Bai Euskarari Sariak 2020, bertan behera

sariak-.jpg

Gure komunitateko entitate asko eta asko bezala, une zailak bizitzen ari da Bai Euskarari Elkartea; gure lan jarduera murriztu behar izan dugu, lantaldea ABLEE-ERTEan dago eta egoera ekonomikoan ere eragiten ari da egoera berri hau. Ez dugu uste Bai Euskarari Sariak banatzeko une egokiena denik eta, erabakia mingarria egin zaigun arren, ekainaren 19rako aurreikusita zegoen Bai Euskarari Sarien ekitaldia ez dugu egingo. Ekitaldi horretan, gainera, ziurtagiriaren proiektuaren 20. urteurrena ospatu behar genuen. Dena dela, dena ondo bidean, 2021ean egingo dugu Bai Euskarari Sariak ekitaldia.

Ez dugu Bai Euskarari Sarien ekitaldirik egingo, ez baititugu hiru sari bakarrik eman nahi. Gure komunitatean jarraitzea, egoera latzenetan ere euskararen aldeko apustua egitea sarituko dugu aurten. Hala, 1.344 saridun izango ditugu. Beraz, gure komunitateko entitate guztiei ZORIONAK eta ESKERRAK ematea besterik ez da gelditzen.

Orain arte bezala, alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eta gure komunitatearen beharrak asetzeko helburuarekin lanean jarraituko dugu. Joan den astean komunitateari zabaldu genion mezuan genion bezala, elkar zaindu eta babesteko unea da: jabetu gara aurrera egiteko eta babesteko zein beharrezkoa dugun elkarrekin egotea, elkarrekin lan egitea, elkar zaintzea eta elkarrekin saretzea.

Sariak, 2009tik

Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua eta Bai Euskarari Sarien bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi ditugu.

Azkenengo Bai Euskarari Sarien ekitaldia 2019ko urriaren 24an egin zen Donostiako Miramar Jauregian. Bordatxo jatetxea, ABB Niessen eta Mertxe Mugika  izan ziren saridunak.

Hemen ikus dezakezue Bai Euskarari Sarien laburpen bideoa:

 Hauek izan dira saridunak urtez urte:

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin