S’ouvre dans un nouvel onglet
Saioa hasiContact

Hizkuntza gaitasuna ardatz, euskara lantzeko baliabideak eta ikastereduak partekatu dituzte Arabako Enpresen Foroan

Joan den ostiralean, urriaren 2an, egin zen Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko hirugarren eta azken lan-saioa. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatzen dute foro hau, eta Bai Euskarari Elkarteak eskaintzen du zerbitzu teknikoa. Lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak ematea eta beraien artean esperientziak partekatzea da foroaren helburua.

Urteko hirugarren foro honek Hizkuntza gaitasuna izan zuen ardatz eta euskararen ikaskuntza eta enpresentzako baliabideen inguruan jardun zuten. Goizeko 09:15ean hasi zen topaketa, instituzio antolatzaileen eskutik eskainitako harrera eta gosari batekin. Jarraian, HPSko Sonia Rodriguezek eman zion sarrera ofiziala saioari. Rodriguezek, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Lanera egitasmoaz hitz egin zuen; lan munduan eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko eta jauzi kualitatibo bat lortzeko sortu da.

Ondoren, HABEko Asis Iriondok Euskara bonuen inguruko azalpenak eman zituen. Segidan, euskara ikasteko eredu desberdinak aurkeztu zituzten Ahize-AEK, Bai&By eta HABEko ordezkariek.

Dinamika eta praktika egokiak

Hitzaldi eta mahai inguruaren ostean, bertaratutako enpresetako ordezkariek “Speed Meeting” formatuko talde-laneko dinamika batean parte hartu zuten, elkarri entzun, ideiak partekatu eta saretzea sustatzeko.

Saioak eredu errealak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eman zuen; kasu honetan, Jon Irizar Mutualiako Euskara arduradunak azaldu zuen nola egiten duten haien erakundean euskara gaitasuna zein erabilera handitzeko.

Topaketa amaitzeko, Make It Visual-eko kideek goiz osoko lanaren eta ateratako ondorio nagusien laburpen grafikoa egin zuten, landutako kontzeptu guztiak modu bisual eta argian irudikatuz.