Kike Amonarriz: "Zer falta den, zerk egin duen huts, nora ez garen heldu ezin dugu ahaztu, baina nabarmendu eta ospatu behar dugu lortutakoa"

kike-amonarriz.jpg

Kike Amonarriz tolosarrak Euskal Filologia ikasi zuen, baina Euskalgintzaren soziolinguistikan dihardu buru-belarri aspalditik. Astero gure etxe gehienetara sartzen da eta berarekin euskararen hainbat aspektu telebistan aurkezten dituen saioei esker; azkena Tribuaren Berbak izenekoa. Bai Euskarari Laguna sariarekin euskararen alde egindako lana aitortu nahi izan dio Ziurtagiriaren Elkarteak.

Kike Amonarriz. Bai Euskarari Laguna Saria 2014Zorionak! Euskara etxeetara modu positibo eta naturalean sartzea lortu duzu.
Nire betiko obsesioa izan da. Aspaldi Lluis Vicent Aracil soziolinguistari entzun nion euskal komunitate linguistikoa, emigratzea mereziko lukeen lekua izatea lortu behar genuela. Hori izan da beti nire laneko planteamendua. Izan ditzakegu erasoak, zailtasunak, behar denean irakurketa negatiboa egin behar da, baina egoeraren aurreko jarrera beti izan behar da positiboa.

Zure lanean zer da gehien estimatzen duzuna? Eta harritzen zaituena?
Lan-giroa. Lana maitasunez egiten baduzu eta lantaldea inplikatuta badago, jendearengana errazago hel zaitezke. Ikusleekin eta parte-hartzaileekin dugun harremana da sari onena. Eta harritu? Carlos Cid madrildar petoak euskara nola eta zergatik ikasi duen jakitea; Eskoriatzako euskara ikasi duen Cubako Yuli ezagutzea; Iparralden zein La Puebla de Labarkan euskara berreskuratzeko egindako lana. Eta Tribuaren Berbak izaten ari den harrera itzela.

Nolakoa da euskararen egoera arlo sozioekonomikoan?
Arlo hau ezinbestekoa da, baina hastapenetan gaude. Ez badugu bermatzen ikasketak euskaraz egin dituztenek lana euskaraz egitea, kontrako efektua gerta daiteke. Gainera, lan mundua bilaka daiteke bestela euskara erabili ezin izaten dutenentzat aukera.

Zer deritzozu Bai Euskarari Ziurtagiriak arlo sozioekonomikoan egiten duen lana?
Oso garrantzitsua da euskararen erabilera bultzatu eta aurrera egin nahi dutenak aholkatu eta lagunduko duten erakundeak egotea. Ziurtagiriak helburuak gauzatzeko mugarri aproposak dira.

Zer egin beharko genuke euskararen egoera alor sozioekonomikoan hobetzeko?
Administrazioak, enpresariek, langileek, sindikatuek, kooperatibek norabide berean joan behar dute hizkuntzaren normalizazioan eta euskararen erabileraren aldeko urrats praktikoak eman. Hainbat enpresatan plangintzak ari dira garatzen, etiketekin eta saltoki erraldoiekin legedia aldetik aurrerapauso batzuk eman dira, baina euskararen eskaera handitzen joan beharra dago eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen bermeari begira aurrerapausoak eman behar dira.

Kike Amonarriz. Bai Euskarari Laguna Saria 2014Enpresarean ekimena ondo bideratuta dago?
Zentzu osoa dauka, oso zaila delako enpresa bakoitzak bere aldetik laguntzarik gabe horrelako ekinbide bati heltzea. Horrelakorik gabe nekez aurreratuko genukeen orain arte egin duguna.

Zer deritzozu euskararen inguruan lantzen den diskurtsoa, tonua?
Baldintza soziopolitikoak eta ekonomikoak ez dira lehengoak, eta gure diskurtsoak ere aldatu behar dira. Diskurtso aglutinatzaileagoak behar ditugu, kutsu historiko eta etniko gutxiagorekin, giza sektore gehiagok onartu ditzakeenak, orain arte euskaratik urrunago zeuden sektore batzuetara heltzeko. Askotan tonu ilunegia dute eta diskurtso baikorragoak erabil ditzakegu. Zer falta den, zerk egin duen huts, nora ez garen heldu ezin dugu ahaztu, baina nabarmendu eta ospatu behar dugu lortutakoa. Era berean, ezinbestekoa da gure herriko ohiko bitasun horrekin apurtu eta praktika adostuagoak bermatzea.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen diskurtsoak badu zer hobetu?
Bere kontzeptu eta diskurtsoarekin bat nator. Baina, euskalgintzaren alor guztietan bezala, jauzi kualitatiboa maila guztietako erakundeen eta euskalgintzaren lankidetza sendotu eta bikoiztasunak gainditzetik etorriko da.

Etorkizunera begira amets egin...
Segurtatzea ume guztiek euskara jakingo dutela. Aukera sendoak ditugu oinarrizko adostasun sozialetara heltzeko, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskara erabiltzeko esparruak eta baldintzak sortzeko. Ezinbestekoa da gizartearen inplikazio positiboa eta aktiboa. Gakoa da euskara ikasi duten eta familia erdaldunetatik datozen gazte horiek zer hizkuntza erabiliko duten etxean eta zer transmitituko dieten seme-alabei; eta euskara dakitenek zer nolako erabilera egingo duten.
 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin