Bai Euskarari Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak Arabako eta Trebiñuko Konderriko eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko lana saritzea helburu duen Lazarraga Sarien zortzigarren edizioa aurkeztu dute gaur, urriak 7. Sari horiek Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako lana saritzeko dira, eta aurten azaroaren 14an banatuko dira.
Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatuak eta Bergoi Madernaz Bai Euskarariko kideak azpimarratu dute oso garrantzitsua dela erakunde askok euskara egunerokoan txertatzeko egiten duten ahalegina balioestea, eta, gainera, euskara gizarteratzeko tresna bihurtzea, sail desberdinen bitartez. Ahalegin hori aitortzeko, Arabako Lurralde Historikoko bost erakunde edo pertsona fisiko sarituko dira, gizartean eta enpresetan euskararen erabilera bultzatzeko egindako lanagatik eta egindako ekimenengatik.
"Lazarraga Sariek erakundeak eta pertsonak aintzatesten dituzte, eta oso pozgarria da aurreko edizioetako saridunen zerrenda errepasatzea, bertan egiaztatzen baita berrikuntza eta berrikuntza sozialagatik ezagunak diren enpresak euskara sustatzeagatik ere aintzatetsi direla. Hori izan behar da gero eta herritar elebidun gehiago dituen lurralde bati erantzun egokia emateko bidea. Gure egungo gizarteak euskaraz hitz egiteko gero eta aukera gehiago bermatu behar ditu, edozein dela ere eremua, hezkuntzan hasi eta bukatu ", adierazi du Berriozabalek.
Diputatuak nabarmendu duenez, "zorionez, gure enpresak lehiakorrak dira eta hizkuntza kudeaketan ere lehiakorrak izateko lan egin behar dugu. Era berean, inork ez du zalantzan jartzen gure Lanbide Heziketa eredugarria eta lehiakorra denik, eta euskararen presentzia eta erabilera ere eredugarria eta lehiakorra izatea lortu beharko genuke ".
Proiektu honen bidez, Arabako esparru sozioekonomikoan aintzatetsitako enpresa eta entitateen sare bat ehundu nahi da.
Bergoi Madernazek sariketaren inguruko argibideak eman ditu. Aurten, berritasun nagusia da sare sozialetan egindako hautagaitzak ere jasoko direla.
Azaroaren 14an izango da sari banaketa Gasteizko Artium museoan. Baina aurretik saridunak aukeratu behar ditugu eta zuen laguntza behar dugu horretarako.
Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko lan egin duen enpresa eredugarriren bat ezagutzen duzu?
Urriaren 30era arte izango duzu horretarako tartea.
Oinarriak eta informazio gehiago hemen: https://baieuskarari.eus/eu/proiektuak/lazarraga-sariak/info/lazarraga-sariak-2024
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Do a comment