Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ‘Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2018an’ txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazten dizkioten bizipenetan oinarrituta, hizkuntza-eskubideei buruzko argazkia eskaintzen du urtero Behatokiak. Agerian geratu da, beste behin ere, ahoz zein idatziz euskaraz jarduteko zailtasunak daudela, eremu eta maila guztietan, mota guztietako zerbitzu eta jardueretan, baita lan esparruan eta kontsumo harremanetan ere.
Testuinguru honetan, administrazioen esku-hartzearekin batera eta herritarron eragite gaitasuna baliatuta, azpimarratu behar da enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek duten erantzukizuna. Era berean, babestu eta sustatu behar da alor sozioekonomikoan euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen laguntzen duten Bai Euskarari Ziurtagiria bezalako ekimenen balioa ere. Euskaraz lan egin ahal izateko, euskaraz saltzeko eta erosteko, euskaraz kontsumitu ahal izateko, finean, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko baldintza egokiak sortzen laguntzen baitute.
Bai Euskarari Elkarteak, ziurtagiriarekin batera, bestelako proiektuak ditu alor sozioekonomikoan euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeari begira. Horien artean, Euskaragileak enpresa batzordearen lana bereziki agerrarazi beharrekoa da. Bai aldizkariaren azken zenbakian protagonismoa eskaini diogu, garrantzizko baiteritzogu enpresa traktore hauek egiten ari diren lana gizarteratzeari. Gogorarazi nahi dut Bai Euskarari Elkartearena dela bide-erakusle hauen batzordea dinamizatzearen ardura, oraingoz administrazioen laguntzarik gabe.
Egile eta eragile dira Euskaragileak. Hizkuntza kudeaketan aurreratuta dauden eta eredugarri diren enpresa hauen gizarte erantzukizunetik, euskararen normalizazioan eragile izateko funtzioa betetzea proposatu zaie. Alegia, denok erabiltzen eta kudeatzen ditugu hizkuntzak gure egunerokoan eta, hori modu batera edo bestera egiteak, guztiok bihurtzen gaitu norabide bateko edo besteko eragile. Hortaz, enpresa hauen lidergoa aintzat hartuta, lan munduaren euskalduntzean urrats berriak emateko aukera zabaldu eta biderkatu daiteke.
Batzordea osatutakoan, denon artean aztertu eta zehaztu ziren Euskaragileen funtzioak: eragile aktiboa izatea, lan-munduaren euskalduntzean zeresana duten gainerako eragileen hizkuntza-politiketan eragiten saiatuz; eredugarri izatea, enpresen arteko sinergiak sustatzea, enpresa berriak erakartzea, bitartekari eta sustatzaile izatea eta eginiko bideari balioa ematea, prestigiatzea eta onurak erakustea. Halaber, ekimen ugari abiatu dira enpresa batzorde honetatik hornitzaileengan, gainerako enpresetan eta langileengan eragiteko.
Gure aldetik euskarak eremu sozioekonomikoan duen egoeran jauzia emateko lanean segituko dugu, ekarpena egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, baina, argi dugu horretarako bezero, hornitzaile, zuzendaritza-talde, langile eta administrazioaren bultzada ere ezinbestekoak direla. Ekin diezaiogun helburu berarekin lanean ari garenon arteko esperientzia, ezagutza, praktika on eta erronkak elkarrekin bideratzeari, aurrean dugun bide malkartsua arinduko baitugu hala.
Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin