Aenkomer Sarietan lau sari banatu ziren: Merkataritza tradizionalari, Berrikuntzari, Ibilbide profesionalari eta Euskararen sustapenari. Azken sari hori, Euskararen sustapenarena, Martinez Rementeria farmaziak (Gasteiz) jaso zuen. Angel Martínez Rementeriak ekitaldian nabarmendu zuenez, beraien helburua da bezeroei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzea, bai osasun aldetik eta baita harreman pertsonalen aldetik ere. Horregatik, uste du, euskararen erabilera "oso garrantzitsua" dela: "Bezero euskaldunek hurbiltasuna eta konfiantza nabaritzen dute euskaraz artatzen ditugunean", gehitu zuen.
Hemen duzue sari banaketa ekitaldian eman zuten bideoa:
Aenkomer Sariez gain, Arabako Udazkeneko Erakusleihoen Lehiaketako sariak ere eman ziren. Erakusleihoan euskara hoberen txertatu zuen saria Bai Euskarari Elkarteak ematen du eta Artis Kreativa (Gasteiz) izan zen saritua. Bai Euskarari Elkarteko Bergoi Madernazen eskutik jaso zuten saria.
Maite Agirresarobe da Artis Kreativako arduradunetako bat eta nabarmendu zuenez "ilusio handia" egin zien euskararen aldeko saria jasotzeak. Eskulan denda eta tailerra dute eta ikastaroak ematen dituzte euskaraz zein gaztelaniaz: "Erakusleihoan euskaraz egiten saiatzen gara ahal den gauza gehienak", gehitu zuen.
Agirresaroberen ustez "balio erantsia" ematen euskara erabiltzeak: "Jendeak ez du espero. Lehenengo hitza euskaraz egiten dugu eta orduan hasten dira euskaraz egiten".
Pandemiak, beste merkatari guztiei bezala, eragin die Artis Kreativakoei ere: "Egoera zaila da. Batzuk online funtzionatu dute, guk ez dugu horrelako ezer. Itxialdiaren ostean ireki genuenean jendeak eskulanetarako gogoa izan zuela ikusi genuen. Orain jendea gehiago animatu da".
Gasteizko Udalak Bai Euskarari Elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatzea onartu zuen martxoan Bai Euskarari ekimena Gasteizen garatzeko; Gasteizko Euskararen Mapa osatzea da proiektu honen muina. Hitzarmen horri esker, lehenengo urtean doan lagunduko dizugu zure enpresa edo saltokian euskararen aldeko pausoak ematen eta, bigarren urtetik aurrera, dirulaguntzak eskuratzeko aukera izango duzu.
Zure komertzio edo entitatearen hizkuntza-egoera ezagutu dezakezu Baieuskarari.eus-eko auto-diagnostikoa eginda. Hizkuntza-egoera zein den jakin eta hobetzeko pausoak emateko Bai Euskarari Elkarteko teknikari bat jarriko da zurekin harremanetan.
Euskarak egiten gaitu bertako, gertuko, konfiantzazko, erakargarri, kalitatezko, profesional, lehiakor, motibatu, komunitate... Segi dezagun #GeroaElkarrekinEraikiz , euskaratik eta euskaraz.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin