Enpresarean Foroa: Joxemari Sors eta Jon Jaka

Euskal kulturaren pertsonifikazioak aurrez-aurre

sorsetajaka-enpresareanforoa-baieuskarari.png

"Euskal Kulturatik bizi, euskal kulturaren onerako"

Elkar Fundazioaren “guraso” bezala izendatu genezake Joxemari Sorsek eta Jon Jakak osatzen duten bikotea. Berrogei urteko ibilbidea egin dute elkarrekin, euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzan, sustapenean eta garapenean. Erretiro aktiboa hartu dutela, gizartearekiko izandako eta izaten jarraituko duten jarrera eraginkorra saritu nahi izan dugu Bai Euskarari Sariaren bidez.

Elkar Fundazioa gertutik ezagutu eta sekretu gehiago deskubritu nahian, hitzordua egin dugu Joxemari Sors eta Jon Jakarekin, Enpresarean Foro batean. Espero genuen bezala, orduak eta orduak pasa genitzakeen herri honen historiaren atal funtsezkoa den bikotearen istorioak entzuten.

Sors & Jaka

Batak bestearen burua aurkezteko eskatu diegu Elkarrek Donostian duen egoitzan, etxean bertan, eta agerian utzi dituzte haien arteko elkartasuna eta konplizitatea. Elkar Fundazioko lehendakaria da Joxemari Sors eta “primerako bidea” egin duela goraipatu nahi izan du bidelaguna den Jon Jakak, Elkar Fundazioko idazkariak. Sorsek ere, eskerrak eman dizkio urte hauetan, eta hasieratik, Joseba Jaka bere anaia zenarekin, euskal kultura sustatzeko izan duen jarrerarengatik eta Jakaren balioak nabarmendu ditu: elkarlana, umiltasuna, lan egiteko grina, profesionaltasuna eta militantismoa.

Euskara, kultura, enpresa eta etorkizuna izan dira elkarrizketaren ardatzak. Bata bestearen aurrean eseri dira, bizitakoak gogorarazteko eta aurrera begirako ilusioa eta bateratasuna azaleratzeko. Haiekin egon ondoren, argi dugu eskarmentua eta gizatasuna ez zaizkiela falta, ez eta umorea ere.

 

Elkarren lehen pausoak, euskaratik euskararako

Berrogei urte atzera egin dugu Elkarren sorrera ulertzeko. Orduan, euskararen egoera ez zen erraza eta kultura-produkzioa oso urria zen, ezkutukoa, zentsura zela eta. Jaka anaiak euskal kultura kalera ateratzen hasi ziren eta 1976. urtean, Franco diktadorearen heriotzaren ondoren, Bilintxen izenean ireki zuten lehenengo denda, orduko euskal material guzti hori plazaratzeko toki duin bat izateko. Bikoteak irribarre gozo batekin gogoratu du nolako arrakasta izan zuen irekierak, euskaraz gizarteratzea izugarrizko oihartzuna baitzen garai horretan. Bilintx ireki zutenetik, iparra argi izan zuten: “euskal kulturatik bizi, euskal kulturarako”. Jakak azaldu bezala, euskal kultura ogibide bilakatu zuten eta lortzen ziren etekin guztiak euskaran eta euskal kulturan berrinbertitu nahi izan dituzte betidanik. Gaur egun, hori bera da Elkar Fundazioa bizirik mantentzen duen eta indartzen duen filosofia.

 

Euskal kultura, industria

Euskal kulturaren industriari buruz aritu da bikotea. Euskarak eta kulturak aurrera egitea nahi badugu, elkarlanetik sorturiko industriaz hitz egitea ezinbestekoa dela nabarmendu du Elkarreko lehendakariak. Gaur egun, harro daude haien taldeaz eta beste batzuek horrelako pausoak ematea onuragarria izango litzatekela adierazi dute, bidelagunak izateko prestutasuna erakutsiz. Azken finean, elkarlana izan da Elkar Fundazioaren ibilbidea markatu duena eta, aurrera begira ere, horrela jarraitzeko asmoa dute, euskal kulturak elkarrekin lan eginez egiten baitu aurrera. Gizarte modernoan eta mundu zabalean kultura sortu, garatu eta zabaltzeko dauden giza baliabideei bitarteko ekonomikoak jartzea ezinbestekoa da, kultura eta ekonomia uztartzera jo behar da bete-betean. Horregatik arreta berezia izaten du Fundazioak euskal kulturarentzat azpiegitura eta egitura egokiak garatzeko garaian.

 

Baina, zer da Elkar Fundazioa?

“Munstro” eta “mundu globalizatua” hitzak entzun ditugun arren, “gizataldea” kontzeptuarekin gelditu gara. 450 pertsonek osatzen dute gaur egungo Fundazioa, ekoizpenean, liburu dendetan eta banaketaren alorrean lan egiten. Fundazioaren baloreak argiak dira: elkarlana, eredu soziala, lurraldekotasuna… baina giltzarria berrinbertsioa dela azpimarratu du Sorsek, dena euskal kulturatik eta euskal kulturarako bideratzen dutelako. Era berean, bertako jendearentzat produktuak bertan sortzea zein garrantzitsua den nabarmendu nahi izan du Jon Jakak, eta etorkizunean norabide beretik jarraitu behar dela gehitu du.

 

Euskal kultura vs. Paradigma berriak

Kulturaren kontsumoan aldaketa nabaria egon dela adierazi du bikoteak, paradigma berri baten aurrean gaude . Etorkizuna zein izango den asmatzea zaila den arren, argi dute mundu digitala gelditzeko etorri dela. Testuinguru horretan, bi arrisku ikusten dituzte: batetik, irakurlegoarengana iristeko zailtasuna eta, bestetik, enpresa indartsuen arteko lehia. Horren aurrean, instituzioei kulturan inbertitzeko deia egin diete, gizartearentzat onuragarria eta aberasgarria baita, ekonomikoki eta herri bezala hartuta.

 

Elkar eta gizartea etorkizunean

Elkarren etorkizuna giza-taldearen baloreetan oinarritu du Joxemari Sorsek, guztiz konbentziturik. Etorkizuneko gizarteari dagokionez, kontsumoa, lana, kultura, etab. euskaraz aktibatzeko beharra azpimarratu du. Jon Jakak itxaropentsu ikusten du Elkar, zuzendaritza talde berria proiektuarekin oso identifikatuta dagoelako. Gizarteari dagokionez, etorkizunean, bizitzako arlo desberdinetan euskararen ahalduntzearen beharra azpimarratu nahi izan du, batez ere, arlo profesionalean.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin