Joseba Barandiaran ekonomialaria eta analistaren hausnarketek eman didate zer pentsatua. Krisia ez da oraingoz amaitu baina hazkundea errealitate bat da dagoeneko. Krisiaren ondorioz lan-baldintzak ezegonkortu dira, langabeziak gora egin du, errentaren banaketa aldatu da, kontsumoa moteldu da... Lehentasunak aldatu dira. Langabezian dagoenak edo bizimodu eskasa duenak ez dio etorkizunari itxaropenez begiratzen, nahiz eta adierazleek diotenaren arabera, orain dela pare bat urte baino hobeto ei gauden.
Hizkuntza-kudeaketaren aldagaiari begiratuta, euskarak enpresa arloan duen presentziari dagokionez, ez da garapen adierazgarririk izan. Testuinguru honek ere ez du lagundu enpresek aurretik euskara txertatzeko egin ez dituzten urratsak egin ditzaten, gehienek ez baitute beharrezkotzat eta lehentasunezkotzat jotzen, are gutxiago krisi garaian. Ingurumari honetan, egunerokotasunari aurre egitea da funtsezkoena. Zein ikasgai atera dugu? Ikasi al dugu ezer?
Askotan azpimarratu izan dugu euskarak laguntzen duela enpresak hobeto posizionatzen, baita krisi garaian ere, barrura zein kanpora begira. Eta horren jakitun, negozio-aukerak handitu nahi dituzten gero eta enpresa gehiagotan ari dira urratsak egiten eta hizkuntzen kudeaketari bere garrantzia aitortzen, une latzetan ere. Gero eta enpresa gehiago ari da, euren borondatez, euskaraz lan egiten, euskaraz kontsumitzeko aukerak areagotzen eta euskaraz bizitzea errazten. Horren eraginez, euskararen presentzia hazten ari da zerbitzuetan, industrian edo-eta arlo finantzarioan.
Baina bestelako neurriak behar dira, enpresen eta administrazioaren aldetik ez ezik, kontsumitzaile eta erabiltzaile garenon aldetik ere, Barandiaranek aipatzen duen moduan, enpresek sumatzen badute kontsumitzaile gisa euskarazko zerbitzua balioesten dugula, erreakzionatuko baitute. Gizakion ezaugarri eta tresna funtsezkoetako bat dira hizkuntzak. Horiek kontuan hartu gabe saldu nahi izatea zaila izan beharko litzateke...
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Euskal Herri osoko kontsumitzaile eta enpresei seinale bat eskaintzen die, ikur bat, bereizgarri bat kontsumitzaile eta erabiltzaile askorentzat. Espazio berriak irabazi behar ditugu kontsumo harremanetan. Horregatik, erabiltzaile eta kontsumitzaile garen heinean, administrazioei, enpresei eta norbanakooi dagokigu enpresa, produktu eta zerbitzu horiek lehenestea. Guri ere badagokigu euskaraz lan egiten edo-eta saltzen duten enpresak, saltokiak eta entitateak hobestea. Guri ere badagokigu eragile izatea. Kontua ekitea da. Euskara plaza publikoan jokatzen baita.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin