"Iraunkortasunak norbere balio proposamenean duen eragina kontrastatu eta proiektuak martxan jarri behar dira"

ibon-antero.jpg

Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Mondragon Korporazioko eraldaketa sozialerako ekintzen koordinatzaile den Ibon Anterok. 2030 Agendaren inguruan jardun dugu berarekin, Enpresarean Azokaren bosgarren edizioaren harira.

Mondragon Korporazioa nola hurbildu da 2030 Agendara eta Garapen Iraunkorreko Helburuetara?

Kooperatiba ereduak zein ekarpen egiten dio gizarteari? Behin eta berriro egiten diogu galdera hori gure buruari. Eta oraingoan ere barrura begira jarri gara eta garen horretatik abiatu gara. Horrek guztiak harremana dauka Etorkizuneko Mondragonen ponentziarekin. Bertan jasotzen dira etorkizuneko erronak. Agendak oso ikuspegi zabala ematen du eta argazki horren kontra jarrita, ikusi dugu zer egiten dugun eta zertan hobetu dezakegun. Adibidez, kooperatiba askok, Eroski edo-eta Laboral, denbora dezente daramate iraunkortasunaren markoan lanean. Beste batzuk orain ari dira pausoak ematen eta gure lana da guztiok aurreratzen joatea. Harrera oso ona izan du, eta orohar ikusten den anbizio maila altua da.

Egin duzuen lanketan zein oztopo topatu duzue? Zein izan da lantzeko gairik zailena?

Kosta egiten zaigu argi luzeak piztu eta epe luzeko ikuspegia edukitzea. Bestalde, 2030 Agendak enpresaren jardunarekin daukan lotura ikusteko zailtasunak ditugu. Iraunkortasunak enpresa edo kooperatibaren jardunarekin duen erlazioa ikustea ez da berehalakoa. Ez da IPDK (COFIP) diruen banaketa kontua soilik, 2030 Agendaren garapena enpresaren lehiakortasunarekin oso lotuta dago eta hori ikustea ez da erraza.

Administrazioen gidaritza eta laguntza izan al duzue honetarako?

Administrazioek marko bat jartzen dute eta horrek guztiak laguntzen du. Norabide bat marrazten du. Europatik hasita, Jaurlaritzak eta Diputazioak ere badute bideorri hau, baita udal sareak ere. Badaude beste osagai batzuk, izan ere Mondragon eta kooperatibak bezeroen, kontsumitzaileen, eta langileen beharrak etengabe entzuten ari dira eta horrek ere laguntzen du. Esaterako, karbono aztarna gutxitzen joatea da bezeroen eta administrazioen eskaera, baita gizartearena ere. Langile kolektiboek ere gero eta kontzientzia gehiago dute. Finantzazioaren alorrean, mekanismo guztiak Agenda 2030arekin gero eta lotuago daude

GIHak lantzeak zein ekarpen eskaintzen dizuete kooperatibetan? 

Bi aipatuko nituzke. Egiten duguna balioan jartzeko aproposa da, izan ere, askotan ez gara ohartzen hortaz. Era berean, ditugun hutsuneak eta erronkak identifikatzen laguntzen digu. Berrikuntzarako palanka bat da Agenda 2030ek eskaintzen digun markoa. Era berean, elkarlan berriak sustatzeko aukera eskaintzen digu . Interkooperazioa sustatzen du baita kanpoko eragileekin ere.

Zer nolako inbertsioa egin behar dute enpresek GIHak euren estrategian txertatzeko?

Sektorea nola garatzen ari den ezagutu, interes-taldeek eskatzen dutena ezagutu, norbere sektorean nabarmenenak diren aldagaiak identifikatu, kontzientzia hartu eta azterketa diagnostiko zehatza egin behar da. Iraunkortasunak norbere balio proposamenean duen eragina kontrastatzea eta proiektuak martxan jartzea da kontua.

Zein balio erantsi ematen diote GIHek enpresei?

Gizarte, bezero, administrazio eta interes-talde desberdinen eskaerei erantzuteko gaitasuna ematen diete kooperatibei. Egiten duguna hobeto komunikatzeko hizkuntza bat ere bada.

Ba al da gairen bat Garapen Iraunkorretako Helburuetatik kanpo gelditzen dena eta zure iritziz garrantzitsua dena?

Kultur aniztasuna, identitatea, bi termino horiek ez dira esplizituki aipatzen eta hor badago gabezia bat. Hizkuntza gutxituetako agenteek salatu dute egoera hau hasiera-hasieratik. Kultur eta identitatearen aniztasun beharra dago eta hori nolabait kanpo gelditu da.

Nolako tratamendua eman diozue hizkuntzaren gaiari zuek? Non eta nola txertatu duzue hizkuntza ikuspegia eta zergatik?

Mondragoneko kooperatibek euskara eta euskal kultura betidanik babestu eta bultzatu dituzte. Inportantea da agenda honetan arlo horiek lantzen jarraitzea. Jasota geratu behar da, halaber, kultura eta nortasunaren erronka. Arlo horretan hezkuntza dago batetik eta, bestetik, enplegua eta lan duina izateko beharrezkoak diren gaitasunak; euskara gaitasun bat ere bada. Inportanteena ez da zein zenbakitan sartzen dugun (4, 8, 11..), baizik helburu horien markoan egotea, hori izango baita hamarkada honetako agenda eta hobetzeko ekintzak bultzatu eta garatzea.


#EnpresareanAzoka2020-ri buruzko zenbaki berezian argitaratutako elkarrizketa.

Ikusi aldizkaria:

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin