Kepa Mendia: "Bezeroa hasten bada zerbitzua euskaraz eskatzen eta euskaraz erosten, erdaldunak horren garrantziaz ohartuko dira"

kepa-mendiaweb.jpg

Mendia Optika Argantzunen jaio zen. Negozioa XIX. mendearen bukaeratik Gasteizko bihotzean kokatuta dago eta Arabako euskal komunitatean erreferente da euskarazko iragarkiak egin izanagatik eta arlo guztietan euskara bultzatzeagatik. Bai Euskarari Saria jaso du aurten Mendia Optikak. Haren jabe Kepa Mendiarekin izan gara solasean.

Lehenik eta behin, zorionak! Zer suposatzen du sari hau jasotzeak?
Poza, eta aurrera jarraitzeko bultzada eta akuilua ere bai, ardura pixka bat.

Kepa Mendia (Mendia Optika)

Bidean maila eskuratu duzue. Irudikatzen duzue besterik eskuratzea?
Zerbitzua euskaraz eskaintzearena lortzeko bidean gaude, baina lan guztia euskaraz egitea urrun ikusten dut. Hala ere, pausoak ematen gabiltza: bi lankide euskaldun kontratatu berri ditugu; webgunea bietara daukagu, euskaraz eta gaztelaniaz...

Urteetan ia basamortuan aritzeak Gasteizen euskal komunitatearen erreferente izatera eraman zaituzte. Nola hasi zineten?
Aita euskalduna ez, baina euskaltzalea zen. Ni euskaldundu nintzenean euskaldun batekin ezkondu nintzen, eta familian beti euskaraz egin dugu. Euskaltzale sutsu eta gaztea nintzen eta lanean ere euskaraz egin nahi nuen. Horregatik, hasi nintzen ingurukoak euskalduntzen. Eta, nahiz eta giro erdalduna nagusi izan, ez genuen kontrako jarrerarik izan.

Gasteizko komunitate erdaldunak aldatu ditu euskaldunak behatzeko begiak? Inbidia sanoa daukate?
Jendeari galdetuz gero, erdaldunei ere bai, euskararen aldeko jarrera nabarmentzen da. Alde horretatik, zailtasunik ez dago. Euskaldunekiko miresmena eta inbidia sanoa badago. Giroa ez dugu kontra. Guri dagokigu alde gogor egitea.

Eta asko aldatu da euskararen egoera Gasteizen?
Bai, aldatu da nabarmen. Euskaldunak askoz gehiago dira, euskara entzuten da askoz gehiago, baina kezka apur bat dut. Esango nuke gogoa edo militantzia apur bat moteldu dela.

Gasteizko merkatariak jakitun dira bezero euskaldunentzat hizkuntzak duen garrantziaz? Fideltasuna lantzen da...
Esperientziak esaten digu publizitatean eta zerbitzuak ematerakoan euskara erabiliz gero, emaitzak bestelakoak direla. Baina erdaldunek ez diote oraindik horri begiratzen. Horregatik, gerora oso inportantea izango da bezero euskaldunaren jarrera. Hasten bada zerbitzua euskaraz eskatzen eta euskaraz erosten, erdaldunak horren garrantziaz ohartuko dira.

Nola irudikatzen duzu euskararen etorkizuna Gasteizen?
Euskal Herria euskalduna benetan nahi badugu joera zintzoagoa behar dugu, guri dagokigu. Euskara gehiago erabili beharko genuke eta joera irmoarekin. Anje Duhaldek abesten duen gisan, Maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago.

Kepa Mendia (Mendia Optika)

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin