S’ouvre dans un nouvel onglet
Saioa hasiContact

Euskara lan-munduan bultzatzen duten Arabako enpresen bila gabiltza Lazarraga Sarien 9. edizioan

Hautagaitzak proposatzeko epea urriaren 25era arte egongo da zabalik; sari-banaketa, berriz, azaroaren 12an egingo da Gasteizko Artium Museoan.

Arabako eta Trebiñuko esparru sozioekonomikoan euskara txertatzeko eta sustatzeko ahalegina aitortzea. Hori da gaur, urriak 2, Bai Euskarari Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztu dituzten Lazarraga Sarien bederatzigarren edizioaren helburu nagusia. Ekimen hau Lanabes – Araban Euskara Lanean egitasmoaren barruan kokatzen da, lurraldeko enpresa-sarean gure hizkuntzaren presentzia eta erabilera zabaltzeko xedez.

Aurkezpenean parte hartu dute Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak eta Iñaki Olabarria Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak. Biek ala biek nabarmendu nahi izan dute hainbat erakundek euskara egunerokoan txertatzeko egiten duten lana, hizkuntza sail ezberdinetan tresna transbertsal eta sozializatzaile bihurtuz. Esfortzu hori txalotu eta saritzeko, aurten ere bost aintzatespen banatuko zaizkie Arabako Lurralde Historikoko entitate, enpresa edo pertsona fisikoei.

Iñaki Gurtubaik euskara lan munduan txertatzearen garrantzia azpimarratu du, aurreko edizioek erakutsi dutela euskara lan munduan txertatzea posible dela baieztatuz, oso sektore, tamaina eta izaera ezberdineko enpresetan. Gurtubaik gogoratu du Lazarraga Sariak hain zuzen ere ibilbide hori egiten ari direnei aitortza egiteko jaio zirela. Era berean, Arabako Foru Aldundiak prozesu horretan laguntzen jarraitu nahi duela adierazi du, Lanabes ekimenaren bidez, eta Bai Euskarari elkartearekin zein lurraldeko eragile ekonomikoekin elkarlanean.

Iñaki Olabarriak, bestalde, prozedura eta epeen berri eman du, adieraziz hautagaiak aurkezteko epea urriaren 25ean bukatuko dela eta proposamenak Bai Euskarari Elkarteari helarazi beharko zaizkiola. Hautagaitzak aurkezteko bide ezberdinak daudela azaldu du: posta elektronikoa, online inprimakia, edo sare sozialak, #LazarragaSariak2026 traola erabiliz. Deialdia luzatzearekin batera, aurreko 2024ko edizioan sarituak izan zirenak ere gogorarazi ditu: Grafik Sarea, Sartu Álava, Elkar Gasteiz, Hyundai Eska eta Jimmy Jazz. Azkenik, Arabako zein Trebiñuko pertsona fisiko eta juridikoei hautagaitzak aurkezteko dei zuzena egin die, eredugarriak diren elkarte edo langileen lana aitortzeko. 

Zure laguntza behar dugu: ezagutzen al duzu enpresa eredugarririk?

Aurtengo sari-banaketa ekitaldia azaroaren 12an izango da, Gasteizko Artium Museoan. Bertan lehenetsi eta ospatuko da arlo sozioekonomikoan euskararen alde egiten den lana.

Baina hitzordu hori baino lehen, saridunak nortzuk izango diren erabaki behar da, eta horretarako antolakuntzak herritarren laguntza behar du. Hautagaiak aurkezteko epea urriaren 25era arte egongo da zabalik. Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko lanean eredugarri den enpresa, merkatari edo erakunderen bat ezagutzen baduzu, orain da haien lana aitortzeko unea.

Urriaren 25era arte izango duzu horretarako tartea.

Oinarriak eta informazio gehiago hemen: http://labur.eus/lazarragasariak2026