Hori horrela izanik, Udalak eta Bai Euskarari Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, aurten ere merkataritzan eta ostalaritzan euskararen presentzia areagotzeko. Erronka zehatza da: 60 establezimendu identifikatzea eta, euskararen erabilera areagotzeko eta kontsumitzailearekiko harremanetan balioa gehitzeko erraztasunak eta baliabideak eskura jartzea. Aukera hau doan eskainiko da 2018an zehar; 2019tik aurrera ere, dirulaguntzak egongo dira.
Gasteizen, Lehen hitza euskaraz
Egitasmoa abiatu zenean, Iñaki Prusillak, Gasteizko Udaleko Euskara Zinegotziak, nabarmendu zuen “gero eta gasteiztar gehiagok euskara dute hizkuntza nagusi eta egunerokotasunean erabiltzeko hautua egiten” dutela eta, hori dela eta, “Udaletik kontsumoan ere euskara sustatu asmoz hitzarmen hau sinatu” dutela Bai Euskarari Elkartearekin.
Rober Gutiérrez-ek, Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak, kontsumitzaileengan eta euskararen balioan jarri zuen fokoa hasieratik: “euskara kontsumitzaile irizpidedunaren ezaugarria da. Bertakoa, hurbila, ekologikoa, kalitatekoa kontsumitu nahi izaten dugu. Horregatik, euskararen aldagaiari garrantzia ematen dioten kontsumitzaile irizpidedun aktiboak giltzarri izango dira kanpaina honetan, erronka baita euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea, lehen hitza euskaraz eginez, Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakartzea eta bertan kontsumitzea, eta gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartaraztea eta urratsak ematera eragitea”.
Gasteizko euskararen mapan parte-hartzeko prozesua
Prozesua eta metodologia erraza da; Bai Euskarari Elkartea establezimendua ezagutzera hurbilduko da eta hizkuntza egoeraren azterketa egiten lagunduko dio. Ondoren, negozioetan euskara txertatzeko eta aurrerapausoak emateko helburuak zehaztuko dira eta Bai Euskarari Elkarteak baliabide eta aholkularitza eskainiko ditu. Aukera hau doan eskainiko da 2018an zehar; 2019tik aurrera ere, dirulaguntzak egongo dira.
Establezimenduei Bai Euskarari Ziurtagiria eskainiko zaie eta hura lortzen dutenak euskararen mapan agertuko dira. Gainera, establezimenduetan lanean ari diren pertsonei bereizgarriak eskainiko zaizkie, bezeroei erosketa-prozesua euskaraz errazteko: alde batetik “Euskaraz?”, eta bestetik “Euskaraz? Poliki mesedez” txapak izango dituzte, bezeroen eta haien arteko lehen hitza euskaraz izatea ahalbidetzeko; eta, bestetik, kanpainaren triptiko informatiboa jasoko dute, bezeroek euskaraz non kontsumitu dezaketen jakin dezaten. Triptikoa ziurtagiria duten establezimenduetan eta Gasteizko gizarte etxeetan eskuragarri dago, hala nola Bai Euskarari Elkartearen webgunean: https://www.baieuskarari.eus/eu/lehen-hitza-eus/zer-da.
Gasteizko erreferenteak euskaraz kontsumitzearen alde.
Bukatzeko, azpimarratzekoa da “Lehen Hitzak balio handia du” kanpainak (sarean #LehenHitzaEUS), Gasteizko bidelagun bereziak izan dituela. Hiriko pertsona ezagunek babesa eskaini diote ekimenari, euskarazko kontsumoaren aktibazioaren garrantzia azpimarratuz eta lehen hitza euskaraz hartzearen balioa azalduz.
Kanpainaren protagonistak izan dira, besteak beste: Mikel Urdangarin abeslaria, Karmele Jaio idazlea, Iñigo Etxezarreta “En Tol Sarmiento”ko kidea, Cristina Molinuevo eta Ane Aldalur Araskiko jokalariak eta Gorka Ortiz de Urbina.
Hemen dituzue haien testigantzak:
Mikel Urdangarin (Bakarlaria):
“Merkatariei esango nieke euskaldun askok eskertzen dugula lehenengo hitza euskaraz jasotzea. Euskara erabilita esparrua zabalduko dutela eta bizi diren herriarekiko harmonia handiagoan biziko dela".
“Erosketak egiterako garaian asko eskertzen dut euskaraz artatua izatea. Niretzat eskubide kontu bat izateaz gain, denda horrek eskaintzen duen bikaintasun seinale bat ere bada".
Iñigo Etxezarreta (ETS-ko abeslaria):
“Azken 10 urteetan egoera izugarri aldatu da gure hirian. Gaur egun, oso normala da euskara entzutea kaletik. Seguruenik hemendik urte batzuetara euskaraz bizitzea posible izango da Gasteizen".
Ane Aldalur eta Cristina Molinuevo (Araskiko jokalariak):
“Nik normalean lehenengo hitza euskaraz egiten dut, baina Gasteizen berehala erantzuten didate gaztelaniaz. Diferentzia oso nabaria da Donostiarekin konparatuz gero, eta uste dut pena handia dela kontsumo ohiturak euskaraz egiteari uztea, azken finean kalean hasi eta edonon bultzatu behar da euskararen erabilera".
“Gure bizitza osoan zehar, euskaraz ikasi dugu. Beraz, lanean eta arlo akademikoan dena erlazionatzen dugu euskararekin. Arlo pertsonalean, lagunekin euskaraz egiten dugu eta oroitzapen oso politak ditugu hizkuntza honekin lotuta. Kontsumoan ere euskara normaltasunez bizitzea gustatuko litzaiguke”.
Gorka Ortiz de Urbina (Zeledon):
“Gasteizen kontsumitzen dut. Baloratzen dudan gehiena gertutasuna da, etxe inguruan ditudan saltokietara joaten naiz normalean, hurbileko komertzioa eta tokiko produktuak lehenesten ditut, eta, noski, eskaintzaren bat badago, askoz hobe. Gertutasun horren barruan, hizkuntzak balio handia du".
Bai Euskarari, Ziurtagiri bat baino askoz gehiago
“Lehen Hitzak balio handia du” Bai Euskarari Elkartearen proiektua da, Gasteizko arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko Gasteizko Udalarekin batera bideratutakoa. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiria-z gain, euskal komunitate profesionala sendotu eta hizkuntza integratzeko bideraturiko espazioak, baliabideak eta tresnak sortu eta garatzeko dihardu elkarteak, elkarlanean. Besteak beste, Enpresarean, Lansarean lan-ataria eta Lanabes, Araban Euskara Lanean dira martxan jarritako egitasmoak.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin