Aurreko asteotan lanean aritu gara Bai Euskarari komunitateari eskaintzen dizkiogun tresnak eta baliabideak hobetzeko eta berriak sortzeko. Era berean, datozen hilabeteotan komunitateko entitateei eskaintzeko neurri-zerrenda bat osatzen ari gara: intranet berritua, hizkuntza egoeraren segimendua egiteko fitxa berriak, baliabideen atala ziurtagiridunei egokitua, kartel txikiak edo itzulpen txikiak, etab.
Bestalde, Bai Euskarari Elkartearen egoera ekonomikoan ere eragiten ari da egoera hau. Gure aurrekontuan gutxienez % 25eko jaitsiera aurreikusi dugu. Horren jakitun, deskontuak eta bestelako neurriak lantzen ari gara komunitateari begira ere ahalik eta gutxien eragiteko. Elkar zaintzea eta elkar babestea da kontua. Une honetan komunitatearen elkartasunaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, ahal dugun neurrian elkar babestuz eta lagunduz.
Gainera, beste zenbait neurri onartu ditugu gastuak murrizteari eta aurrekontua egokitzeari begira... Guretzat, zalantzarik gabe, mingarriena izango da ekainaren 19rako aurreikusita zegoen Bai Euskarari Sarien ekitaldia ez ospatzea, besteak beste, bertan ziurtagiriaren proiektuaren 20. urteurrena ospatu behar genuelako.
Erabaki dugu aurtengoan ez direla hiru saridun egongo, 1.344 saridun baizik. Gure komunitatean jarraitzea, egoera latzenetan ere euskararen aldeko apustua egitea sarituko dugu aurten. Beraz, gure komunitateko entitate guztiei ZORIONAK eta ESKERRAK ematea besterik ez da gelditzen.
Argi dago aste hauetan egoera nabarmen aldatu dela, eta jabetu gara aurrera egiteko eta babesteko zein beharrezkoa dugun elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin