Alor sozioekonomikoko eragileei zuzendutako galdera honekin eman genion hasiera 2019 urteari: prest al zaude pauso berriak emateko?
Bai Euskarari Elkarteak 2020-2022 Plan Estrategiko berria landu du, irekia, egokitzen eta eraikitzen joango dena. Egindako lanketak, beraz, aurrera begira lagungarria izango den ekarpena eman du bi planotan: elkartearen eginkizun eta plangintza estrategikoari begira kontuan hartzeko elementuak zehaztu dira; eta horren guztiaren motorra eta muina den lantaldearen eboluziorako jarraibideak ere azaleratu dira.
Oinarri sendoa dugu. Gure ekarpena eta lorpenak lagungarriak izaten ari dira alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eta ekosistema horretan are sendoago egoteko lanean segitu beharko dugu, gure bereizgarritasunak agerian utziz eta horiei etekina ateraz. Bai Euskarari, ziurtagiri bat da. Baina hori baino askoz gehiago ere bada. Izan ere, gure izaera baliatuz, eremu berrietara iristeko erronka dugu eta, ziurtagiriarekin batera, gero eta eragin eta arrakasta handiagoa lortzen ari diren proiektuak, tresnak eta baliabideak lantzen, sortzen eta kudeatzen segitu nahi dugu euskaraz lan egiteko apustua egin duten alor sozioekonomikoaren eragileen eskura jartzeko.
Plan estrategikoan bere tokia eman zaio oraingo eta etorkizuneko Bai Euskarari Elkarteari. Esan bezala, elementu bereizgarriena Bai Euskarari ziurtagiria da, eta Elkartearen zentroan egongo da aurrera begira ere. Noski! Horrekin batera, orain arte elkarteak erakutsi du proiektu berriak sortzeko, esperimentatzeko eta garatzeko gaitasuna duela (Enpresarean, Lansarean lan-ataria, Euskaragileak, Lanabes, etab.), bai eta eragile sozioekonomiko desberdinen arteko loturak lantzekoa ere. Aurrera begira, aukera bat identifikatu da hor. Horretarako lokarri, erraztatzaile edo konektatzaile rola lantzeko eta garatzeko proposamena egin da. Orain arte landu izan da, esate baterako, ziurtagiridunen beharrei erantzuna eta irtenbidea eman zaienean (hornitzaileekiko lanketak, Enpresarean proiektuaren sorrera, etab.) edo komunitateko kideen arteko harremanak eta konexioak bideratu direnean. Hemendik aurrera berariaz landu eta esperimentatu nahi da, konexio posibleak identifikatzeko eta horietan eragiteko.
Horrekin batera, behaketa lanari ere bere lekua egingo zaio. Datozen beharrak, joerak eta aukerak ahalik eta arinen identifikatu beharko ditugu, egoki erantzun ahal izateko. Batzuetan hortik proiektu berriak atera litezke eta baloratuko da elkarteak berak kudeatu behar dituen edo beste batzuen esku utzi behar diren. Esperimentatzea da kontua, berritzea, beldurrik gabe. Berrikuntzak arlo sozioekonomikoan euskarazko espazioak argitzen, garatzen eta hedatzen jarraitzeko aukera ematen du. Euskara eta berrikuntzaren arteko konexioa ezinbestekoa da, oinarria sendotzeko eta alor sozioekonomikoaren aukera, behar eta erronkei erantzun ausartak eta eraginkorrak eskaintzeko.
Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin