Euskararen erabilera erosorako eredu diren 5 entitate saritu dira Lazarraga Sarietan

54139728588_92f889c757_6k_copia.jpg

Grafik Sarea (Laudio), Sartu Álava (Gasteiz), Elkar Gasteiz (Gasteiz), Hyundai Eska (Laudio) eta Jimmy Jazz (Gasteiz) saritu ditugu 2024ko Lazarraga Sariak ekitaldian, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanaren errekonozimendu gisa. Bost saridunek dute Bai Euskarari Ziurtagiria.

Azaroaren 14an Artiumen egin da sari-banaketa ekitaldia, Arabako lan munduko, euskararen arloko eta instituzioetako ordezkariak bertan zirela. Edurne Azkarate aktore arabarrak egin ditu aurkezpen lanak eta giroa berotzeko Altrasteren musika eta dantzaz gozatu dute bertaratutakoek.

Bai Euskarari Elkarteak antolatzen du sariketa, Arabako Foru Aldundiarekin babesarekin eta hitzaldi bana eskaini dituzte Bergoi Madernaz del Pozo Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak eta Ramiro González Vicente  Arabako diputatu nagusiak; sariak ere bien artean banatu dituzte.

Madernaz del Pozok  joan den asteburuan Bilbon egin den European Language Equality Network-en batzar orokorrean egin duten adierazpena ekarri du gogora: “Euskalgintzaren Kontseiluak proposatuta eta aho batez adierazi eta onartu dute euskara larrialdi linguistikoan dagoela. Egoera honek bapateko neurri eraginkorrak hartzera bideratu behar gaitu.”

Gogorarazi du “lan munduan euskaraz eroso aritzea estrategikoa” izan behar dela hurrengo urteetako hizkuntza politiketan eta gaineratu du ezin dela gertatu “hezkuntzan egiten ari garen inbertsioa, lan munduan galtzea”.

Azkenik, nabarmendu du lan munduan euskarari lekua egitea “estrategikoa bezain lehentasunezkoa” dela, eta “urrats sendoak” egin behar direla plangintza, arau eta baliabideetan.

Ramiro González Vicente Arabako diputatu nagusiak ekitaldia itxi zuen bere hitzartzearekin. Nabarmendu zuen “Araban gero eta enpresa gehiago” ari direla berrikuntzan “lehiakortasunez jokatzen, euskara bere kudeaketan barneratzen, bai bezeroekin, bai hornitzaileekin euskara erabiltzeko”. Eta Arabako enpresei urrats gehiago egiteko deia zabaldu zien: “Zuen enpresatara jotzen duten gazteak eskolatik eta kaletik euskaraz ikasiak dira, eta zuen enpresetan euskara erabiltzeko aukera paregabea dute orain. Nola?  Hasi gaitezen Lanbide Heziketatik datozen gazteei praktikaldiak euskaraz egiteko ateak irekitzen”. 

Saridunak

Grafik Sarea

Branding-a, seinaletika eta produktu korporatiboaren arloan egiten du lan. Laudioko entitate honek Bai Euskarari Ziurtagiria dauka 2011. urtetik, “Zerbitzua Euskaraz” mailan. Eskaintzen dituzten zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzte, barne komunikazioak eta barne funtzionamendua, bilerak e.a euskaraz egiten dituzte eta euskara haien filosofiaren baitan ardaztua daukate.

Sartu Álava

Irabazi-asmorik gabeko erakundea da eta gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzea dute helburu, zerbitzu publikoaren ikuspegitik eta baliabideak sareturik. Laudion eta Gasteizen puntu finkoak dituzte baino herrialde osotik mugitzen dira.

2018an  eskuratu zuten Bai Euskarari ziurtagiria “euskararen bidean” mailan, hala ere, aurrerapauso handiak eman dituzte barrura begirako dokumentu eta tresnetan.

Elkar Gasteiz

Gasteizen erreferentziala den denda da. Euskal Herri osoan zabalduta dagoen enpresa. Bezeroei euskarazko zerbitzua eskaintzeko ahalegin handia egiten duena. Bai Euskarari ziurtagiria dute aspalditik,  “Euskararen Bidean” maila.

Hyundai Eska

Autoak konpontzen onak izateaz gain zerbitzua euskaraz ematen dute. 2010tik dute Bai Euskarari Ziurtagiria, 5 langiletik 4 euskaldunak dira eta ahalegin berezia egiten dute bezero guztiak euskaraz artatzeko.  “Zerbitzua euskaraz” maila daukate.

Jimmy Jazz

Gasteizen kokatutako kultur areto honek 15 urte daramatza Gasteizko kultur eskaintza zabaltzen. Bai Euskarari Ziurtagiria orain dela gutxi eskuratu dute, “Euskararen Bidean” maila, eta lan dezente egin dute urte hauetan euskara bere negozioan txertatu eta inguruan zabaltzeko.

Euskal kulturari zabaltzen ezinbesteko leihoa da Gasteizen.

IKUSI ARGAZKI GUZTIAK

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Do a comment