Gasteizko ziurtagiridunen testigantzak

Gaur egun 40 dira Gasteizen Bai Euskarari Ziurtagiria kreditatzen dutenak. Guztiekin ezin hitz egin, eta horietako hiruren testigantzak jaso ditugu: Jakintza liburu-denda, Anselmo Moreno zapata-denda eta Mendia optika. Hiru galdera egin dizkiegu, eta jarraian, euren erantzunak.



  1. Zergatik erabaki zenuten Ziurtagiria eskuratzea?
  2. Merkatariak, ostalariak, oro har, zerbitzu enpresek harreman zuzena duzue erosleekin. Kontziente zarete euskararen erabileraren duzuen eraginaz?
  3. Nabarmentzeko modukoa da Gasteizek izan duen bilakaera soziolinguistikoa. Nola ikusten duzue etorkizuna? Zein neurri hartu behar dira (instituzioak, elkarteak, ostalariak, merkatariak, eta abar) euskararen presentzia areagotzeko?


Begoña Knörr, Jakintza liburu-denda. “Bai Euskarari Ziurtagiria euskararekiko dudan konpromisoaren adierazgarri da”

1. Nik ez dakit euskaraz, eta bezeroekin gazteleraz aritzen naiz. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zait euskal hiztunak diren bezeroak eroso sentitzea, eta hori euskararekiko dudan konpromisoa adieraziz lortzen dut, kasu honetan Bai Euskarari Ziurtagiriarekin. Ez da euskal hiztunekin hartu dudan konpromiso bakarra; orain dela urte batzuk erronka bat jarri nion neure buruari: liburutegian saltzen ditudan euskarazko liburuen informazioa ematea. Gazteleraz ematen dut, noski, baina lagungarri suertatzen zaie.

2. Nire kasuan, kontziente naiz eragin gutxi dudala. Ezin izan dut euskara ikasi, eta nire adinarekin ez dut uste lortuko dudanik. Hori bai, kortesiazko agurrak eta abar euskaraz egiten saiatzen naiz. Baina bai, arrazoi duzu, gure sektoreak paper garrantzitsua jokatzen du euskararen erabileran.

3. Etorkizuna irudikatzeko gaitasunik ez daukat, eta ez nuke erantzuten asmatuko. Edozein kasutan, inpresioa daukat euskara maila oso oinarrizkoa dela, eta jakintzaren eta erabileraren artean dagoen aldea handiegia dela. Guztion erantzukizuna beharko luke alde hori murriztea.


Anselmo Moreno, Anselmo Moreno zapata-denda. “Euskarari gero eta leku gehiago egin diogu, bilakaera naturala izan da”

1. Zapata dendako langileek bultzatuta izan da. Nik ez dakit euskaraz, eta garai bateko langileek ere ez zuten hitz egiten. Azkeneko urteotan langile euskaldunak hartu ditut, eta euskarak presentzia irabazi du. Horrek bultzatuta, hizkuntza paisaia euskaraz ere jartzea izan zen hurrengo urratsa, eta gero Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea. Bilakaera naturala izan da, eta noski, belaunaldi berriek motibatuta, euskaldunak direlako.

2. Familia eta lagunartea garrantzitsuak dira, baina kaleak gero eta eragin handiagoa du hizkuntzen hautaketan. Eta kaleaz ari bagara, kalea gu gara: merkatariak eta ostalariak. Hortaz, ezinbestekoa iruditzen zait sektore hauetan euskara sustatzea.

3. Instituzioen papera azpimarratuko nuke. Normalean, haiek izaten dira baliabide gehien dituztenak, eta laguntza emateko moduan daudenak. Zentzu honetan, Gasteizko Udalak bideratu dituen kanpainak positiboak iruditzen zaizkit, ezagutzen ez dituzun errealitateen berri ematen baitizute. Gero, noski, bakoitzak berea jarri behar du. Sinistu egin behar da, eta guk sinisten dugu.


Kepa Mendia, Mendia optika. “Bezeroek euskaraz egiten badigute, erantzun beharko dugu negozioa norabide egokian bideratu nahi badugu”

1. Oso interesgarria iruditu zitzaigun zerbitzua euskaraz bermatzen dugula adierazten duen Ziurtagiria jasotzea. Konpetentziaren aurrean, esate baterako, bereizi egiten zarelako; bezeroak erakartzeko. Guztiok ezagutzen ditugu gaztelerazko bereizgarriak, zergatik ez euskaraz?

2. Eragina bistakoa da. Euskal hiztunekin euskaraz aritzen bazara, nolabaiteko hurbiltasuna lortzen duzu, giro berezi bat; harremanak errazagoak direla esango nuke. Horrela gertatzen denean, bezeroak irabazten du, guk irabazten dugu, baina batez ere euskarak irabazten du.

3. Gasteizen euskararen presentziak gora egin du nabarmen, eta etorkizunean are gehiago, horrela uste dut nik behintzat. Eta hori horrela izan dadin bi gako ikusten ditut: guztiok norabide berean aritzea ezinbestekoa da; eta bigarrena, bezero euskaldunen esku dago. Euskaraz hitz egiten badigute, eskaera horren aurrean erantzuna emateko prest egon behar dugu gure negozioak norabide egokian bideratu nahi baditugu behintzat.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin