Lanerako gogo handiarekin izan ziren Bai Euskarari Elkarteko kideak joan den larunbatean Ablitasen, Errigoraren kaxak prestatzeko auzolanean. Aurten bero handirik ez eta berokiak jantzita hasi zuten goiza, baina bazkalordurako eguzki epelaren pean paella gozoa bazkaltzeko aukera izan zen.
Txandaka esperientzien gunera hurbiltzeko eskatu zieten, indarrak berreskuratu eta Ager zonaldearen egoera ezagutzeko: ikastola kopurua, AEK-k dituen bulegoak… Errigorako komunitatea osatzen duten eragile ezberdinen arteko topaketa ere izan zen eta giro ederrean Nafarroako hegoaldean euskarari bultzada emateko elkartearen aletxoa jarri nahi izan zuten. Amaia Atxukarro eta Uxue Andoño Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak izan ziren bertan auzolanean.
Produktu desberdinetako hainbat ekoizle daude gaur egun Errigoran eta 11 urte hauetan lan handia egin dute Nafarroa Hegoaldean euskarari bultzada emateko. Egindako lanetako bat izan da ekoizle etxe guztietan euskara planak abian jartzea. Horrela, lan munduan euskarari lekua eginez.
Bai Euskarari komunitateko kide da Errigora eta Bai Euskarari Saria jaso zuten pasa den urtean, beraien lana eredugarri baita lan munduan euskara txertatzen ari diren gainerako eragileentzat ere.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin