
Gasteizko Artium Museoak 2026ko Lazarraga Sarien sari-banaketa ekitaldia hartu du gaur eguerdian. Bederatzigarren edizio honetan, euskara euren eguneroko jardunean, bezeroekiko harremanetan zein barne-prozesuetan integratzeko urratsak eman dituzten bost enpresa, entitate eta norbanako arabar saritu dira. Bai Euskarari Elkarteak antolatzen ditu sari hauek, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin eta Lanabes egitasmoaren testuinguruan, lurraldeko lan-munduan hizkuntzaren normalizazioan aitzindari direnak txalotzeko helburuarekin.
Sari-banaketa ekitaldian egon dira, besteak beste, Ramiro González Arabako diputatu nagusia, Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua, eta Haizea Muñoa Bai Euskarari Elkarteko ordezkaria. Guztien artean banatu dizkiete garaikurrak aurtengo bost irabazleei:
Garagart: Artisau-garagardoen proiektu gasteiztarrak hasieratik euskara nortasunaren marka gisa definitu du, ekoizpenaren eta bezeroekiko harremanaren erdigunean jarriz. 2024tik Bai Euskarari Ziurtagiria dute “Zerbitzua Euskaraz” mailan, eta 2025etik lantegi propioa dute Gasteizen.

Azala Kreazio Espazioa: Lasierran kokatutako gune honek sorkuntza garaikidea eta landetxea uztartzen ditu, gorputz-adierazpena, artea eta pentsamendua batuz. Hasieratik euskara lanabes nagusi gisa erabili du, eta 2018tik “Euskararen bidean” mailako Bai Euskarari Ziurtagiria du.

Lizarralde Soinua Txalaparta: Zuzeneko emanaldiak eta kultur ekimenak ahalbidetzen dituen soinu-enpresa honek 2005ean eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria. Iaztik maila gorena (“Zerbitzua eta Lana euskaraz”) aitortzen dien egiaztagiria lortu du hiru langilez osatutako lantalde honek.

I+MED: Balio erantsi handiko farmazia- eta osasun-produktuak ikertu, garatu eta merkaturatzen dituen kooperatibak sektore teknologiko eta zientifikoan euskaraz bikaintasunez jardutea posible dela erakutsi du. 2025ean Harrobi diploma eskuratu zuen.

Iraitz Perez de Goldarazena (Oreka ITko zuzendari nagusia): Edizio honek norbanakoen saria berreskuratu du, bere ibilbide profesionalean euskarari emandako lehentasunagatik eta hizkuntzaren erabilera modu eredugarrian sustatzeagatik. Enpresa txiki batetik abiatu eta kudeaketa integraleko eredu bat garatu du Kataluniaraino zabalduz, Lanabes zein Indeus bezalako proiektuetan modu aktiboan parte hartzeaz gain.

Euskara, etengabeko orekan eta mugimenduan
Ekitaldia NAI malabaristaren ikuskizunarekin girotu da. Kristalezko pilotarekin egindako trukoek metafora gisa balio izan dute gogorarazteko euskara, malabaretan bezala, arreta eta oreka eskatzen dituen elementua dela; “eror ez dadin, gogoz heldu eta etengabe mugimenduan mantendu beharrekoa”, aurkezleak adierazi duen moduan.

Irekiera ekitaldian, Haizea Muñoa Bai Euskarari Elkarteko ordezkariak hartu du hitza. Bere mintzaldian, eskerrak eman dizkie Arabako Foru Aldundiari zein Lanabes proiektuko bidelagunei, eta gogorarazi du 2010ean sortu zirela sari hauek lan munduan euskara sustatzen duten ereduak aitortu eta lurraldeko gainerako enpresen artean zabaltzeko.

Muñoak nabarmendu duenez, “lan munduan euskarari lekua egitea estrategikoa bezain lehentasunezkoa da, eta urrats sendoak eman behar dira plangintza, arau eta baliabideetan”. Ildo horretan, administrazioen, enpresen, langileen eta kontsumitzaileen arteko erantzukizun partekatua aldarrikatu du: “Elkarrekin eragiteko Lanabes bezalako espazioak eraikitzen baditugu, askoz ere errazagoa izango da adostasuna zabaltzea eta adostasunetatik etorkizuna eraikitzea”.
Horrez gain, lan munduan euskara txertatzeko aurten landutako ekimen garrantzitsuak ekarri ditu gogora. Alde batetik, Enpresen Foroa aipatu du. 2020tik biltzen den gune horretan, aurten barne eta kanpo komunikazioa landu dira. Muñoak adierazi duenez, garrantzitsua da “euskara bezeroei eskaintzen zaien zerbitzu eta arreta onarekin lotzea”, eta era berean, entitateek langileei erraztasunak ematea barne komunikazioan euskararen erabilera areagotzeko. Bestetik, Lansarean atariaren barruan, Aldundiaren laguntzaz, aurten sortu den “lan praktiken mapa” ere nabarmendu du, lan praktikak euskaraz eskaini eta bilatzeko tresna gisa.
Jokin Larrañagari aitorpen berezia
Antolatzaileek aitorpen berezia egin diote Jokin Larrañagari, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko buru izandakoari. Urte luzez Araban euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeko, eta bereziki lan-munduan hizkuntza txertatzeko egindako lan nekaezina eskertu nahi izan diote publikoki.

Erabaki txikien garrantzia lantokietan
Sari-banaketaren ostean, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak itxi du ekitaldia. Bere hitzaldian, azken hamarkadetan Araban euskararen ezagutzan emandako “aurrerapauso handiak” goraipatu ditu, baina hizkuntza erabileraren bidez indartzeko beharra aldarrikatu du: “Ez luke zentzurik izango gure gazteek urteak euskaraz ikasten ematea eta, lan mundura iristen direnean, hizkuntza hori erabiltzeko aukerarik ez aurkitzea”.
Gonzalezek adierazi du Arabako lurraldea eta enpresa-sarea askotarikoak direla, eta bakoitzak bere errealitatetik egin behar duela aurrera. Nabarmendu duenez, “batzuetan, lehen hitza euskaraz egitea izango da; beste batzuetan, langileei hizkuntza erabiltzeko erraztasunak ematea edo bezeroei euskaraz erantzuteko aukera eskaintzea. Urrats txikiak izan daitezke, baina urrats horiek guztiek badute balioa”.

Bide horretan, Aldundiak erakunde publiko gisa duen ardura eta Lanabes egitasmoaren bidez egiten duen apustu irmoa berretsi du ahaldun nagusiak. Era berean, eskerrak eman dizkie gaurko sarituei, euskara beren eguneroko jardueraren parte izatea erabaki dutelako: “Gaurko sariak ez dira egindako lana eskertzeko bakarrik, beste enpresa eta erakunde batzuei bidea erakusteko ere badira. Izan ere, euskararen etorkizuna ez da ikasgeletan bakarrik eraikitzen; lantokietan eta eguneroko erabaki txikietan ere eraikitzen da”.
Argazki ofizialaren ostean, bertaratutakoek luntx batez gozatzeko aukera izan dute.