Urtearen lehen zatia oparoa izan da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean. Urtero bezala, ziurtagiria duten enpresen eta era guztietako entitateen segimendua egiten aritu gara, Bai Euskarari Sariak banatu ditugu, Enpresarean Foroa martxan jarri dugu eta entitate ugarik eskuratu dute lehen aldiz ziurtagiria. Abuztuan geldialdia egingo dugu, irailetik aurrera izango ditugun ekitaldi eta proiektuei aurre egiteko indarrak hartzeko. Hemen uzten dizuegu urtearen seihileko honek eman duenaren laburpentxo bat:
Urtero bezala, Bai Euskarari Sariak banatu ditugu. Aurtengo edizioan Euskal Herria Esneak, Nekaturrek eta Gaizka Garitanok jaso dituzte sariak.
Enpresarean Foroa jarri dugu martxan. Lehen hitzaldia David Sánchez Bote MIKeko Zuzendari Nagusiak eman zuen. Asmoa da hilero enpresei zuzendutako hitzaldiak eskaintzea:
Lehen hitzaldiaren kronika Mugikarian.
Beteberritzen egitasmoan parte hartu dugu eta bertan Enpresarean proiektua berrikuntza soziala ikuspegitik aztertzeko eta lantzeko aukera izan dugu.
Lana bilatzeko edo profesionalak aurkitzeko Lansarean.eus lan-ataria badoa pixkanaka izena hartzen. Iaz abian jarri zenetik, guztira 764 hautagaik eman dute izena eta 95 enpresa sartu dira langile bila. Batez beste, egunero-egunero 200-300 bisita izaten dira, astelehenetik ostiralera.
Urteko lehen seihilekoan segimendu eta ebaluazio-bilera ugari egin ditugu Euskal Herri osoan: 750etik gora entitaterekin bildu gara dagoeneko eta irailetik aurrera ere lanean jarraituko dugu, Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitate guztien urteroko segimendua egiteko.
Hilabete hauetan 50 bat entitatek eskuratu dute lehenengo aldiz Bai Euskarari Ziurtagiria. Lan eta bizi euskaraz egiteko lehen pausoa eman dute entitate horiek guztiek. Zorionak guztioi!
Otsailean 41 ziurtagiri banatu genituen Barañainen; horietatik bost, berriak.
Maiatzean 30 ziurtagiri banatu genituen Uztaritzen; 16 berriak.
Ziurtagiriaren Elkarteak egiten duen lanaren berri emateko bideo korporatiboa egin dugu aurten. Lau hizkuntzatan ikus daiteke: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Hemen duzue bideoa ikusgai:
Gure aldizkariaren bi zenbaki argitaratu ditugu: 17. zenbakia uztailean bertan kaleratu dugu: 16. zenbakia, maiatzean.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen proiektuen berri izan dezakezu uneoro gure webgunearen bidez. Bertan, buletinaren harpidetza egiteko aukera duzu.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin