Adimen artifiziala, (u)topikorik gabe izenburupean adimen artifizialaren eragin ekonomiko, sozial eta legala aztertu zen, horri buruz asko dakiten adituekin. Gaiak alderdi ugari ditu, eta erronka handia izan zen guztiei heltzea. Horregatik, lan munduaren etorkizunaren inguruan hausnartu zuten eta adimen artifizialarekin Euskal Herriko enpresetan eta lan munduan zer egiten ari diren ezagutu zen.
Horretarako enpresa, elkarte, administrazio eta ekintzaileak izan ziren bertan, guztien artean iritziak partekatu, hausnartu eta lankidetza sustatzeko prest.
Jardunaldia hasteko, aurkezpena egin zuten Amaia Atxukarro Goñi Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak; Axier Mingo Arruabarrena Hernaniko Udaleko Euskara, Hezkuntza eta Jarduera Fisiko eta Kiroleko zinegotziak; eta Unai Andueza Iraeta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak.
Sarrerako hitzaldiekin aurtengo azokaren gaia kokatu zen. Laura Marron Merino BAIC Adimen Artifizialeko Euskal Zentroko zuzendariak azaldu zuen zein den adimen artifizialaren gaur egungo egoera Euskal Autonomia Erkidegoko lan merkatuan. Ondoren, Xabier Arregi Iparragirre informatikako doktoreak Hitz zentroaren lana aurkeztu zuen, batetik, eta bestetik, adimen artifizialaren ikerketan zein arlo izaten ari diren garrantzitsuenak azaldu zuen.
Zein eragin du adimen artifizialak Euskal Herriko enpresa eta langileengan? Galdera horri erantzuteko solasaldia egin zuten honakoek: Igor García Olaizola Vicomtecheko Industria Dibisioko zuzendaria, Ander Sansinenea Mendieta LKS Nexteko Giza Baliabideen zuzendaria, Jon Kepa Gerrikagoitia Arrien Zientzia eta Teknologiako arduraduna BRTA ikerketa eta teknologiako euskal aliantzan eta Maria Ruiz Amurrio Enpresa Garapeneko eta Berrikuntzako liderra MLAKoop-en.
Adimen artifizialarekin garatzen ari diren adibide praktikoak ekarriko zituzten Trebeko Xabier García de Kortazarrek, PIC Digitaleko Caroline Phillipsek eta Eroskiko Unai Sardón Gonzálezek.
Adimen artifizialak dituen mugez aritu ziren Itziar Alkorta Idiakez hainbat programa eta ikastaroen zuzendaria EHUn, Aitzol Astigarraga Pagoaga Orai NLP-ko koordinatzailea eta Maria Penilla Azcuenaga ZIUR-eko zuzendaria.
Arin-arin lehiaketan adimen artifizialarekin garatutako 6 proiektu aurkeztu zituzten. Betax proiektuak eraman zuen 2.000 euroko saria, Gipuzkoako Foru Aldundiko sustapen ekonomikoko zuzendariaren eskutik. Ikuspen murriztua duten pertsonen independentzia, segurtasuna eta bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko proiektua da BETAX; inguruari buruzko informazioa denbora errealean ematen duten betaurreko adimentsuak ditu oinarri.
Adimen artifiziala izan zen azokan landutako gaietako bat eta praktikan jarri nahi izan genuen. Iker Manterola Isasa Elhuyarreko ikertzaileak ekitaldiaren lehen zatia laburbiltzeko erreminta erakutsi zuen eta laster https://aditu.eus/ tresnak izango dituen erabilpenen berri eman zuen, esklusiban.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin