Erraztu dezagun euskarazko kontsumoa

erraztu-euskarazko-kontsumoa.png

Euskara da kontsumitzaile eta merkatari irizpidedunen ezaugarria. Bertakoa, hurbila, ekologikoa, kalitatekoa kontsumitu nahi izaten dugu. Horregatik, euskararen aldagaiari garrantzia ematen dioten kontsumitzaile eta merkatari irizpidedun aktiboak giltzarri dira euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari direnak euskaraz kontsumitzera animatzeko, lehen hitza euskaraz egiteko, Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakarri eta bertan kontsumitzeko. Era berean, pauso horiek egitea garrantzitsua da inguruko gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartarazteko eta urratsak ematera eragiteko. Pixkanaka-pixkanaka, euskararen mapa osatzen joan gaitezen.

2018an martxan jarri genuen Gasteizen Lehen hitzak balio handia du kanpaina eta, horren arrakasta ikusita, Euskal Herri osora hedatu nahi dugu kanpainaren mezua: helburua da establezimendu eta kontsumitzaile euskaldunei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

Osatuko dugu mapa?

Une honetan 1.349 entitatek osatzen dute Euskal Herriko euskararen mapa eta gainontzeko merkatariak eta ostalariak gehitzera animatu nahi ditugu. Parte-hartzaileak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez identifikatuko dira, bakoitza dagokion mailarekin: 'Zerbitzua eta lana euskaraz', 'Zerbitzua euskaraz' eta 'Euskararen bidean'. Establezimenduek dagokien mailaren adierazgarri bat jasoko dute, kontsumitzaileei euskararen maparen parte direla erakusteko.

Gurekin harremanetan jarri aurretik auto-diagnostikoa egin dezakezu. Aplikazio honek zure erakundearen hizkuntza-egoera zein den ezagutzen lagunduko dizu.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin