COVID-19aren krisiak lehen erabiltzen ez genituen hainbat hitz eta esamolde egunero erabili beharra ekarri digu. Askotan gaztelaniaz edo frantsesez nola esan erraz xamar jakiten dugu, eta zailago egiten zaigu euskaraz nola esan edo idatzi jakitea.
Lan hori erraztu nahian, hitz ohikoenak jasotzeko saioa egin du Euskaltzaindiak UZEIrekin batera prestatu duen lexiko berrian. Hemen eskura dezakezue osatu duten hiztegitxoa: Koronabirusaren oinarrizko lexikoa.
Bestalde, hitz solteez gain, azken asteotan eguneroko bihurtu zaizkigu zenbait esamolde ere, batez ere saltokietan erabiltzeko.
Gure komunitateari ekarpena egiteko asmoz zenbait esamolde bildu ditugu gure baliabideen atalean eta nahiko genuke zuekin batera osatzen joatea. Zuen saltokian hemen agertzen ez den esaldi ohikoren bat erabiltzen baduzue edo ez badakizue nola esan euskaraz, partekatu, mesedez, gurekin info@baieuskarari.eus helbidera idatzita.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin