Gasteizko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Alfredo Iturricha Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuaren zinegotzia eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria izan dira arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzea helburu duen sinadura ekitaldian.
Gasteizko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean udaletxeko prentsa aretoan, bi eragileen arteko lankidetza publiko eginez. Hitzarmen honen bidez, bi entitateek 2014ko azaroaren 30era arte luzatuko den lankidetza arautu dute. Agerraldian azaldu dutenez, hitzarmenaren helburua da arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzea, lan horretan ari diren establezimenduen eta entitateen ahalegina aitortzea eta haiekin elkarlanean aritzea, erreferente berriak sortuz eta sare-lana bultzatuz.
Horretarako, Udalak 21.000 euro inbertitu ditu. Ziurtagiriaren Elkarteak, berriz, honako konpromiso hauek hartu ditu: komunikazio eta sustapen lana egitea; euskarak arlo sozio-ekonomikoan duen balioa azpimarratzea; eraginkortasunari begira, eragile interesgarriak identifikatzea eta haiei zuzentzea; kontuan hartzea Udalak babesten dituen ekimenen antolaketan aritzen diren enpresak eta entitateak; Ziurtagiria eskuratzeko interesa duten entitateei euren hizkuntza-egoeraren azterketa egitea–horretarako teknikari bat kontratatuko du; eta azkenik, egitasmoan parte hartzen duten entitateen erregistroa osatzea.
Hitzarmena, bereziki, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorera bideratuko dela jakinarazi dute. Era berean, emandako informazioaren arabera, hitzarmenean jasotzen da Gasteizen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten saltoki, taberna, jatetxe eta abarrek urteko kuotaren % 50eko beherapena jasoko dutela.
Aipatu sektoreez gain, Ziurtagiriaren Elkarteak Gasteizko Udala antolatzaile/laguntzaile gisa agertzen den ekitaldietan euskararen presentzia areagotzeko betebeharra izango du. Besteak beste, hizkuntza paisaian, aurkezpenetan, prentsaurrekotan, eta abarretan euskararen presentzia indartzea bilatzen du hitzarmenak.
Hitzarmen ekitaldian emandako datuen arabera, egun Gasteizen 39 saltokik, enpresek eta elkartek eskuratu dute Ziurtagiria. Horien artean bederatzik“Zerbitzua Euskaraz” maila dute eta gainontzeko hogeita hamaikak “Bidean” maila.
Bi aldeak, pozik
Bi aldeak pozik agertu dira hitzarmena sinatu berritan. Alfredo Iturricha Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuaren zinegotziaren hitzetan, “ Gasteizeko Udalak zazpi urte daramatza merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean euskararen erabilera sustatzen eta euskararen presentzia areagotzeko lanean. 2013an, esate baterako, 363 merkataritza establezimendu eta 138 ostalaritza lokal bisitatu genituen. Bisita hauetan euskararen presentzia areagotzeko euskarriak eskaintzen zaizkie enpresei (fakturak, kartelak, gaikako hiztegi txikiak…)”.
Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, “Udalaren eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen artean kolaborazioan aritzeko bidea zabaltzen duelako”. Bere iritziz, “hitzarmena tresna baliagarria da Gasteizko alor sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko. Gasteizko establezimenduetan, bezeroei, kontsumo-harremanak euskaraz izateko aukerak handitu behar zaizkie; halaber, Udalak babesten dituen eta urtean zehar gure hirian antolatzen diren ekimenetan euskararen presentzia nabarmen handiago izateko lan egin behar dugu”.
Amaitzeko, Gasteizko datu soziolinguistikoak jarri ditu mahai gainean, euskaraz izan duen bilakaera nabarmenduz. Azken datuen arabera, gazteiztarren % 15,5 elebidunak dira; eta kopurua izugarri handitzen da 5 eta 30 urte arteko biztanleen
artean, % 50 gaindituz. Gutiérrezen hitzetan, “etorkizuna euskaraz dator, eta guzti horiei euskara erabiltzeko aukera eman behar zaie. Hitzarmen honek eragina izango duelakoan nago, euskarari espazio berriak zabalduko baitizkio”.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin