Euskararen normalizazioa bultzatu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko euskararen plan estrategikoa osatzeko prozesu partehartzailea martxan du Lezoko Udalak. Urriaren 22an merkatariekin antolatutako mahai inguruan parte hartzeko aukera izan dugu eta hona ekarri dugu han hitz egindakoa, laburpen modura.
Bai Euskarari Elkartetik argi dugu euskaraz lan eta bizi nahi dugula eta euskaraz lan egiteak eta euskaraz zerbitzuak eskaintzeak onura eta aukerak ekartzen dizkiela euskal enpresa eta entitateei, merkatariei eta baita langile eta oro har gizarte guztiari ere.
Badakigu gaur egun zein garrantzitsua den tokiko merkataritza sustatzea eta honetan euskarak paper garrantzitsu bat jokatzen duela uste dugu. Gure tokiko merkataritza-sektorearen indargune nagusietakoa dela ohartuta gaude: arreta pertsonalizatua eta erosketa-prozesuan aholkularitza jasotzen dute bezeroek profesionalengandik.
Zer paper jokatzen du euskarak tokiko merkataritzan?
Bezeroen hizkuntza eskubideak errespetatu. Bezero bakoitza bere hizkuntzan artatua izateak berebiziko garrantzia du komertzio eta ostalaritzan.
Merkatu berria, eskariari erantzuna. Euskararen merkatu potentziala etengabe hazten ari da, eta komertzioek merkatuaren eskaerari erantzuteko gai izan behar dute.
Gertutasuna eta konfiantza transmititu. Euskarak gertutasuna transmititzen du, pertsonei konfiantza ematen die.
Balio erantsia, lehiakortasuna. Euskara ere erabiltzen duen komertzioak, erabiltzen ez duen batekin alderatuta, bezeroak kontuan izango duen balio diferentziala dauka.
Gizarteari egokitzea eta gizartearekiko eta herriarekiko dugun erantzukizun soziala. Ez dute komertzio handienek bizirauten, hobekien egokitzen direnek baizik.
Kalitatea. Zerbitzu zabalagoa, pertsonalizatuagoa, beraz kalitate handiagoa eskaintzen da.
Besteengandik desberdintzeko. Beste taberna, jatetxe edo mota bereko komertzioetatik desberdintzeko modua izan daiteke euskarazko errotulazioa, kartelak, menuak erabiltzea eta ikusteko moduan jartzea.
Bezero berriak erakartzeko eta fidelizatzeko. Bakoitzaren hizkuntzan komunikatu ahal izateak garrantzi handia du, taberna edo jatetxeetan eroso sentitu nahi dugun tokiak baitira.
Talentua erakarri eta mantentzeko. Euskaraz lan egiteko aukera eskaintzeak langileen erakarpena eta errotzea indartzen ditu.
Mila esker Lezoko Udalari gonbidapenagatik!
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Do a comment