Euskararen Erakunde Publikoak eta Bai Euskarari Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute aurten Ipar Euskal Herriko saltegiek euskararen presentzia eta erabilpena garatzen laguntzea helburu duen esperimentazio bat martxan jartzeko. Bere bitartez, euskara haien egunerokoan txertatzen laguntzeko, kontsumitzaileei euskaraz aritzeko aukerak errazteko eta euskarari ikusgarritasuna emateko.
Hitzarmen eta esperimentazio horren barruan, 10 langiletik beherako saltokiek urtebetez doan eskuratu ahal izango duzue Bai Euskarari Ziurtagiria eta Bai Euskarari Elkarteak eskaintzen duen aholkularitza izango duzue. Saltokien hasierako diagnostiko bat egingo da; horretan oinarrituta, euskararen presentzia eta erabilpena hobetzeko helburuak proposatuko eta adostuko dira eta horien segimendua egingo da.
Asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, euskaraz ikasi, jokatu, erosi, saldu, sortu… azken finean, gure egunerokoan euskara eroso erabiltzeko aukera izan nahi dugunak. Ipar Euskal Herrian badira urtero euskararen aldeko konpromisoa hartu eta Euskararen Mapara batu diren entitate ugari, eta horrek kontsumo-ohituretan zein lan-harremanetan ere badu eragina.
Zuek ere aukera duzue Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu eta Euskararen Mapara gehitzeko.
Elkartearekin harremanetan info@baieuskarari.eus helbidera idatzita edo 06 03 49 43 65 telefonoan.
Zuen entitatearen hizkuntza egoera ezagutzeko bete auto-diagnostikoa eta gu jarriko gara zuekin harremanetan.
Euskara lanean txertatzen hasteko 10 aholku bildu ditugu hemen, lagungarriak izan daitezkeenak, urratsez urrats euskarak egunerokoan espazio gehiago bete ditzan:
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin