Zein da pertsonen ongizatearen inguruan euskal enpresen estrategia? Ongizatea helburu duen lehiakortasuna eraikitzen ari da euskal enpresen sarea? Nola uztartu pertsonen ongizatea eta garapen ekonomikoa? Zein aurrerapen daude industria adimendunean? Nola eragingo dute pertsonen ongizatean? Pertsonen ongizatea ardatz hartuta, ekonomia berri bat sortzen ari da? Eta, horretan guztian, euskarak zein leku du? Galdera horiei eta beste askori erantzuten saiatu ginen profesional ugariz inguratuta, Enpresarean Azokaren seigarren edizioan.
Jardunaldia hasteko, aurkezpena egin zuten Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.
Aurkezpen instituzionalaren ostean, Ongizatea helburu duen lehiakortasuna eraikitzen ari gara? galderari erantzun zioten Orkestrako Aitziber Elolak eta Jon Las Heras EHUko Ekonomia Politikoko irakasleak. Lehenik eta behin, Orkestrak egindako EAEko lehiakortasunari buruzko txostena ekarriko zuen Aitziber Elolak eta txosten horretan bertan jaso dituzten datu eta ondorioak azaldu zituen. Ondoren, kontrapuntua jarriz, Jon Las Herasek ikuspuntu kritiko batetik heldu zion gaiari eta buelta eman zion gaiaren abiapuntu zen galderari: "Lehiakortasuna bermatzen duen ongizatea sortzen ari gara?"
Hurrengo solasaldian, Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusia, Jone Nolte ASLEko zuzendaria eta Urtzi Uribetxebarria Mondragon Unibertsitateko ikerlaria pertsonen ongizatea bermatzeko euskal enpresek dituzten estrategien inguruan aritu ziren.
Pertsonen ongizateaz hitz egiten jarraitu zuen Rakel San Sebastian Adinberri Fundazioko zuzendari nagusiak eta fundazioako dituen lan-ildoen berri eman zuen.
Ondorengo solasaldian, ongizatea eta zaintzaren zerbitzuak hobetzeko adimen artifiziala erabiltzen duten enpresen adibideak ekarri zituzten Wellk-eko Aritz Guineak, Itsaso Lekuona Hernaniko Udaleko zinegotziak eta Etxelagun proiektuko Olatz Irulegik.
Adimen artifiziala eta pertsonen ongizatea
Adimen artifiziala eta pertsonen ongizatea, industriaren lehiakortasunerako ardatz gaiari tiraka aritu ziren azken solasaldian Leyre Madariaga, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria Eusko Jaurlaritzan; Irati Rodriguez, HUPIko negozio garapeneko arduraduna eta publiko artean Romain Roquefère HUPIko zuzendaria eta sortzailea; Josu Aztiria, Orai NLP Teknologiak enpresako koordinatzailea; eta Ion Etxeberria, Ikerlaneko zuzendari nagusia.
Arin-arin lehiaketan pertsonen ongizatea bilatzen duten 8 proiektu aurkeztu zituzten. Eneka Iribarren eta Erik Perezen proiektuak eraman zuen 2.000 euroko saria, Gipuzkoako Foru Aldundiko sustapen ekonomikoko zuzendariaren eskutik.
Adimen artifiziala izan zen azokan landutako gaietako bat eta praktikan jarri nahi izan genuen.
Batetik, jardunaldian gehien esan ziren hitzak bildu eta, adimen artifizialeko tresna baten bidez, bi irudi sortu zituzten Oreka IT-ko informatikariek.
Bestetik, Benizze musikari gasteiztarrak, hitz horiek erabiliz, azokarako propio sortu zuen kanta, hau ere ordenagailu bidez.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Do a comment