Se abre en una pestaña nueva

Giro bikaina Baionako Afterwork-ean: euskal profesionalen sarea ehuntzen jarraitzen dugu

Pasa den ostegunean, lanaldia amaitu ostean euskarazko harremanak estutzeko hitzordu berezia izan genuen Baionan. Bai Euskarari Elkartetik afterwork bat antolatu genuen, Euskal Monetarekin eta Baionako Herriko Etxearekin lankidetzan, Mintzalasai festibalaren egitarauaren barruan.

Topaketa Baionako Atalante ostatuan egin genuen, 18:30etik 20:30era bitartean, eta arratsaldeak ez zuen hutsik egin. Giro ezin hobea izan zen nagusi; bertan, aurpegi eta ezagutza berriak egiteko aukera izateaz gain, dagoeneko Bai Euskarari sarea osatzen duten hainbat eragile ezagunekin elkartzeko plazera ere izan genuen.

Ekimen honen bidez, hainbat helburu garrantzitsu uztartu nahi izan ditugu:

  • Euskarazko espazio berriak eskaintzea: lan ingurunetik kanpo, baina era berean eremu profesionalari lotuta, euskaraz lasai aritzeko arnasgune bat sortzea.
  • Saretzea: euskal profesionalen sarea garatzea eta elikatzea, sinergia berriei bide emanez.
  • Ohituretan eragitea: lan munduan zein harreman sozioekonomikoetan euskaraz aritzeko ohiturak sustatzea eta normalizatzea.

Izandako harrera onak erakusten digu bide onetik goazela eta espazio hauen beharra badagoela. Horregatik, argi dugu euskaraz lan egin eta bizitzeko komunitatea hedatzen jarraitu behar dugula. Datorren urteari begira, ilusioz beteta gaude, izandako arrakasta ikusita Lanetik Lekora proiektuari jarraipen sendoa eman nahi diogulako.

Eskerrik asko hurbildu zineten guztioi eta hurrengora arte!