"Herriak herriari egindako sekulako oparia da"

Ibai Sueskun, Errigora elkarteko ordezkaria

IbaiErauskin.JPG

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroako hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretako elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Bai Euskarari komunitateko kide da eta Bai Euskarari Saria jaso du aurten.

Bai Euskarari Saria jaso duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?

Pozgarria den berri bat da. Sari bat jasotzea beti da polita eta kasu honetan garrantzitsua da Errigorak euskarari egiten dion ekarpenagatik. Historikoki oso diskriminatua egon izan da euskara gure zonaldean. Nahiz eta futbol zelaia lokatzez beteta egon, badakigu bertan jokatzen, jendearen taupada hori entzuten eta poliki-poliki gauzak egiten. Gauza bat da administrazioari exigitu ahal dioguna, eta beste bat da gure esku dagoena. Aldatzeko aukera dago, eguneroko jarrerari eta lanari esker. Eta, batez ere, irakurtzen jakin behar dugu zein den egungo errealitatea eta praktika ezberdinak egin hankak lurrean izanda. 

Nola joan dira Errigoraren azken kanpainak?

Udazkenean egin genuen Euskarari puzka kanpaina eta nahiko ondo joan zen. 13.000 saski inguru banatu ziren eta berriro ere euskalgintzari ekarpena egiteko balio izan zuen: Sortzenek D eredua bultzatzeko, ikastolek euren beharrizanei erantzuteko eta AEK-k beka sistemari eusteko. Bestalde, Agerraldiak ere proiektu ezberdinak garatzeko finantzazioa lortu du. Herriak herriari egindako sekulako oparia da.

Bigarren kanpaina, Eskutik eskura, antzera joan da. Pasa den urtetik hona gora egin du kontserben salmentak eta olioarena jaitsi da apur bat. Dena dela, iazkoa ezohiko egoera izan zen, Ukrainako gerrak olioaren sukarra piztu baitzuen eta sekulako eskaera egon baitzen; aurten ohiko kopuruetara itzuli gara.

Oso pozik gaude. Elikadura burujabetzaren bidean urratsak ematen jarraitzen dugu. Era berean, oinarri batzuk finkatuta daudela berresten dugu eta poliki-poliki eskaintza ezberdinak ari gara martxan jartzen. Euskal Herri luze-zabalean ari gara banaketa egiten hainbat gune eta espaziotan.

Zein lan-ildo dituzue martxan euskara bultzatzeko? 

Lehenengo ildoa kanpainena da, Euskarari puzka eta Eskutik eskura. 

Bigarrena jantokietakoa da: enpresa, ikastetxe eta haurreskola ezberdinekin elkarlanean ari gara beraien jantokiak Nafarroa hegoaldeko produktuekin hornitzeko. Zergatik kontsumituko dugu kanpotik ekarritako tomate saltsa bat hemen bertan baldin badugu? Beste hainbeste arrozarekin, pastarekin edo piperrekin. 

Agerraldia da hirugarren ildoa eta hor proiektu txiki pila bat sortzen ari dira. Zonalde horretan euskarari bultzada emateko beharrezko subjetu bihurtzen ari da. 

Laugarren ildoa identifikatzailarena da. Bere bidez, Errigorako produktuak balore batzuk transmititzen ari direla ziurtatu nahi dugu: auzolana, euskara, bidezko harremana eta bertakotasuna. Identifikatzailearekin sekulako urratsa eman dugu. Ekoizleak proiektuarekiko koherentziaz eta kohesioz aritzea nahi dugu. Jarraipenerako mekanismo batzuk jarri ditugu eta ekoizleak beraiek dira autoebaluazioak egiten dituztenak. 

Bestalde, ekoizpenaren eremuan zenbait azterketa egiten ari gara eskaintzak egokitu ahal izateko. Pasa den urtean, adibidez, arbendolak eskaini genituen. 

Iaz, sute handiak izan ziren Nafarroako hegoaldean eta kezkaz bizi izan genuen egoera hori. Berez ez zen gure eremua, baina ikusi genuen lurrak ari zirela erretzen, mendiak… Momentuko erantzuna eman nahi izan genuen. Ondorioztatu genuen beste eredu bat behar dugula eta zonaldea eragingune dugula, baina erretzen bada ez duela ezertarako balio. Hala, gure eremua ez izan arren, hausnarketa bat egiten hasi ginen eta gure ustez ezinbestekoak ziren sektoreetako ordezkarien mahai bat osatu genuen: ekologikoan dabiltzan Nafarroako ekoizleekin, suhiltzaileekin, basozainekin, Errigorako ekoizleekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin. Haiekin batera erabaki genuen diru-bilketa bat egitea. Administrazioak momentu horretan egin ez zuena herriak egin zuen. Mahai gainean jarri nahi genuen eredu honekin ez goazela inora eta aldatu behar dugula. Herriguneak babestea eta abeltzantza extensiboa zabaltzea izan ziren diru-bilketaren irizpideak. Irizpideak zehaztu ondoren, erabaki genuen zein herritan garatu ahal genuen proiektua. 80.000 euro inguru batu genituen eta Donamartiri Untz eta Uxuera bideratu genituen. Eraztun berdea egiteko eta etorkizunean beharrezkoak diren mekanismoak martxan jartzeko lanean hasita daude dagoeneko Uxuen eta Donamartirin; Untzen ere hastear daude. 

Zuen helburuetako bat da Nafarroan euskarari bultzada ematea. Baduzue urte hauetan eragin duzuenari buruzko daturik?

Euskarari puzka kanpainarekin ekonomikoki euskalgintza laguntzen genuen, baina hortik harago ikusten genuen beste zerbait behar zuela euskarak Nafarroako hegoaldean zein erdialdean zabaltzeko. Euskaldundu ondoren, gure haurrek edo helduek zein aukera dute euskaraz bizitzeko? Galdera horretatik abiatuta, ikusi genuen zutabe ezberdinak jarri behar genituela: ezagutza eta erabilera bermatzeko espazioak. Ezagutzaren eremuan lanean ari dira Sortzen, ikastolak, euskaltegiak eta abar, baina eremu sozioekonomikoan eta aisialdian eragiteko beharra ikusi genuen. Horregatik sortu genuen Agerraldia. Eskualde edo herri bakoitzak erabakitzen du zer egin eta nola egin eta proiektu anitzak eta erakargarriak abiatu dira: Union Tutera, Lasterketak euskaraz, Jolasteka, Gurasoteka, Euskara Planak 25 enpresatan… Jolasteketan, adibidez, 300dik gora ume daude izena emanda. Hazia jarriz, bagoaz aurrera.

“Eremu sozioekonomikoan eta aisialdian, egunerokotasuneko zutabe ezberdinetan, eragin behar zela ikusi genuen”

Zuen komunitatea ere haziz doa, ezta? Zenbat ekoizle eta kontsumitzaile dituzue?

Oraintxe bertan 25 ekoizle daude. Egon da hazkunderako une bat, baina momentu honetan dugunari eutsi eta benetan Errigorako balioak martxan jarri nahi ditugu: euskara planak sustatu, bertakotasunean eragin, ebaluaketa sistemak jarri... Errigoraren baitan kohesio hori egotea nahi genuen. Eskakizunak igo ditugu eta Errigoran sartu nahi duen edozein ekoizlek baldintza horiek bete beharko ditu. 2024an datozen lau urteerako plan estrategikoa burutuko dugu eta orduan erabakiko dugu nola jarraitu.

Bolondresen lana ere oso aipagarria da zuen proiektuan, ezta?

300 bat herritara iristen gara eta bakoitzean bolondresak daude. Errigoraren barnean ekarpena egiteko modu asko daude eta bolondresak bozgorailu dira gure herri eta auzoetan. Guretzat ezinbestekoa da lan hori; tresnak ematen dizkiegu, baina gero beraiek dira benetan herria egiten dutenak. Gure altxor preziatuenetakoa dira. 

Lehortearekin ere kezkatuta egongo zaretela pentsatzen dut. Nola eragin dezake zuen proiektuan?

Krisi ekosozialarekin lotuta dago. Aldaketa klimatikoaren bueltan arazoak sor daitezke, bereziki zekaleekin, lekaleekin, eta ari gara dagoeneko arazoak izaten. Kanpotik ekarri ahal ditugu, baina hori ez da Errigoraren filosofia. Gure aurreikuspenak egiten eta arazoei aurre hartzen saiatzen ari gara. Honek epe erdi-luzeko soluzioa dauka. Bestelako politika publikoak egin behar dira eta guk geuk ere kontzientzia hartu eta jarrera aldatu behar dugu gaur egungo klimari begira. Gure prebisioa da geroz eta arazo handiagoak izango ditugula.

“Datorren udazkenean Errigoraren 10. urteurrena da eta tamainan erantzungo diogu urtemuga horri”

Aurrera begira, beste proiekturik baduzue?

Datorren udazkenean Errigoraren 10. urteurrena ospatuko da eta tamainan erantzungo diogu urtemuga horri. Komunitate guztia aktibatu nahi dugu eta sorpresatxoak etorriko dira.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin