Asko izan dira 2021ean Bai Euskarari Elkartean esku artean izan ditugun proiektuak eta urtearen errepaso moduko bat egin nahi izan dugu urteko 12 albiste edo gertaera aintzat hartuta. Ea aukeraketa zuen gustukoa den.
Mila esker urte osoan modu batera edo bestera gurekin elkarlanean aritu zareten entitate, erakunde, elkarte eta norbanako guztioi!
Euskararen aldeko konpromisoa hartu eta euskaraz erosi edo euskaraz lan egin nahi duten pertsonei aukera errazten dieten enpresa, saltoki eta era guztietako entitateak biltzen ditu Bai Euskarari komunitateak. 2021ean 38 entitate berri gehitu zaizkigu komunitate horretara:
ADARABAR / Ai Laket! / Altxe Gestion / Altzo Harategia / Ambulancias Gipuzkoa / Amintel / Antzerkhizkuntza / ARGIBIDE / Arregi Etxabe Juan Jose / AZ Participacion / Burutxaga Harakintzak / Cebanc / deviCE Sistemas / Donostiako Goi Ingeniaritza Eskola (Tecnun) / Eguia Foods / Elkarkidetza Pentsioak / Errigora / Etxe-lan / Euskal Hedabideak / Hiruki Larroxa / HUPI SAS / Irati Algorta / Izarkom / Kepa Urrutia Kareaga / Koboloi / Larrain Elkartea / Les Alizés Agentzia - Century 21 / Maïa Permaculture / Mediabask / Moondura Kit Van Camper / Oionenea / Pablo Orbea Arkitektura / Selene frutadenda / Sr.&Sra. / TxukuntZen Antolatzaile Profesionala / Urtxintxa Gipuzkoa / Xalto ta Brinko Animazio Elkartea / Zapore izozki denda
Zorionak eta ongi etorri guztioi!
Elkartearen irudia garai berrietara egokitu eta elkarteak dituen proiektu ezberdinak bateratu ditugu irudi berriarekin. Bai Euskarari Elkartea izena marka-irudian bertan ageri da orain eta elkartearenak diren proiektu ezberdinetako markak ere horren arabera egokitu dira: Ziurtagiria, Enpresarean, Lansarean eta Euskaragileak.
Aurtengo sarietan #SareaIndartzen izan dugu lelo nagusi, eta bertan kokatzen ditugu aurten saritu ditugunak. Euren praktika egokiak eta eredugarritasuna saritu nahi izan ditugu, haien eredua erakusteko, beraien jardunean osagai ezinbestekoa baita euskara. Hiru saridunen bidelagun izateko plazerra du Bai Euskarari Elkarteak.
Apirilean Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko 11 arrazoi bildu genituen ziurtagiria duten 11 entitateren eskutik. Azaroan zehar, beste 11 entitateren arrazoiak zabaldu genituen. Izan ere, hamaika arrazoi daude Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko: motibazioa, lehiakortasuna, berrikuntza, hurbiltasuna, errekonozimendua… Eta guk esatea baino, nahiago izan dugu Bai Euskarari Komunitateko entitateek dituzten arrazoiak entzutea.
Bai Euskarari Elkarteak 'Elkarrengandik Ikasiz' solasaldiak egin ditu, Kutxa Fundazioak babestuta. Irailean eta urrian, enpresekin lotutako hiru gairen inguruko hiru solasaldi zabaldu genituen 'Elkarrengandik Ikasiz' atalean. Hiru lagun elkartu eta solasean jarri ditugu, kamera aurrean, bakoitzaren ikuspuntua azaldu, eztabaidatu eta elkarrengandik ikasteko asmoz.
Arabako 13 enpresek parte hartu dute Arabako Enpresen Foroaren barruan aurten egin diren hiru saioetan eta bakoitzak bere erronkak identifikatu ditu: hizkuntza gaitasuna handitzea; barne komunikazioan eta lan tresnetan euskara txertatzea; erakundearen irudia euskalduntzea; eta kanpo komunikazioan euskara erabiltzea izan dira aukeratutako erronkak.
Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen Lansarean.eus lan-ataria berritu dugu eta lan bila ari direnentzat erabilgarria diren berrikuntzak txertatu ditugu, tartean, CV eredu ezberdinak hutsetik sortzeko eta deskargatzeko aukera izango dute erabiltzaileek. Hobekuntza hauen bitartez, lana bilatzeko prozesua erraztu nahi izan dugu.
Gazteen lan aukeren inguruko Enpresaren Foroa izan genuen urrian IMHn, Elgoibarren. Osasun zein ekonomia krisiek gazteengan eta hauen enpleagarritasunean nola eragiten duten aztertu genuen solasaldian.
Euskal Herrian batetik bestera ibiltzea baldin bada zure asmoa, baliabide ugari aurkituko dituzu Bai Euskarari komunitatean. Turismo zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzten entitateak ditugu komunitatean, oporraldia bertan eta euskaraz gozatzeko.
Gasteizko Udalak Bai Euskarari Elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatzea onartu zuen Bai Euskarari ekimena Gasteizen garatzeko. Hitzarmen horri esker, lehenengo urtean doan lagundu diegu enpresa edo saltokian euskararen aldeko pausoak ematen eta, 10 eta 49 langile arteko enpresa izanez gero, bi urteko doako zerbitzua eskaini dugu.
Bai Euskarari Elkarteak Euspot lehiaketaren laguntzaile bezala parte hartu du. Gure helburua arlo sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragitea izanik, estrategikotzat jotzen dugu ikus-entzunezkoen industrian eta gazteen artean ere eragitea.
Ospatzeko eguna izan ohi da abenduaren 3a, baina baita aldarrikatzekoa ere, euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugula esatekoa. Horregatik, egunerokoan espazioak euskaraz betetzeko lanean ari zaretenontzako kartela egin dugu, gurean egunero dela Euskararen Eguna nabarmentzeko. Deskargatu eta erabil ezazue nahieran.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin