Euskaraz kontsumitu nahi dut

Bizi garen gizarte kontsumista honetan guztiok gara bezero. Gutariko edozeinen egunerokotasunari erreparatu besterik ez dago: okindegiko bezero, arrandegiko bezero, harategiko bezero, supermerkatuko bezero, banketxe edo aurrezki kutxetako bezero, eta beste hamaika entitateren bezero. Eta, noski, bezero garen aldetik hainbat hornitzaileek beren zerbitzuak / produktuak eskaintzen dizkigute: elikagaiak, arropa, argindarra, ura, aisia, … Hornitzaile rola hartzen dugunean, gure bezeroei ahalik zerbitzu (hitzaren zentzurik zabalenean) onena ematen ahalegintzen gara merkatuaren lehian bizirauteko eta inguruko konpetentziak irentsi ez gaitzan. Baina zer hartzen dugu aintzat produktua / zerbitzua ona dela esateko? Kontsumitzen dugunean (erosketak egiterakoan, enpresa bat kontratatzerakoan, hornitzaile jakin bat eta ez bestea aukeratzerakoan, adibidez) zein faktore hartzen dugu kontutan? Bezero moduan, zer eskatzen diegu gure hornitzaileei? Zalantzarik gabe (are gehiago bizi dugun garai honetan) prezioa / tarifa bai hartuko du kontutan. Ziurrenik, kalitatea, erosotasuna, atentzioa eta gertutasuna (batzuk aupatzeagatik) ere aintzat izango ditugu. Beraz, ukaezina da bezero / kontsumitzaile gisa egiten ditugun aukeraketetan badaudela eragiten duten faktoreak. Are gehiago, egingo dugun hautua baldintzatuko dutela esango nuke, produktu / zerbitzu beraren aurrean inork ez baitu kontzienteki kontsumituko garestiagoa dena, kalitate eskasagoa duena, eskuratzeko deserosoagoa bada edo eskaintzen diguten atentzioa kaskarragoa bada. Eta hizkuntza? Garrantzirik ematen al diogu zerbitzua / produktua aukeratzerakoan? Bezerook nahi dugun hizkuntzan kontsumitu ahal izatea ez al da balio erantsi bat kalitatea, erosotasuna, gertutasuna, atentzioa edo beste asko diren moduan? Ingeles elebakarrentzat noski. Poloniar elebakarrentzat, zalantzarik gabe. Japoniar elebakarrarentzat, ezinbestean. Berdin gaztelania edo frantses elebakarrarentzat. Baita euskaldun elebidunentzat ere. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean urrats bat gehiago eman beharko genukeela ziur gaude eta horretan dihardugu lanean dendari, merkatari, ostalari, enpresari eta mota guztietako entitateetako arduradunak jabetu daitezen beren produktuak / zerbitzuak euskaraz ere eskaintzeak balio erantsi bat ematen diela, bai baitago hizkuntzari ere erreparatzen dion bezero multzo bat eta euskaraz kontsumitu nahi duena. Orain, bezerooi aukeratzea tokatzen zaigu: euskaraz ala gazteleraz kontsumitu nahi dut? Aldi berean administrazioei zein dendari, merkatari, ostalari eta enpresariei dagokie erabakitzea urratsak eman nahi dituzten euskaraz kontsumitzeko aukera bermatu dadin. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea bidelagun izango dute.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin