatik, 24 Latinoamerikatik, 17 Afrikatik eta 911 Ameriketako Estatu Batuetatik.
Hori horrela, .eus domeinua lortzeko urrats ezberdinak eman behar izan ditugu. Lehen urrats handia, 2008ko apirilaren 2an eman genuen, PuntuEus Elkartea sortzearekin. Hori izan zen Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea artikulatzeko lehen urratsa, ICANNen aurrean komunitatearen izenean domeinua eskatuko zuen erakunde bat behar genuelako. Hasiera batean 11 elkarte ezberdin batu ginen eta, lau urtetan, 60 elkarte txiki zein handi, publiko zein pribatu batu dira .eus proiektuaren inguruan (ikus eranskina).
Hurrengo urratsa, PuntuEus Fundazioa sortzea izan zen, domeinua eskatzen zuen erakundea izango baita, etorkizunean, domeinua administratu, kudeatu eta kontrolatuko duena. Horretxegatik, 2012ko martxoaren 6an, PuntuEus Elkarteak sortutako PuntuEus Fundazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen erregistroan sartu zen. Hasiera honetan, PuntuEus Elkartearen sortzaile izan zirenek osatzen dute patronatua, baina Fundazioaren estatutuetan agertzen den moduan, bi urtean behin aldatu egingo da eta, beraz, PuntuEus Elkarteko kide guztiek izango dute lekua. Une honetan, hauek dira patronatuan ordezkaritza duten erakundeak:
Zalantzarik gabe, urratsik garrantzitsuenetako bat, PuntuEus Fundazioak ICANNi .eus domeinuaren eskaria bidaltzea izan zen, 2012ko maiatzaren 28an. Eta ebaluazio fasea gaindituta, proiektuaren lehen inflexio puntuan kokatzen gara orain: ICANNek .eus domeinua onartu berri baitu.
Hurrengo hilabeteetan PuntuEus Fundazioak ICANNekin kontratua sinatuko du, PuntuEus Fundazioari .eus domeinuaren administrazioa, kontrola eta kudeaketa delegatuko zaizkiolarik. Eta ondoren, ICANNekin proba teknikoak egin behar ditugu, .eus martxan jarri daitekeela ziurtatzeko. Azkenik, .eus domeinuaren bigarren inflexio puntua etorriko da, urteetan itxarondako egun hori, non webguneak .eus domeinuarekin erregistratu ahal izango ditugun. Hori 2014ko apirila inguruan gertatuko da eta bitartean, PuntuEus Fundazioak egutegi, urrats eta aukera guztien berri emango du.
Esan bezala, PuntuEus Fundazioak egin zuen eskaria baina .eus domeinua lortu bada, ez da PuntuEus Fundazioaren lanari esker soilik izan. .eus domeinua onartzea milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoagatik izan da posible: egunero-egunero euskarazko Internet posible eta errealitate egiten duten horiei guztiei esker; Interneten euskaraz aritzen diren horiei guztiei esker; euskarazko tresnak eta denetariko aplikazioak sortzen eta erabiltzen dituzten horiei guztiei esker; eta noski, .eus domeinua lortzeko proiektua babestu duzuen horiei guztiei esker. Horiek gabe, ez dago Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitaterik sarean. Horiei esker, .eus domeinuak esanahia eta zentzua du. Eta konpromiso hori indartzera dator, hain zuzen, .eus domeinua.
Baina horretarako bidea hasi besterik ez da egin. ICANN erakundeak .eus domeinua onartzea fase berri baten hasiera besterik ez da. Prozesua ez da hemen bukatu. Alderantziz: .eus domeinuaren benetako ibilbidea oraintxe hasi da. Bospasei hilabete inguru beharko ditugu domeinua martxan jartzeko falta diren urratsak emateko. Eta behin martxan jarrita, domeinua erabiltzea, ikustea eta indartzea da .eus domeinuari zentzua emateko modua. Hain zuzen, horixe da, nazioarteko aitortzatik harago, euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua.
.eus txoko guztietan ikusteko eguna gero eta gertuago dago, .eus errealitate bat delako: jada, euskararen herrian badugulako datozkigun erroka berriei erantzuteko tresna bat gehiago. Eta ez edonolakoa: .eus domeinua komunitate oso bat elkarlotzeko gaitasuna duen tresna baita.
Eta hau guztia ospatzeko, datorren ostiralean, ekainaren 21ean, ekitaldi bat egingo dugu EHUko Paraninfoan, Bilboko Abandoibarran, 13:00ean hasita. Gonbidatuak zaudete.
Eskerrik asko."
Hemen, PuntuEus Fundazioko kide atxikiak:
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin