Zerbitzu osoko komunikazio agentzia da Sorland. Abadiñon sortu zen, Zarautzen bulegoa zabaldu berri dute eta Euskal Herri osorako zerbitzua eskaintzen dute, euskaratik eta euskaraz. Bai Euskarari komunitatearen parte dira Ziurtagiria sortu zenetik eta Bai Euskarari Saria jaso dute aurten.
Bai Euskarari Saria jaso duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?
Poza eta esker ona sentitzen dugu. Bai Euskarari aitzindaria izan da bere arloan eta guri ere, neurri batean, aitzindari izatea egokitu zaigu. Zerbitzu osoko agentzien artean lehenengoetarikoak izan ginen euskaraz zerbitzu osoa ematen. Eta bidea lehenengoz urratzen duzunean aurkitzen dira oztopoak bidean. Bai Euskarari Elkarteak ibilbide hori errekonozitzeak poz handia ematen digu.
Ziurtagiria sortu zenetik bertatik zarete komunitatearen parte. Zerk bultzatu zintuzten ziurtagiria eskuratzera?
Sorland, orduan Di-Da, kooperatiba mixto moduan sortu zen bere momentuan. Bazkide sortzaileak ziren Berbaro Elkartea eta hainbat langile euskaltzale. Beraz, berez-berez joan ginen ziurtagiriaren bila, lan munduan euskara bultzatzeko ere jaio baitzen Sorland.
Horrela, enpresa munduak euskaraz lan egin dezakeela frogatzera datorren ziurtagiri bateko komunitateko kide izateak babesa ere eman zigun. Mediku "onaren“ falazia oraindik ere hor dago, arlo profesional guztietan eragiten du. Inportantea “medikua ona” izatea dela esaten digutenak gezurretan ari dira. Ez lukete mediku japoniar bat hartuko, munduko medikurik onena izan arren. Falazia horrek ezkutatzen du medikuak gaztelania jakin behar duela derrigorrez, euren ustez ona izateko. Eta zeharka iradokitzen du mediku euskalduna ez dela hain ona. Edo euskara dakielako, abantaila batzuk ematen zaizkiola. Iruzur bat da. Eta gure arloan argi erakusten dugu. Euskal Herrian profesional onak daude marketinean eta komunikazioan, euskaraz ari direnak. Guk euskaraz sortzen duten profesionalekin lan egiten dugu eta euskal jendartean eragina duten kanpainak egiten ditugu, euskaraz pentsatuta. Eta Euskal Herrian, komunikazioko profesional onak izateko, euskaraz sortzeko gaitasuna behar da. Gaztelaniaz edo frantsesez ere bai, baina hori egiten ere badakigu.
“Euskal Herrian, komunikazioko profesional onak izateko, euskaraz sortzeko gaitasuna eduki behar da”
Zer eskaintzen diezue enpresei zein erakundeei?
Marka baten eragina handitzen edo hobetzen laguntzen dugu Sorlanden. Bai marka estrategia eginez, zein erakunde nortasuna sortuz, webgune bat eginez edo-eta stand bat Alemanian muntatuta. Azken batean, markak laguntzen du ezagunago izaten, nabarmentasuna handitzen eta horrek, ondorioz, ekarriko du gehiago saltzea edo-eta prezio hobe batean saltzea.
Azkenengo urteetan, berriz, munduan aldaketa ikaragarriak ematen ari dira eta arin, gainera. Aldaketetara egokitzea beharrezkoa da. Erresilienteak izaten jakin behar dugu, bestela enpresen biziraupena bera zalantzan jar daiteke eta komunikazioak horretan asko laguntzen du. Komunikazioa elkarrizketa ariketa bat da, erabaki proaktiboak hartzen laguntzen duen elkarrizketa: entzun, hitz egin eta berriz entzun. Ur nahasietan galduta ibili beharrean, bidea bistaratzen eta ikusiak izaten laguntzen du komunikazioak.
Euskaraldia eta Durangoko Azoka bezalako marka ospetsuen atzean zuen lana dago. Zer sentitzen da zuk sortutako marka kalean ikusi eta jendeak harekin bat egiten duenean?
Harrotasuna. Poza. Euskaraldian 200.000 lagun inguruk parte hartzen du modu aktibo batean, eta Azokan 120.000 inguruk egiten du Durangorako peregrinazioa. Ikaragarria da. Eta horiekin moduan, berdin sentitzen gara Euskal Sagardoak salmentak igo dituela esaten digutenean, edo Ekolurra telebistan publizitatea egiten hasten denean, produktu ekologikoen salmentak hobetu egiten direla ikusten dugunean.
Euskaraz egiten duzue lan eta euskaraz sortzen duzue. Uste duzu geroz eta gehiago baloratzen dutela bezeroek Euskal Herrian publizitatea euskaraz egitea? Batez ere, agian, historikoki euskara asko erabili ez den esparruetan, industrian, adibidez?
Industria guztiz eleanitza da. Oso modu naturalean bizi dira industriako profesionalak hainbat hizkuntzatan. Gainera, gaur egun lan mundura sartzen diren gazteek, denek dakite euskaraz. Beraz, enpresak gai izan beharko ginateke gazte horiei mundu euskaldun eleanitz batera harrera egiteko. Ez dago zailtasunik euskaraz lan egiteko. Ez behintzat gainditu ezin den zailtasunik. Erabakia hartu eta martxan jartzea bakarrik da. Gure hornitzaile guztiek eskaini ditzakete zerbitzuak euskaraz. Ez dira denak euskaldunak, baina zerbitzua denek eman dezakete euskaraz. Batzuk aukeratu egin ditugu, baina beste batzuen kasuan lortu dugu kontratazioak egiterakoan langile euskaldunak kontratatzea. Eragin egin dugu. Eta inon ez da arazorik egon. Denek lortu dute natural-natural. Euskaraz lan egitea posible dela argi dago. Horrenbestekoa da hegoaldetik datorren bonbardeoa, azkenean barneratuta daukagula enpresako lan-hizkuntza euskara izatea zaila dela.
Eta gure sektorean, gainera, kontuan eduki behar dugu publizitatea lantzeko zenbat eta publiko segmentatuagoa landu, hobe dela. Eta hemen ere, euskaraz eta gaztelaniaz eta frantsesez lan egiteko gaitasuna edukita, emaitza askoz hobea da. Erosle potentzialari berea den hizkuntzan hitz egiten diogu eta, horrela, emaitzak askoz hobeak dira.
Zure ustez, zergatik baliatu behar dute enpresek euskara?
Enpresa asko ari dira talentua erakartzeko plangintzak egiten. Badakigu langile gazteek barneratuta dutela mugikortasuna; enpresaz aldatzeko jarrera dakarte. Beharbada, ez dutelako ikusten ziurtasun handirik bazterretan. Langileak enpresetan geratu eta formatzea nahi badugu, beraiekin batera hazi behar dira enpresak. Beraien hizkuntzan ere lan egin beharko dute; talentuari eustea erronka bat izango da.
Horrez gain, inbertsio handia egin dugu, gizarte bezala, gure gazteak euskalduntzeko eta, gero, enpresetan erdaraz lan egiten jarriko ditugu? Enpresak, administrazioa eta bestelako erakundeak gizarte-erronka inportanteetan norabide beretsuan joan beharko gara, ezta?
Adimen artifizialaren boom-ak eta batez ere ChatGPT eta Midjourney bezalako tresnekin batzuk zalantzan jartzen dute gaur egungo agentzien lana. Nola eskaini balio erantsia?
Guk egiten dugun lana ez da zalantzan jarriko. Adimen artifizialak erantzun estandarrak emango ditu, edozeinen eskura jarriko du oinarrizko proposamen bat egitea. Baina oinarrizko horretatik bereiztu nahi duenak, erantzun estandarra baino gehiago nahi duenak, gizakiaren sormena baliatu beharko du, gerora ere.
Adimen artifizialak ez du asmatuko bezeroak zer behar duen. Lagunduko digu prozesuetan, esango digu zeintzuk diren joerak, erosketa egiteko jarrerak, iritzi eta aurreritziak eta, ezagutza horrekin, bezeroaren beharrizanak ondo ulertuta, ekintzak eta zereginak proposatuko ditugu. Prozesu horiek arindu egingo ditu, baita merketu ere, baina zer egin behar den ez du erabakiko.
Denok geratzen gara ahozabalik aldaketa berriekin, ezta? Metabertsoa, ChatGPT eta antzekoek bat-bateko arrakasta lortzen dute, baina bizitzako gauzarik garrantzitsuenek berdin jarraitzen dute.
Nola eskaini balio erantsia? Tresna eta baliabide horiek ezagututa eta prozesuak erraztuta, baina bezeroaren ondoan bidean laguntzen geu egonda.
“Metabertsoa, ChatGPT eta antzekoek bat-bateko arrakasta lortzen dute, baina bizitzako gauzarik garrantzitsuenek berdin jarraitzen dute.”
Urte asko daramatzazue komunikazio arloan lanean. Nola aldatu da urte hauetan guztietan zuen lana? Zer nabarmenduko zenuke?
Dena doa oso arin eta ez dago ia astirik egokitzen joateko. Eta gainera tartean krisiak, gerrak eta pandemiak kudeatzeko gai izan behar gara. Pentsa pandemiarekin bakarrik zer nolako iraultza digitala eman den agentzietan! Uste dut gure indargune handiena horixe dela: egoera berrietara egokitzeko gaitasuna eta gizartearen oraingo eta etorkizuneko erronkak aurreikustea eta horiei erantzuten jakitea. Aurreiritziak albo batera utzi eta dagoen egoera dagoelarik ere, zerbitzua pentsamendu kreatibo eta positibo batekin ematea. Hortxe asmatu du Sorlandek urtetan.
Horrez gain, esango nuke gaur egungo gazteak oso prestatuak eta espezializatuak datozela lan mundura. Hezkuntza arloan dagoen gauza asko ikasi behar horrek, hiperaktibismo horrek, oso gertura begiratzen jarri ditu gazteak. Lagundu egin behar diegu espezializazio horretatik burua jaso eta inguruan gertatzen dena ondo ulertzen.
Zeintzuk dira sektorearen etorkizuneko erronkak? Nola irudikatzen duzu epe ertainean sektorea?
Sektoreak zailtasunak izango ditu jendearen iritziak interpretatzeko: gizartean krispazio handia dago, aldaketa klimatikoak urduritasuna sortzen du, kapitalismoak gogor eusten dio, ezberdintasun sozialak handitzen doaz eta ezin du gauza onik ekarri. Baina justu horrelako egoeretan behar da jende kreatiboa, positiboa, arazoei konponbideekin erantzuten diona eta hortxe dago gure sektorea. Aukera handia daukagu erakunde askori laguntzeko inpaktua handitzen, salmentak bultzatzen, mezuak zabaltzen, emaitzak hobetzen eta krisian ez erotzen.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin