Joxemari Telleria Lezeta, garaikurraren atzeko artista

#BaiEuskarariSariak2023

JoxemariTelleria.JPG

Bai Euskarari Sarietako protagonista nagusiak dira urtero aitortza jasotzen duten hiru entitateak, zalantzarik gabe, baina bada beste protagonista bat ere, 2009an lehen sariak banatu zirenetik ixil-ixilik ekitaldian izan ohi dena: Bai Euskarari sarien garaikurra. Bai Euskarari Elkarteak urte hartan zuen iruditik abiatuta egin zuen garaikurraren diseinua Joxemari Telleria Lezetak, eta dagoeneko sari-banaketako ezinbesteko ikur bihurtu da. 

Urtero jasotzen du Telleriak hiru garaikur egiteko enkargua. Esan genezake saridunak zein diren jakiten lehenengotarikoa izaten dela, baina sekretua ondo gordetzen du. Diseinua ordenagailuz prestatu eta laser bidez burnia mozten duten Goierriko (Gipuzkoa) enpresa batera bidaltzen du. Behin garaikurrak etxean dituela, pintura laranjaz margotu, izenak jarri eta prest ditu sari-banaketarako. 

Bai Euskarari Sarietako garaikurraz gain, beste zenbait ere egin izan ditu: Iparra-Hegoa kultur ekimenerako, Euskal Herriko Dantza Txapelketarako eta beste hainbat ekimenetarako. Enkargua egin, diseinua proposatu, laser bidez moztu eta margotu. Garai batean eskuz egiten ziren horrelako prozesuak, baina gaur egun ordenagailuz diseinatu eta makinak egiten ditu eskulturak. “Ni ere aritzen naiz ordenagailuz diseinuak egiten, baina gazteak trebeagoak dira horretan”, dio Telleriak.  

Ilustrazio eta margolanak

Izan ere, ilustrazio lan ugari egindakoa da Telleria eta 80ko hamarkada inguruan eskuz egiten zituen denak. Esaterako, Telleriarenak dira Jakinek 1976an argitaratutako Axularren Gero-ren ilustrazio guztiak. Geroago etorri ziren Elkarrek argitaratutako Asterix eta Obelix-en eta Tintin-en komikiak ilustratzeko lanak. Joxan Ormazabalek testua pasa eta bere eskuz idatzitakoak dira komiki horietako testu guztiak. Orain ordenagailuz egiten dituzte lan horiek.

Margolanak ere ugari egiten ditu, estilo askotakoak: figuratiboak, abstraktoak eta azken aldian hiperrealismoko margolanak egiten ari da, zuhaitzak, landareak eta paisaiak argazkiak balira bezala margotuz. “Naturatik hartu gaiak eta horiek lantzen ditut”, aipatu digu.

Gaztetatik datorkio artista sena Joxemari Telleria Lezetari (Segura, 1943). 15 urte ingururekin hasi zen margolanak egiten eta harrezkero ez da gelditu: “Lehenengo delineatzaile aritu nintzen CAF-en, gero Beasaingo Lizeoan plastika eta musika irakasle, eta gero, nire kontura”. 

Erakusketa ugari egin ditu, besteak beste, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Madrilen eta Bartzelonan. Sarietan nabarmentzekoa da Bilboko I. Vasconavarro Pintura Lehiaketako lehen saria jaso zuela 1974an. Bere lan ugari dituzte Arabako Arte Ederren Museoak eta bilduma pribatu ugarik. 

Musika eta pintura uztartuz

Margolari eta ilustratzaile izateaz gain, musikaria ere bada Telleria. Txistularia da eta urte askoz jardun du Euskal Herriko Dantza Txapelketan dantzariei fandangoa jotzen; zenbait fandango ere konposatu ditu, gainera. Zeraingo abesbatzako zuzendari eta Zeraingo zein Segurako elizetako organo-jole ere bada. 

Musika eta pintura bateratuz egindako margolan seriea bereziki kuttuna du Telleriak: “Musika margotu izan da musika entzun eta sentitu dutenarekin, nik partitura hartu eta partiturako nota bakoitzari kolore bat eman nien, eskala musikalean dauden bezala koloreetan erlazionatu eta horrela margotu nituen”. 

Dagoeneko enkargu gutxi izaten ditu Telleriak, baina ez dago geldi. Duela 10 bat urte Zeraingo plazan egindako aizkora-apustu baten margolana bukatzen ari da: “Urte asko daramatzat lan honekin eta azken ukituak ematen ari naiz, batez ere jendearen aurpegiak hobetzen”. Margolan hau bukatutakoan Zeraingo burdin meategiekin lotutako margolana egiteko asmoa du. Izan ere, XII. mendetik XX. erdialdera arte burdina ustiatzeko meategiak martxan egon ziren Zerainen. 

Eskultura-gilea, margolaria, ilustratzailea, musikaria… artista konpletoa dugu Joxemari Telleria. Bai Euskarari Sarien garaikurra urte askoan egitea opa diogu! 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin