Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren eskutik jaso zuen saria Sokoako ordezkari Gilles Chaudière-ek atzp Donibane Lohizuneko Ravel Entzutegian egin zen ekitaldian. Bertan izan ziren, besteak beste, Jean Mixel Barbier Euskararen Erakunde Publikoko ordezkaria, Beñat Da Costa jauna Donibane Lohizuneko Herriko Etxearen izenean eta Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusia.
Euskara enpresan txertatzeko helburuarekin aurrera eramandako ekintzengatik saritu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Sokoa. Izan ere, enpresaren eguneroko jardueran euskarari presentzia handia eman diote bulegoko seinaletikan, publikatzen dituzten dokumentuetan nahiz barne eta kanpo komunikazioan. Gilles Chaudière Sokoako barne komunikazioko arduraduna oso "pozik eta eskertuta" agertu zen sariarekin. Haren esanetan, Sokoak betidanik izan du euskararen aldeko jarrera, baina gauzak ez dira beti ematen duten bezain errazak: "Gauzak ez dira hain erraz, eta pausuz pausu aitzinatu behar gira, gure langilegoa plurala baita eta gure lehen helburua ez baita haiek euskaraz hastea, kadirak saltzea baizik. Baina horrek ez du erran nahi euskara alde baterat utzi behar dugunik. Oreka bilatu behar da bien artean, eta guk zorionez Bai Euskarari Ziurtagiria bidelagun dugu".
Sokoa saritzeaz gain, atzoko ekitaldian Bai Euskarari Ziurtagiria eman zitzaien Donibane Lohizuneko 14 entitateri: Péré farmazia, Vaslin farmazia, SCM Artamugi, Boga Boga, SARL Hitzak, Zig Zag, Clara veut la lune, Briconautes, Quincaillerie Donibane, Le cosmopolitain, Merkatuko Edantegia, Kikeran eta Adam-i. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Iparraldeko arduradun Ihintza Aldanak azaldu zuenez, Donibane Lohizunen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dutenen kopurua garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da horren gibelean den lana: "Zuen guztien urratsak eragin handia ukanen dute euskaldunen eguneroko bizian. Gehienek Ziurtagiriaren lehen maila lortu duzue, Bidean maila, lehen urratsak emateagatik. Beste batzuek aldiz, jada Zerbitzua euskaraz maila duzue eta badakizue zer den euskaraz edo elebitan funtzionatzea. Denon beharra dugu euskara aitzinarazteko".
Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezek, lehenik eta behin, Sokoa enpresa eta Donibane Lohizuneko 14 entitateak zoriondu zituen, baina segidan baita Iparraldeko gainontzeko Bai Euskarari Ziurtagiridun entitateak ere. Izan ere, orain dela bederatzi urte Iparraldean lehen Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zirenetik, anitz izan dira proiektuarekin bat egin dutenak eta uneotan 254 dira guztira Bai Euskarari Ziurtagiria daukatenak. Horietatik 1ek "Zerbitzua eta lana euskaraz" maila du; 69k "Zerbitzua euskaraz" maila; eta 184k "Euskararen bidean" maila.
Ekitaldian 100 lagun inguru elkartu baziren ere, Gutiérrezek Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitate guztiak eta horien gibelean lanean ari diren pertsona guztiak izan zituen gogoan. Izan ere, zuzendariaren arabera, Ravel Entzutegian elkartu ziren lagunez gain, handik kanpora ere banako ugari daude haien eskualdean, herrian, auzoan, edota etxean euskara erabiltzeko hautua egina dutenak, euskaraz bizi nahi dutelako, euskaraz lan egin nahi dutelako, euskaraz erosi eta saldu nahi dutelako, euskaraz ikasi nahi dutelako, euskaraz dibertitu nahi dutelako edota euskaraz amestu nahi dutelako: "Hizkuntzak ez dira ezer, haiek erabili, bizi eta biziarazten dituzten pertsonarik gabe. Horregatik, zuen lana benetan eskertzekoa da, gizarte osoari eragitera iristen baita. Izan ere, ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan". Gaineratu zuen, bizitzako parte handi bat lanean ematen dugula eta beste parte hadi bat gainerakoen lana baliatzen; beraz, Gutiérrezen iritziz, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoak betetzen dituen espazioetan euskarari lekua egiteak.
Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek hizkuntzak kudeatu behar izaten dituzte eta Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariaren hitzetan hizkuntza hautatzeko garaian hiru faktorek eragiten dute nagusiki: legediak, merkatu irizpideak eta entitate horretako erantzukizun sozialak: "Euskararen lurraldeetan, urrats ausartak eman behar dira corpus juridikoari gagozkiolarik, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak babeste aldera. Administrazioari dagokio hizkuntza politika eraginkorra definitzearen lidergoa bere egitea eta euskaraz bizi ahal izatea baldintza politiko, juridiko, sozial eta ekonomiko egokiak bideratzea gizarte-eragileekin elkarlanean eta egoki koordinatuta".
Gutiérrezek uste du, ordea, aipatutako guztia Ziurtagiriaren Elkarteak bakarrik ezin duela aurrera eraman, eta Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateen nahiz entitate horietan dauden pertsonen parte-hartzea ezinbestekoa dela, "argi baitago bakoitzak beretik hasi behar duela hondar aleak jartzen". Zentzu horretan, gaineratu zuen hizkuntzen biziberritzean liderrak behar direla, erreferenteak diren pertsonak: "Euskararen ezagutza eta erabilera areagotuko baditugu, euskaraz bizitzeko nahia dugun pertsonok gidaritza hartu behar dugu. Denok izan gaitezke eta denok izan behar dugu euskararen lider".
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Do a comment