2024ko Bai Euskarari Sariak Kide Aholkularitza, Izarkom eta Ulma Taldearentzat

Bai_Euskarari_Sariak.jpg

Euskararen erabilera areagotzeko lan handia egiten ari diren hiru entitate saritu ditugu aurten: Kide Aholkularitza, Izarkom eta Ulma Taldea. Gaur, ekainak 20, egin da sari banaketa ekitaldia Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Dorleta Kortazar ipuin kontalariak egin ditu aurkezpen lanak eta ekitaldi intimo zein goxoa izan da, Txinparta bizia euskararentzat lelopean. Izan ere, euskara lan munduan biziarazten duten txinpartak dira Bai Euskarari Saria jaso dutenak.

Argazki bilduma

Hona hiru sarituak:

Kide Aholkularitza

Leitzan eta Donostian ditu bulegoak Kide Aholkularitzak eta 2013tik daukate Bai Euskarari Ziurtagiria. Lantalde osoa euskalduna da eta euskaraz lan egiteko hautua egin zuten.

Euskara ez da zerbitzu eta lan hizkuntza soilik, motorra da, motibazio iturri. Ahaleginak egin dituzte, urtez urte, eskaintzen duten zerbitzuan hobekuntzak egiteko. Sektorea oso erdalduna da, eta erabiltzen diren programa, aplikazio eta dokumentuak, sorreran, ez daude euskaraz. Inbertsioa egin dute, denboran eta diruan, bezeroei ahalik eta zerbitzu gehien eskaini ahal izateko euskaraz. Eta horretan jarraitzen dute.

Zorionak, Kide!

Bai Euskarari Sariak 2024

Izarkom

Izarkomek euskaraz bizi eta lan egiteko hautua egina du. Beraientzat ez da zerbitzu edo lan hizkuntza soilik, beren izaeraren oinarrian dagoen zerbait baizik.

2021ean hasi zuten lanketa Bai Euskarari Ziurtagiriarekin eta horretan dihardute egun. Izarkom euskaraz bizi nahi duen ekimena da eta hortaz hizkuntza lehenetsia euskara izango da, bai zerbitzuei baita arreta komunikazioei dagokienez. Euskal Herri osoan ematen dituzte zerbitzuak.

Zorionak, Izarkom!

Bai Euskarari Sariak 2024

Ulma Taldea

Oñati eta Ulma edo Oñati eta euskara banandu ezin diren bezala, ezin dira Ulma, Oñati eta euskara banandu. Ulmaren parte da euskara eta urte asko dira euskara plana dutena. Haien langileen hizkuntza eskubideen alde egiten dute euskaraz lan egiteko aukera emanez.

2006an hasi zuten lanketa Bai Euskarari Ziurtagiriarekin.

Nazioarteko enpresa talde industriala izanik, beren jardunean, kanpora begira eragiteko euskara zabaltzeko ahalmen handia dute; horren alde apustu egin dute.

Zorionak, Ulma Taldea!

Bai Euskarari Sariak 2024

Argazki bilduma

Komunitatearen jaia

Euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari diren hiru entitateei aitorpena egitearekin batera Bai Euskarari komunitatea osatzen dugunon elkargune ere izan da urteroko zita. Bertan izan dira Ziurtagiria duten entitate ezberdinetako ordezkariak, baita erakunde publiko zein elkarte ezberdinetako kideak ere. Mila esker guztioi euskararen erabilera areagotzeko eragiteagatik!

Ekitaldi osoa

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Do a comment