Jarrai dezagun #GeroaElkarrekinEraikiz, euskaratik eta euskaraz

babestu-komunitatea2.jpg

Gaur, abenduak 3, Euskararen Eguna da. Egunero ari gara alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko lanean eta, gaurkoan, bereziki gogoratu nahi dugu Bai Euskarari komunitatearekin: garai zailenetan ere euskaratik eta euskaraz lanean ari zareten guztiokin; egunero euskara lanean txertatzeko ahaleginean ari zaretenokin; euskara lehiakortasunerako giltzarri duzuenokin. Gaur, ospatzeko eguna dugu, baina baita aldarrikatzekoa ere. 

 

Euskara ongizaterako giltzarri

Euskara garapen iraunkorrerako giltzarri dela aldarrikatu nahi dugu berriz ere. Gure ongizatea eta lurraldearen garapena hizkuntzekin ere lotu behar dira, eta gurean, Euskal Herrian, euskara da gure ongizaterako giltzarri nagusietako bat. Egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posible egiten badugu, gure ongizatea eta lurraldearen garapena handiagoak izango dira. Bai Euskarari Ziurtagiriaren 20. urteurreneko artikuluan genioen bezala, gizartearentzat balioa eta aberastasuna sortzen eta gizartearen ongizatea areagotzen laguntzen jarraituko dugu. 

Komunitatea babesteko garaia da

Arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragitea da gure helburua eta horretarako ezinbesteko ditugu gure herrietako ostalariak, merkatariak, enpresa handi, ertain zein txikiak... Elkar zaintzeko garaia da, komunitatea babesteko garaia. Aurrera egiteko eta babesteko beharrezkoa dugu elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea, #GeroaElkarrekinEraikiz izango baitu euskarak presentzia handiagoa.

Jarrai dezagun #GeroaElkarrekinEraikiz, euskaratik eta euskaraz.

Erreportajea Berria-n

Euskararen Egunaren harira gehigarri berezia egin dute Berria egunkarian. Bai Euskarari Ziurtagiriaren inguruko erreportajea aurkituko duzue bertan.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin