Enpresentzat eredu izan nahi duten dokumentuak eta programak sortu dituzte Euskaragileek

euskaragileak-ereduak.png

Euskaragileak proiektua 2015ean jaio zenetik lanean aritu dira batzordea osatzen duten enpresak. Euskaragileek, eredu izateaz gain, eragile aktibo ere izan nahi dute eta eragite horretarako zenbait tresna sortzen jardun dute. Horren adibide dira beste enpresa batzuentzat eredu izan nahi duten dokumentu hauek: Hornitzaileei bidaltzeko gutun-eredua; langile berrien harrera-plan eredua; eta hezkuntza zentroen eta enpresen arteko hitzarmen-eredua.

Bai Euskarari Elkarteak du Euskaragileak proiektua sustatzearen ardura eta enpresa hauek osatzen dute batzordea: Cikautxo, Batz, Danobat Group, Eika, Elay, Elkar, Fagor Taldea, Goizper Group, IMH, Irizar, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Orkli.

Langile berrien harrera-plana

Enpresa guztietan langile berriak kontratatu eta berauek euren jardunean kokatzeko prozesuak garrantzia berezia du. Langile horiek enpresan egoki integratzeko eta ahalik eta arinen euren zereginak behar bezala bete ahal izateko prozesua izaten da hori.

Prozesu horretan garrantzia berezia du enpresaren baitan euskararen normalizazioari eta, oro har, hizkuntzen kudeaketari ematen zaion garrantzia eta tratamendua transmititzeak. Horretarako, langile horiei begira garatu ohi den harrera-planean hizkuntzaren aldagaia lantzeko eredu bat proposatzea erabaki zen Euskaragileak proiektuan.:

Ikastetxeekin hitzarmen-eredua

Euskaragileen batzordean enpresek ikastetxeekin duten harremanari garrantzia berezia eman zaio. Batetik, bi erakundeen arteko hizkuntza-harremanen ikuspegitik, baina batez ere, lan-mundura jauzia ematera doazen ikasle edota langile berriengan eragitearen ikuspegitik. Hori lantzeko, enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza hitzarmenak adostea proposatzen da.

Osatu den hitzarmen-ereduan bi entitate horien arteko lankidetzarako eredu posible bat mahai gaineratu nahi da.

Hemen deskarga dezakezue Euskaragileak batzordean landu den hezkuntza zentroen eta enpresen arteko hitzarmen-eredua

Hitzarmen-eredua (.doc)

Hornitzaileentzako gutun-eredua

Enpresen jarduera euskaraz garatzeko eta lan-munduaren euskalduntzean laguntzeko garrantzitsua da enpresek euren hornitzaile nagusiei zerbitzua euskaraz eskaintzeko eskaera luzatzea. Hornitzaileei bidaltzeko gutun-eredua sortu da:

Hornitzaileentzako gutun-eredua (.doc)

Euskaragiletu programa: bisitak eta kontakizunak

Euskaragileek euskararen normalizazio prozesuaren inguruko esperientzia zabala dute eta prozesu horrek izan ditzakeen gorabeherak eta horiei zer-nola aurre egin izan dieten ezagutzeak, balio handiko jakituria eskaintzen die. Ezagutza eta esperientzia hori guztia partekatzeko sortu da Euskaragiletu programa. Euskaragileekin beste enpresa batzuen bisitak jasotzeko sarea osatu eta lanketa sistematizatu nahi da programa honen bidez.

 

Euskaragileak proiektua

Lan-mundua euskalduntzeko adierazpenean (2013) jaso zen bezala, euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartzea eta beren ereduak ezagutzera ematea lagungarria da enpresei begirako lanketa egiteko. Asmo horrekin jaio zen 2015ean Euskaragileak proiektua; enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan eta euskararen erabilera normalizatua duten Euskal Herriko zenbait enpresek osatzen dute Euskaragileak enpresen batzordea.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin