Nahi baino gehiagotan, zaila izaten da zerbitzu edo produktu bat euskaraz aurkitzea. Den-dena ez dugu euskaraz lortzerik. Bila ibili behar izaten dugu, alor pribatuan zein profesionalean, produktuak edota zerbitzuak euskaraz eskainiko dizkiguten hornitzaileen bila.
Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako araudietako kontsumitzaileen legedian ez da hizkuntza-eskubideen berariazko aitortzarik egiten. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), gutxi batzuk dira betebeharrak dituzten enpresak, beti ere interes orokorreko zerbitzuak eskaintzen badituzte. Interes orokorreko zerbitzutzat hartzen dira telefonia operadoreak, garraio enpresak, elektrizitatea eta gasa komertzializatzen dutenak, kreditu erakundeak, etxebizitzak saltzen edo alokatzen dituzten profesional, enpresa eta obren sustatzaileak. Horiekin batera, produktuak saltzeko edo zerbitzuak emateko jendeari irekita dauden establezimendu handiak, beti ere 250 langile baino gehiagokoak badira, 50 miloi euro baino gehiagoko negozio-bolumena badute, saltokiaren azalerak 400 metro karratu baino gehiago neurtzen badu eta EAEko hiriburuetan edo elebidunen proportzioa % 33 baino handiagoko udalerri batean kokatuta egonez gero… Horiek guztiek idatzizko informazioa euskaraz eman behar dute: seinalitika, errotuluak eta kartelak, inprimakiak eta katalogoak, kontratuak eta baldintza orokorrak, komunikazioak, fakturak, aurrekontuak, etab. Ahozko informazioa eta zuzeneko arreta ere euskaraz eman behar dituzte.
Betebeharra badute ere, urraketak ugariak izaten dira, Behatokiaren urteroko txostenetan aski frogatuta geratu ohi den bezala. EAEn dagoen lege babesa handiagoa izanagatik, arau-hausteak gertatzen dira eta ez dira behar bezala bermatzen herritarren eskubideak. Zehapenik ere ez da aplikatzen.
Bestalde, ugariak dira interes orokorreko zerbitzuen kategorian sartzen ez direnak eta gure egunerokoan eragiten dutenak. Enpresen esparruan ere, gabezia nabarmenak daude. Pentsa, bestela, zein erronka puska den enpresa bateko funtzionamenduan eragiten duten hornitzaile guztiak euskaraz eskuratzea: segurtasunarekin lotutakoak, era guztietako aholkularitza zerbitzuak, aseguruak, mediku azterketak… Legediaren mugen gainetik, maiz saiatzen gara eragiten eta, euskaraz eroso lan egin nahi dugun enpresetan, ahalegin berezia egin behar izaten dugu hornitzaile guztiek zerbitzua euskaraz eskaini diezaguten. Hala ere, ez dugu beti lortzen. Zorionez, gero eta gehiago dira euskara txertatzeko lanean ari diren enpresak, eta produktuak zein zerbitzuak euskaraz eskaintzeko lanean ari direnak. Baina gero eta gehiago al gara zerbitzu horiek euskaraz eskatzen eta baliatzen ari garenak? Bezeroaren eskakizunak baldintzatu baitezake, neurri batean, hizkuntza baten erabilera.
Eskaintza eta eskaria indartzeko lan egin behar dugu, onurak eta aukerak sortuko baitira enpresentzat. Hizkuntzak ere badira ekonomiaren motor, eta nabarmen eragiten dute gure ongizatean eta lurralde bidezkoago eta iraunkorrago baten garapenean. Erronkari helduko diogu?
Enpresabidea.eus-erako idatzitako artikulua.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Do a comment