Aurtengo saria Bai Euskarari komunitatearentzat

sariak-urtezurte.png

Gaur, ekainak 19, banatzekoak ginen aurtengo Bai Euskarari Sariak. Covid-19ak hankaz gora jarri dizkigu zenbait aurreikuspen eta ez dugu ekitaldirik egingo, baina nahi genuke gure komunitatea saritu eta aitortu. Izan ere, aurten ez ditugu hiru sari bakarrik eman nahi. Gure komunitatean jarraitzea, egoera latzenetan ere euskararen aldeko apustua egitea sarituko dugu aurten; 1.344 saridun izango ditugu.

Bai Euskarari komunitatea osatzen duzuen guztiok ari zarete, bakoitza bere arloan, euskarak geroz eta espazio gehiago izan ditzan eragiten. Bai Euskarari Sarien bidez arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi izaten ditugu. 1.344 entitateok zarete eredu eta ZORIONAK eta ESKERRIK ASKO esan nahi dizuegu horregatik.

Geroa elkarrekin eraikiz

 

Une zailak bizitzen ari zarete Bai Euskarari komunitatea osatzen duzuen entitate asko eta asko, baita Bai Euskarari Elkartea bera ere. Azken hilabete hauetan lanean aritu gara gure komunitateari eskaintzen dizkiogun tresnak eta baliabideak hobetzeko eta berriak sortzeko. Era berean, datozen hilabeteotan komunitateko entitateei eskaintzeko neurri-zerrenda bat osatzen ari gara. Elkar zaintzea eta elkar babestea baita kontua. Une honetan komunitatearen elkartasunaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, ahal dugun neurrian elkar babestuz eta lagunduz. 


Aurrera egiteko eta babesteko beharrezkoa dugu elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea. Jarrai dezagun geroa elkarrekin eraikitzen, euskaratik eta euskaraz.

 

Saridunak urtez urte

Ekitaldiaren eguna izanik, urtez urte Bai Euskarari Saria jaso dutenak ere gogoratu nahi genituzke gaur:

2009 JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe.

2011 Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia) eta Xabier Mendiguren Bereziartu.

2011 Donibane Lohitzunen egindako ekitaldian jaso zuen Sokoak Bai Euskarari Saria

2012 Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic).

 

2013 VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Anaje Narbaiza (Elay).

 

2014 Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz.

 

2015 Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano.

 

2016 Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi), Laneki eta Mikel Lezamiz (Mondragon).

 

2017 Miren Fuldain Farmazia (Getaria), Zergatik (Urnieta), Joxemari Sors eta Jon Jaka (Elkar Fundazioa).

 

2018 Talleres Mitxelena, Fideslan, Jon Garaño eta Aitor Arregi.

 

2019 Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugika

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin