Gasteizko arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzea helburu duen lankidetza-hitzarmena sinatu du Ziurtagiriaren Elkarteak Gasteizko Udalarekin. 2014ko azaroaren 30era arte luzatuko da, eta bitarte horretan erabilera sustatzeaz gain lan horretan ari diren establezimenduen eta entitateen ahalegina aitortu eta haiekin elkarlanean aritzeaz gain, erreferente berriak sortu eta sare-lana bultzatuko dugu.
Ziurtagiriaren Elkarteak honako konpromiso hauek hartu ditu: komunikazio eta sustapen lana egitea; euskarak arlo sozio-ekonomikoan duen balioa azpimarratzea; eraginkortasunari begira, eragile interesgarriak identifikatzea eta haiei zuzentzea; kontuan hartzea Udalak babesten dituen ekimenen antolaketan aritzen diren enpresak eta entitateak; Ziurtagiria eskuratzeko interesa duten entitateei euren hizkuntza-egoeraren azterketa egitea –horretarako pertsona bat kontratatu dugu–; eta azkenik, egitasmoan parte hartzen duten entitateen erregistroa osatzea.
Hitzarmena, bereziki, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorera bideratuko dugu. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Gasteizen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten saltoki, taberna, jatetxe eta abarrek urteko kuotaren % 50eko beherapena izango dutela. Horrela jasotzen da hitzarmenean.
Aipatu sektoreez gain, Ziurtagiriaren Elkarteak Gasteizko Udala antolatzaile/laguntzaile gisa agertzen den ekitaldietan euskararen presentzia areagotzeko lan egingo du. Besteak beste, hizkuntza paisaian, aurkezpenetan, prentsaurrekoetan, eta abarretan euskararen presentzia indartzea bilatzen du hitzarmenak.
Hitzarmenarekin, pozik
Bi aldeak pozik agertu dira lankidetza hitzarmenarekin. Alfredo Iturricha Gasteizko Udaleko Herritarren Zerbitzuen arloko zinegotziaren hitzetan, “hitzarmenarekin merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean euskararen erabilera sustatzeko eta euskararen presentzia areagotzeko aukera indartzen dugu”. Zinegotziak azaldu duenez, Gasteizeko Udalak zazpi urte daramatza lan horretan. “2013an, esate baterako, 363 merkataritza establezimendu eta 138 ostalaritza lokal bisitatu genituen. Bisita hauetan euskararen presentzia areagotzeko euskarriak eskaintzen zaizkie enpresei (fakturak, kartelak, gaikako hiztegi txikiak…)”.
Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, “Udalaren eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen artean kolaborazioan aritzeko bidea zabaltzen duelako”. Bere iritziz, “hitzarmena tresna baliagarria da Gasteizko alor sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko. Gasteizko establezimenduetan, bezeroei, kontsumo-harremanak euskaraz izateko aukerak handitu behar zaizkie; halaber, Udalak babesten dituen eta urtean zehar gure hirian antolatzen diren ekimenetan euskararen presentzia nabarmen handiago izateko lan egin behar dugu”.
Amaitzeko, Gasteizko datu soziolinguistikoak jarri ditu mahai gainean, euskaraz izan duen bilakaera nabarmenduz. Azken datuen arabera, gasteiztarren % 15,5 elebidunak dira; eta kopurua izugarri handitzen da 5 eta 30 urte arteko biztanleen artean, % 50 gaindituz. Gutiérrezen hitzetan, “etorkizuna euskaraz dator, eta guzti horiei euskara erabiltzeko aukera eman behar zaie. Hitzarmen honek eragina izango duelakoan nago, euskarari espazio berriak zabalduko baitizkio”.
Gaur gaurkoz, Gasteizen 40 saltokik, enpresek eta elkartek eskuratu dute Ziurtagiria.
Horietako hiruren testigantzak jaso ditugu: Jakintza liburu-denda, Anselmo Moreno zapata-denda eta Mendia optika. Hauxe da prestatu dugun galdetegia, eta azpian, erantzuak.
Begoña Knörr, Jakintza liburu-denda. “Bai Euskarari Ziurtagiria euskararekiko dudan konpromisoaren adierazgarri da”
1. Nik ez dakit euskaraz, eta bezeroekin gazteleraz aritzen naiz. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zait euskal hiztunak diren bezeroak eroso sentitzea, eta hori euskararekiko dudan konpromisoa adieraziz lortzen dut, kasu honetan Bai Euskarari Ziurtagiriarekin. Ez da euskal hiztunekin hartu dudan konpromiso bakarra; orain dela urte batzuk erronka bat jarri nion neure buruari: liburutegian saltzen ditudan euskarazko liburuen informazioa ematea. Gazteleraz ematen dut, noski, baina lagungarri suertatzen zaie.
2. Nire kasuan, kontziente naiz eragin gutxi dudala. Ezin izan dut euskara ikasi, eta nire adinarekin ez dut uste lortuko dudanik. Hori bai, kortesiazko agurrak eta abar euskaraz egiten saiatzen naiz. Baina bai, arrazoi duzu, gure sektoreak paper garrantzitsua jokatzen du euskararen erabileran.
3. Etorkizuna irudikatzeko gaitasunik ez daukat, eta ez nuke erantzuten asmatuko. Edozein kasutan, inpresioa daukat euskara maila oso oinarrizkoa dela, eta jakintzaren eta erabileraren artean dagoen aldea handiegia dela. Guztion erantzukizuna beharko luke alde hori murriztea.
Anselmo Moreno, Anselmo Moreno zapata-denda. “Euskarari gero eta leku gehiago egin diogu, bilakaera naturala izan da”
1. Zapata dendako langileek bultzatuta izan da. Nik ez dakit euskaraz, eta garai bateko langileek ere ez zuten hitz egiten. Azkeneko urteotan langile euskaldunak hartu ditut, eta euskarak presentzia irabazi du. Horrek bultzatuta, hizkuntza paisaia euskaraz ere jartzea izan zen hurrengo urratsa, eta gero Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea. Bilakaera naturala izan da, eta noski, belaunaldi berriek motibatuta, euskaldunak direlako.
2. Familia eta lagunartea garrantzitsuak dira, baina kaleak gero eta eragin handiagoa du hizkuntzen hautaketan. Eta kaleaz ari bagara, kalea gu gara: merkatariak eta ostalariak. Hortaz, ezinbestekoa iruditzen zait sektore hauetan euskara sustatzea.
3. Instituzioen papera azpimarratuko nuke. Normalean, haiek izaten dira baliabide gehien dituztenak, eta laguntza emateko moduan daudenak. Zentzu honetan, Gasteizko Udalak bideratu dituen kanpainak positiboak iruditzen zaizkit, ezagutzen ez dituzun errealitateen berri ematen baitizute. Gero, noski, bakoitzak berea jarri behar du. Sinistu egin behar da, eta guk sinisten dugu.
Kepa Mendia, Mendia optika. “Bezeroek euskaraz egiten badigute, erantzun beharko dugu negozioa norabide egokian bideratu nahi badugu”
1. Oso interesgarria iruditu zitzaigun zerbitzua euskaraz bermatzen dugula adierazten duen Ziurtagiria jasotzea. Konpetentziaren aurrean, esate baterako, bereizi egiten zarelako; bezeroak erakartzeko. Guztiok ezagutzen ditugu gaztelerazko bereizgarriak, zergatik ez euskaraz?
2. Eragina bistakoa da. Euskal hiztunekin euskaraz aritzen bazara, nolabaiteko hurbiltasuna lortzen duzu, giro berezi bat; harremanak errazagoak direla esango nuke. Horrela gertatzen denean, bezeroak irabazten du, guk irabazten dugu, baina batez ere euskarak irabazten du.
3. Gasteizen euskararen presentziak gora egin du nabarmen, eta etorkizunean are gehiago, horrela uste dut nik behintzat. Eta hori horrela izan dadin bi gako ikusten ditut: guztiok norabide berean aritzea ezinbestekoa da; eta bigarrena, bezero euskaldunen esku dago. Euskaraz hitz egiten badigute, eskaera horren aurrean erantzuna emateko prest egon behar dugu gure negozioak norabide egokian bideratu nahi baditugu behintzat.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin